NAIZ

Txillardegi omendu eta liburutegiari bere izena jartzeko aldarrikatu dute Donostian

Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi omentzeko ekitaldia egin dute gaur Donostian idazle eta linguistaren heriotzaren IX. urteurrenean, eta hiriko liburutegiari bere izena jarri diote berriz, 17 idazlek eta ehunka euskaltzalek egindako aldarrikapenarekin bat eginez.

Egunotan bederatzi urte bete dira Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi idazle eta linguista hil zenetik eta bere omenezko ekimenen artean ekitaldi bat egin dute gaur eguerdian Donostiako Antigua auzoan, Unai eta Beñat Gaztelumendi bertsolarien, Janitz Enparantza txistulariaren eta Sua Enparantza eta Natale Bueno dantzarien parte hartzearekin.

Ekitaldian Txillardegi izena jarri diote berriz Donostiako Udal Liburutegiari, hiriko 17 idazlek eta ehunka euskaltzalek azken urteetan egin duten aldarrikapena jarraituz. Izan ere, eraikinaren sarreran atzo linguistaren izenarekin jarritako afixa Udalak berriz kendu egin duela salatu dute. Joseba Alvarez semeak Twitterren azaldu duenez, liburutegiak hamabi orduz eraman du bere izena.

Idazleek eta euskaltzaleek 2013. urtetik bultzatutako eskaerak hizkuntzari eta hiriari hainbeste eman dion linguistaren izena nabarmentzeko beharra azaltzen du. Donostiako EAJ eta PSEren udal gobernuek, aldiz, bizkarra eman diote eskaera horri.

Aldarrikapena Donostia Kulturara heldu zen Juan Carlos Izagirre buru zuen Alkatetzarekin baina proposamena atzera bota zen EAJ, PSE eta PPren bozkekin.

Eskaeraren sinatzaileen artean Joxe Austin Arrieta, Beñat Sarasola, Harkaitz Cano, Joan Mari Irigoien edota Arantxa Urretabizkaia daude, besteak beste. Azken urteetan herri ekimenak behin eta berriro Donostiako Udal Liburutegi Nagusia Txillardegi liburutegia izendatzeko eskaera berretsi du linguista donostiarrak euskalgintzaren eremuan egindako lana aitortuz.