NAIZ

Euskal onomastika aplikatuaren aurrerapenei buruzko liburua argitaratu du Euskaltzaindiak

Euskaltzaindiaren ‘Euskal onomastika aplikatua XXI. mendean’ liburua aurkeztu dute gaur Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Roberto Gonzalez de Viñaspre Onomastika batzordeko buruak. Azaldu dutenez, onomastika aplikatuaren ezagutza zabaltzea da liburuaren helburua.

Urrutia eta Gonzalez de Viñaspre ostegun honetako aurkezpenean. (Euskaltzaindia)
Urrutia eta Gonzalez de Viñaspre ostegun honetako aurkezpenean. (Euskaltzaindia)

Euskaltzaindiak ‘Euskal onomastika aplikatua XXI. mendean’ liburua aurkeztu du ostegun honetan Bilbon, lau hizkuntzatan ondu den ikerketa lana. Argitalpen berria Iberoamericana Vervuert argitaletxearekin elkarlanean plazaratu du Akademiak eta datorren astean banatuko da hamar herrialdetan. Argitaletxearen webgunean eskura daiteke dagoeneko. 

Aurkezpenean izan dira Andres Urrutia euskaltzainburua eta Roberto Gonzalez de Viñaspre Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko burua eta liburuaren paratzailea. «Liburu hau editatzera eraman gaituzten arrazoiak bi dira, nagusiki: onomastika aplikatuaren ezagutza zabaltzen laguntzea eta Euskal Herriaz haragoko zenbait esperientzia lehen eskutik ezagutzeko aukera izatea, eta, era horretan, gogoeta partekatua bultzatzea», adierazi du Gonzalez de Viñasprek komunikabideen aurrean.

Liburuaren egiturari dagokionez, hiru atal nabarmendu daitezke: lehenbizikoan, Euskal Herriaz kanpoko bost esperientzia aurkezten dira; bigarren atalean bildutako lau kapituluek euskal onomastika dute erdigune, eta egungo egoeraz eta aurrera begirako egitekoez ere ari dira; azkenik, Euskaltzaindiak azken aldian onomastika aplikatuari egin dizkion zenbait ekarpen nabari aletzen dira.

«Euskal onomastika da liburuaren ardatza eta azken atalean Euskaltzaindiak arlo honetan eginiko hiru ekarpen erakusten dira», gaineratu du euskaltzain osoak. «Liburu erakargarri eta erabilgarri bat osatzea izan da gure nahia», jardun du Gonzalez de Viñasprek.

Onomastika aplikatua

Onomastika aplikatuak jakintza-arlo horretako ezagutza gizartearen beharrizan praktikoetara bideratzen du, eguneroko bizimoduan erabilgarria izateko.

Gonzalez de Viñasprek labur-labur esan duenez, «euskal gizarteak onomastikaren arloan dituen behar praktikoei zuzen eta garaiz erantzuteko tresna» da onomastika aplikatua.