Xole Aramendi

Bizi ditugun garai hauskorrei hamabi kantu idatzi dizkie Olatz Salvadorrek ‘Aho uhal’ diskoan

‘Aho uhal’ izenburupean ikusi du argia Olatz Salvadorren bigarren lanak. Paradoxa. Nork bere bizitza kontrolpean izatea eta alderantziz, muturrekoa, ahoa itxita edukitzera behartzen zaituena.

Olatz Salvadorrek Donostian aurkeztu du lan berria. (Jon URBE | FOKU)
Olatz Salvadorrek Donostian aurkeztu du lan berria. (Jon URBE | FOKU)

Hiru urte behar izan ditu donostiar musikariak ‘Zintzilik’ (Airaka, 2018) disko arrakastatsuaren ondotik lan berria besapean hartuta berriz errepidera ateratzeko. Aho uhalaren irudiaren inguruan osatu du. «Paradoxa erakusten du, gazteleraz gidaritza iradokitzen du hitzak eta aldiz, euskara, justu kontrakoa, mozala», azaldu du.

Duela bi urte ekin zion sortze lanari. Oparoa da emaitza, denera hamabi abesti bildu baititu (‘Gaua’ sarrera kantua eta Ivan Ferreirorekin abestutako ‘Promesas que no valen nada’ bonus track-a barne). Une lasaiak, intimoak, gaueko iluntasunari eta ordu txikiei lotutakoak, momentu indartsuekin, gitarrei protagonismoa uzten dietenak, uztartuz.

«Hauskortasuna oso presente eduki dut abestiak sortzerakoan, sentimendu horrekin adiskidetzeko diskoa da», adierazi du donostiar musikariak astearte honetan hedabideen aurrean egin duen aurkezpenean. Norbaitek pentsa lezakeen arren, ez da zuzenean pandemiari idatzitako lana. Izurriaren aurretik zetorren. Konfinamenduaren aurretik idatzitakoak dira abestietako batzuk –garai zail hauei aurreratuz–, pandemia betean besteak.

«Ez da urte erraza izan eta une ona da nire barne-iluntasunarekin adiskidetzeko. Eta abestiek ematen didate horretarako bidea», gaineratu du.

Aretxabaleta (urtarrilak 21), Gasteiz (urtarrilak 28),  Ondarroa (urtarrilak 31), Bergara (otsailak 4), Donostia (otsailak 7), Zarautz (otsailak 11), Barakaldo (otsailak 18), Amurrio (otsailak 25), Elorrio (otsailak 27) eta Irun (otsailak 28) dira biraren lehenengo geldialdiak. Zaleak zain ditu eta hainbat kontzertutan ‘sold out’ kartela eskegita du dagoeneko Salvadorrek.

Nabarmentzekoa da lan berrian izan dituen kolaborazioak. Ivan Ferreiro, Ane Labaka, Alaia Martin, la Mare, Natali… eta Rozalen. Albaceteko egile-abeslariak euskaraz abestu duen kantuak, ‘Ahots hari’ izenekoak, irekitzen du diskoa. «Eskertzekoa da euskara aintzat hartu izana, askotan Euskal Herritik kanpo desagertu egiten dena», esan du.

Pozik agertu da inguruan izan dituenek diskoari egin dioten ekarpenarekin. «Abestien alde egin dugu lan, horregatik suertatu da hain emankorra», nabarmendu du.

Ander Zulaika (bateria), Jagoba Salvador (baxua), Pablo Novoa (gitarra, programazioak, sintetizadoreak) eta Mattin Saldias (gitarra) izango ditu lagun zuzenekoetan. Pablo Novoaren ekoizpenarekin Haritz Harreguyeren estudioan grabatua. Pandemia garaiek baldintzatutako prozesua izan den arren, gustura ageri da disko berriarekin.

Airaka zigiluarekin eman du argitara ‘Aho uhal’. Biak elkarren eskutik sortu ziren eta halaxe jarraitzen dute. Iñaki Larrañaga argitaratzailearen esanetan donostiar kantariaren «loraldia» da diskoa. «Eklektikoa da lana, bere ibilbidean egonkortu egin den bakarlaria erakusten dena», esan du.