NAIZ

Martijak eskuin eskua minduta duela-eta, Bikuñak ordezkatuko du ostiralean

Aspek jakitera eman duenez, Julen Martija atzelariak minduta du eskuin eskua eta beraz, ostiraleko jardunaldian, Bikuña izango da Jakaren bikotea. Zumaian jokatuko dute Urrutikoetxea eta Imazen aurka.

Martija, Eibarko Astelena pilotalekuan jokaturiko neurketan. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
Martija, Eibarko Astelena pilotalekuan jokaturiko neurketan. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Julen Martijak eskuin eskuan mina duela-eta, Iñigo Bikuña donostiarrak ordezkatuko du atzelari nafarra ostiraleko norgehiagokan, zeinean Jakarekin bikotea osatuz, Urrutikoetxea eta Imazen aurka neurtuko dituen indarrak. Momentuz, Aspek ez du jakinarazi zenbateiranoko lesioa den Martijarena.

Pasa den jardunaldian tanto bakarrarengatik lehen puntua eskuratu zuen Jaka-Martija bikoteak, Ezkurdia eta Ladis Galarza gainditu ostean.

Datorren jardunaldian, puntu bakarrarekin dauden Urrutikoetxea eta Imaz izango du aurrean Buruz buruko txapeldun Erik Jakak, Bikuña atzean duela.

Atzelari donostiarrak 22 urte beteko ditu martxoan eta duela urte eta erdi egin zuen debuta profesionaletan, Atano III pilotalekuan jokaturiko neurketa batean.

Aurreko Binakako txapelketako edizioan, lehen aldiz parte hartzear egon zen Bikuña, orduan ere Martija ordezkatuz, hau koronabirusagatik konfinatua baitzegoen. Greba auziaren erdi-erdian, atzeratu egin zen jokatu beharreko finalerdia eta azkenean ez zuen jokatu Bikuñak.

Esan bezala, Aspek oraindik ez du iragarri zenbat denborarako egongo den pilotalekutik at Julen Martija.

Aurtengo Binakako txapelketako bigarren ordezkapena da honakoa. Duela aste bete, Oinatz Bengoetxea Iñaki Artola ordezkatu zuen, zuntz haustura batengatik.