Elkarrizketa
Esti Aizpurua
Eibarko jokalaria

«Talde guztietan izan dut ikasteko eta disfrutatzeko aukera»

Diskrezioa nahiago du Esti Aizpuruak aldagelako dutxatik pasa eta gero, harrotzeko arrazoiak izan badituen arren: hamaikagarren denboraldia betetzen ari da Lehen Mailan eta lau euskal talde desberdinen kamiseta defendatuz egin duen jokalari bakarra da.

Esti Aizpurua.
Esti Aizpurua.

Lehen Mailako lehen itzulia Eibarrek eta Realak jokatuko duten derbiarekin amaituko da. Lagun asko bilduko dira Unben: taldekide ohiak, selekzioko lagunak, herrikideak... eta baita derbi gehien jokatutako jokalarien artean dagoen Esti Aizpurua ere, abenduan orkatilan sufritu zuen lesioaren ondorioz larunbateko lehia harmailatik jarraitu beharko badu ere.

Realean zazpi urte, Oiartzunen bi, Athleticen hilabete batzuk, berriro Oiartzunera eta orain Eibarren. Eta denekin Lehen Mailan jokatu duzu. Markako ibilbidea.

Bai, horrela begiratuta xelebrea dirudi. Baina horrela etorri dira gauzak eta oso pozik nago. Atzera begiratu eta egindakoarekin pozik naiz. Une gogorrak egon badira ere, talde guztietan disfrutatzeko eta ikasteko aukera izan dut eta denek utzi dizkidate bizipen onak.

Ikuspuntu zabala futbolak azken hamarkada luzean izan duen garapena aztertzeko. Mota guztietako taldeetan nabaritu da?

Bai, oso talde desberdinetan jokatu dut, baliabide handi, txiki eta ertainekoak. Ezin dira konparatu Realak eta Athleticek dituzten baliabideak eta azpiegiturak eta Oiartzun bezelako herri bateko klub batek izan ditzakena, egiten dituen lana eta ahaleginak zoragarriak diren arren. Eta ikusi besterik ez dago zenbat talde dituen. Eibar ere ez da hiriburu bateko taldea baina nabaritzen da klub profesional eta goi mailako baten babesa duela. Baina futbolak eman dituen urratsak denetan nabaritu direla uste dut. Azken finean, eta azkarrago joatea gustatuko balitzaiguke ere, azken urteotan aurrera egin dugu: baliabide hobeak, prestakuntza, soldatak, arreta mediatiakoa…, eta iaz sinatu zen hitzarmen kolektiboa, dudarik ez.

Aurrerapauso horiek talde desberdinetan bizi izan dituzu. Zure esperientziak ere, askotarikoak izan dira.

Bai, baina baita gure bizitzan etapa desberdinak pasatzen ditugulako ere, ez bakarrik talde desberdinak direlako. Reala nire herriko taldea da, Lehen Mailan jokatzeko aukera eman zidan... Txikitako ametsa bete nuen eta zazpi urte eman nituen han, Lehen mailan, kapitain besokoa ere jantzita… Oiartzunera joatean beste etapa bat hasi nuen, lanean ere hasi nintzelako; gogorragoa izan zen alde horretatik, baldintzak desberdinak ziren... Baina oso esperientzia polita eta onuragarria izan zen. Gainera, Lehen Mailara igotzearen poztasuna izan genuen eta talde apalekin lortzen diren sariek xarma berezia dute. Athleticeko etapa ez zen erraza izan, pertsonalki ere une txarra pasa nuelako. Baina ez dut kexarik tratuarekin, esperientziarekin, emandako aukerarekin... Jokatu ez arren, Championsa zer den ikusteko aukera ere eman zidan. Gaizki pasatu nuen baina, gerora aztertuta, positiboki baloratzen dut.

Handik Oiartzunera bueltan eta, denboraldi amaieran, erretiroa. Bi urte egon zinen jokatu barik Eibarrek fitxatu arte...

