Patxi Gaztelumendi
Elkarrizketa
Jean Louis Iratzoki
Diseinugilea

«Memoria oraina aktibatzeko behar dugu»

Gauzak egin dira, egiten dira eta eginen dira. «Hemendik» liburuak Euskal Herriko memoria industriala errepasatzen du, ikoniko bihurtu diren objektuen bitartez.

Hemendik liburua
Hemendik liburua

Diseinugilea da Jean Louis Iratzoki azkaindarra. Ander Lizasorekin batera ari da lanean, Euskal Herrian sorturiko industria-diseinu estudioan. Azkainen dute bulegoa. Eta inguruko enpresentzat bezala –Alki, Sokoa– atzerrikoekin ere ari dira aulkiak, altzariak eta bestelako objektuak diseinatzen.

Jean Louis Iratzokik beste lagun batzuekin batera “Hemendik” proiektua abiatu du, eta liburu berezi honetan Euskal Herriko 50 objektu ikonikoren istorioak bildu dituzte. Gure industriaren historia biltzen dute objektu horiek, gure ekonomiak sortutako 50 adibide on dira. Altzariak, arropa, lan tresnak, markak, mugitzeko tresnak. Gure memoria industriala da, eta iragana aztertu dezakegu etorkizuna asmatzen ikasteko. Iratzokirekin bere Azkaineko bulegoan izandako solasaldian maiz errepikatzen den ideia da memoriarena. «Memoria ez da museo baten entziklopedia sortzeko egina, memoria da oraina aktibatzeko», bota du.

«Hemendik» izeneko liburu honen funtsa izan daitekeen ideia bat azpimarratzen duzue sarreran, «iragana ezagutu behar da etorkizuna asmatzeko». Iraganeko ikonoekin batera gaur-gaurkoak ere ageri dira. Zeren xerka aritu zarete?

Nahasi ditugu. Kronologia ez dugu kontuan hartu, ezta aurkezpenean ere. Nahitarat nahi baikenuen erakutsi gauzak egin direla, egiten ari direla eta eginen direla. 1850ean sortutako xistera batetik gaurko arropa batera pasa gaitezke. Euskal Herriko 50 objektu ikoniko hautatu ditugu, aztertu eta liburuan bildu.

Nolako garrantzia du iragan industrial edo ekonomikoak?

Iragana baino gehiago memoria da. Aspaldidanik egiten dira gauzak Euskal Herri osoan. Hazparnen aspalditik bada larrugintza industria; Maulen, Iruñean, Eibarren... gauzak egin dira, baina memoria hori ez dugu bildu. Ez dakigu nondik heldu diren gauza horiek guztiak. Bestalde, zinez bananduak gara administratiboki, entitate ezberdinetan. Euskal Autonomia Erkidegoak uste du Euskal Herria bera dela, Nafarroa askotan kanpo da, Iparraldea zona turistikoa da askorentzat. Banatuak gara, eta guri dagokigu memoria biltzea. Orduan konturatzen gara askoz ere aberatsagoak garela. Anitzagoak.

Lan hau egin ostean, esango zenukete euskal diseinugintzarik badela?

Kontzeptu bezala esango nuke ez dela, espainol diseinu edo frantses diseinurik ez den bezala. Baina bada egiteko modu bat beharbada, oso serioa. Orain kalitatea deitzen dugun hori landu da gurean, kalitatezko gauzak egiten dira. Ez dira behin ere gauzak arinki egin, ez dira dekoratiboak izan. Diseinua fabrikaziotik heldu da, materialetik eta ekoizpenetik. Eta hemen gauza franko onak egin dira, indartsuak eta iraunkorrak.

Eibarreko kasua aipagarria da, «kopiatu bai, berritu ere bai» aipatzen da.

Kopiatu bai, hobetu ere bai. Armagintzatik heldu da Eibarren jakintza eta kultura industriala. Beraz, armagintza bada sektore bat non estetikak ez duen garrantzi handirik, eraginkortasuna bilatzen baita. Eibarren aspaldi egin dira kanpoan sortutako mekanismoak kopiatu eta hobetu, Ameriketakoak, Alemaniakoak, leku askotakoak. Hobeak eta merkeago egiteko. Gaur egun, ezberdindu beharra daukagu. Ez da aski kopiatzea edo hobetzea. Baina Eibarren horrek funtzionatu du historikoki.

Aukeratutako 50 objektu ikonikoak Euskal Herriko mapa batean ere paratu dituzte, lurraldetasuna agerian utziz. Nola hautatu dituzue?

