NAIZ

Heziketa Bereziko langileak arriskuan egon direla ebatzi du EAEko Auzitegi Nagusiak

Hezkuntza Sailak Heziketa Bereziko langileak «arriskuan» jarri dituela ebatzi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, ikasturtearen hasieran behar ziren babes pertsonaleko ekipoak (NBE) eman ez zizkielako, ELAk berri eman duenaren arabera.

Kurtso hasiera Bilboko Maestro Garcia Rivero ikastetxean. (Raul BOGAJO/FOKU).
Kurtso hasiera Bilboko Maestro Garcia Rivero ikastetxean. (Raul BOGAJO/FOKU).

ELAk ohar baten bidez jakinarazi duenez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du Hezkuntza Sailak Heziketa Bereziko langileak «arriskuan» jarri zituela, ez baitzien koronabirusaren aurrean behar zituzten babes pertsonaleko ekipamendurik (NBE) eman ikasturtearen hasieran.

Ikasleekin aurrez aurreko eskolak hasi eta lehenengo egunetan, irailaren 8an, ELA sindikatuak Hezkuntza Saileko Prebenzio Zerbitzuaren aurrean Heziketa Bereziko langileak NBErik gabe ari zirela lanean salatu zuen. EAE mailan, 1.050 langile dira sektore honetan eta NBE bereziak behar dituzte bere osasuna babesteko, betetzen dituzten funtzioengatik.

Irailaren amaieran, sindikatua erantzunik jaso gabe zegoela, ELAk EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean demanda bat aurkeztu zuen, langileen osasuna, bizitza eta osotasunerako eskubidea babesteko kautela neurria aurkeztuz. Kautela neurri hauen harira, epaitegiak NBEak berehala langileen eskura jartzeko agindu zuen.

Epaian, sindikatuaren oharraren arabera, langile kolektibo horrek ikasleekin harreman estua duela aitortzen da, eta Hezkuntza Sailak ez duela hornikuntzarik ikasturte hasieran, eta langile edo ikastetxe bakoitzak bere gain hartzen duela babes horiek erostea. Gainera, ikasturte hasieran Hezkuntza Sailaren «hornikuntza falta» nabarmendu du, eta langile edo ikastetxe bakoitzak bere gain hartu behar izan zuela babes horien erosketa.

Gainera, Auzitegi Nagusiaren arabera, hurrengo asteetan Hezkuntza Sailak NBE batzuk banatu bazituen ere, «ez ziren nahikoak izan».

Auzitegiaren epaiak adierazi duenez, Lakuako Gobernuak prebentzio plangintza zuen, baina ez du egin, eta, beraz, ELAren arabera, «arriskuan jarri du langile horien osotasun fisikoa, langileen bizitzeko oinarrizko eskubidea urratuz».