Eten bat behar nuen, baztertxo batera joan. Ez nuen disfrutatzen. Ondo etorri zitzaidan eta Eibarren deia jaso nuenean konturatu nintzen ez nuela nire karrera horrela amaitu nahi. Eskaintza polita zen, etxean, proiektu polita, lagun askorekin... Eta, aldi berean, erronka handia; beldur nintzen, ez nekielako gai izango ote nintzen bi urte jokatu gabe egon eta gero exijentziari erantzuteko. Lan egitea ez da arazoa neretzat, gustora egiten dudalako, baina ez nekien gai izango ote nintzen behar den maila berreskuratzeko, Lehen mailako erritmoa mantentzeko… Baina urratsa ematea erabaki nuen eta ez naiz damutzen.

Itzuli zinenetik gauza asko gertatu dira, baina erabakiarekin asmatu zenuela esan daiteke.

Argi dago urte t’erdi hau arraroa eta gogorra izan dela. Denentzat, oro har. Futbol hutsari dagokionez ere, iaz lesio muskular asko izan nituen, gero konfinamendua... eta behintzat igoeraren poza! Aurten, orkatilan lesionatu arte, oso gustura aritu naiz, minutu asko ere izan ditut... Gainera, taldea egiten ari den denboraldi bikainarekin ere asko disfrutatzen ari gara...

Ondo hasteak, lehen partida irabazita, ilusioa areagotu zuen; presioa kendu zigun eta udatik egindako lanean gehiago sinistea ekarri zuen. Horrek guztiak lagundu egiten du, noski, baina, hori bai, oinarrian beti, beti, lana dago



Hori da hitza, Eibarrek «disfrutatu» egiten duela ematen baitu. Arrakastaren gakoa hori da?

Gakoetako bat bai behintzat. Igo berrien ilusioaren bultzada nabaria da. Ondo hasteak, lehen partida irabazita, ilusioa areagotu zuen; presioa kendu zigun eta udatik egindako lanean gehiago sinistea ekarri zuen. Gainera oso giro ona dago, gustora gaude. Horrek guztiak lagundu egiten du, noski, baina, hori bai, oinarrian beti, beti, lana dago. Eta gure kasuan ere hala da.

Guzti hori zertan isladatzen da zelai gainean?

Oso talde intentsoa gara. Presio handia egiten dugu, aurkariari ez diogu uzten lasai jokatzen, sekula ere ez. Horrek puntu asko eman dizkigu. Mentalki ere indartsuak garela uste dut eta horri esker ia partidu guztietan bizirik mantendu gara amaierara arte. Batzutan ez du ezertarako balio izan baina puntuak ere eskuratu ditugu azken minutu horietan.

Emaitza bistan dago. Lehen itzulia amaitzear dagoela, 20 puntu dituzue, jaitsiera postuei hamar puntuko aldea ateraz. Harritu zaitue hain ondo ibiltzeak?

Beno, denboraldia hasi aurretik esan izango baziguten horrela egongo ginela, azkar sinatuko izan genuke! Konfiantza handia geneukan gure lanean baina igo berriek, lehen komentatu dizudan ilusioarekin batera, zalantzak ere badituzte. Azken finean, eta gutako batzuk maila ezagutzen dugun arren, lehiaketa berri batera heltzen zara, aurkari berriak, exijentzia handiagoa… Besteei baino, batez ere, zure buruari erakutsi behar diozu lehiatzeko gai zarela. Horregatik izan zen hain garrantzitsua lehen partida irabaztea. Hortik aurrera, konfiantza, kalitatea… bai, guzti horrek ekarri gaitu honaino baina, batez ere, lanak.

Larunbatean Reala dator Unbera. Zu aditua zara derbietan baina txuri-urdinen kontrakoa bereziena dela esango nuke.

Bai, oso berezia. Nere betiko taldea da, txikitako taldea. Eta gainera bertan zazpi urte eman nituen. Larunbatean gure kontra galtzea espero dut, noski, baina hortik aurrera egiten ari diren denboraldi ederrarekin jarraitzea nahiko nuke. Urte askotako proiektua aurrera ateratzen ari dira, azken urteotako lanak sortutako hobekuntza ikusten ari da eta oso pozgarria da hori ikustea.