Euskal Herri osoa kontuan hartu dugu, Iparraldea edo Nafarroa kontuan hartu gabe ezin da. Oso pobrea litzateke. Talde lan bat izan da. Hanka batzuk bagenituen Nafarroan, eta herrialde guztietan. Objektuen gibelean den prozesu kreatiboari ere begiratu diogu. Geografikoki herrialde guztietan badira objektuak eta, bestalde, hautaketan aniztasuna bilatu dugu, alor guztietako objektuak bilduz: oinetakoak, mugitzeko tresnak, jantziak, goxokiak, gauza industrialak… eremu guztietan gauza interesgarriak direla erakutsi nahi genuen.

Euskal Herritik mundura jauzia egiten duten asko direla jabetu daiteke irakurlea. Sanchesky, sakakortxosa, Loreak Mendian, Etxeondo… asko.

Kanpotik kontatutako Euskal Herriak iduri du hemen itxirik egon garela mendeetan. Eta ez da horrela. Beti kanpora joan gara. Sekulako diaspora dugu mundu osoan. Txapela adibidez, edo Gasteizko mus kartak mundu osoan hedatu dira diasporarekin. Ez gara soilik hemen bizi den populu txiki bat, beti besteekin harremanetan dena baizik; eta beldurrik gabe atera dena mundura.

Marka hauek guztiek euskal nortasunari heldu diote beren lanetan?

Askok ez du bere burua euskaldun bezala definitzen; gauzak egiten dituzte, saldu, aberastasuna sortu. Batzuk lotuagoak dira euskal tradizio bati, txapela kasu. Kolektiboki ez dugu aski erreferentzia egiten, edo askotan “klixeetan” sartzen gara. Zailtasunak ditugu gauzak zehazki kontatzeko, batez ere gauza identitarioetatik kanpo. Liburu honekin erakutsi nahi izan dugu alor anitzetan badela ekoizpen bat. Aniztasuna. Gure herriaren neurriak, hurbiltasunak, aukera asko ematen digu. Elkar ongi konprenitzen badugu, aberatsagoa izango da prozesua.

Zuen lan egiteko moldean, irizpide horiek baliatu dituzue. Aniztasunaren bila jo duzue, elkarrekin jende ezberdina aritu zarete lanean.

Lan sakon eta luzea izan da, geruzaz geruza egin dena. Lehenbizi diagnostikoa egin genuen, Euskal Herrian bereziki kultura eta ekoizpen munduak ez diote elkarri begiratzen. Kulturak ez du industria begiratzen, dirua hor baita epaitzen baitu; kapitalaren tresna dela uste du, ezkerretik begiratu du. Eta industriak ez du kultura begiratzen, nahiago du kirolera hurbildu eta esponsorizatu. Guretzat zubi lan bat egiteko asmoa egon da, ekoizten diren gauzak elementu kulturalak direla ohartzeko.

Liburuko objektuei so eginda, konturatzen gara herri honetan garatzeko aukeraz gain, erresilientzia gaitasuna ere egon dela. Armagintzatik bizikletak edo josteko makinak sortu dira. Gernikako Astra, arma fabrika izatetik kulturgune bizia bihurtu da.

Berez ohartzen gara objektuak sortzen direla behar batengatik, funtzio bat bete behar dutela. Ontzi bat behar da edateko, eta egiten da keramikazkoa edo kaiku bat egurrezkoa. Enplegua sortu behar da, lana. Krisiak ere bata bestearen ondotik heltzen dira. Baina ohartu gara, enpresa bat paretaren kontra delarik, hor sortzen dela zerbait berria. Berrikuntza. Txispak egoera horretan ateratzen dira. Asmakizunak pertsona bakar batek egiten ahal ditu, edo modu kolektiboan, edo herri kultura baten ondorioz. Horregatik da horren garrantzitsua memoria. Memoria ez da museo baten entziklopedia sortzeko egina, memoria da oraina aktibatzeko, horretarako behar dugu. Sorkuntza munduan badakigu ongi hori, egoera berriei, behar berriei aurreratu beharra daukagu.

Zuek altzarien diseinuan, aulkiena batik bat, ari zarete buru-belarri. Zer motibazio izan duzue lanean zuen aulkietatik horrelako liburu baten proiektuari ekiteko?

Iratzoki Lizaso estudioa gara gu. Diseinu industrialean ari gara, gehienbat altzari munduan, baina ez hor bakarrik. Tolosan den Mito komunikazio taldearekin ere ari gara. Gure bezeroak industrialak dira, handiak eta txikiak, mugaren bi aldeetan eta baita kanpoan ere. Baina liburu hau, lan hau, lanetik kanpo egin dugu. Gure jakintza eta gaitasunekin. Lan egiteko, komunikatzeko, argazkiak egiteko…. baina ikuspegi orokor batekin.

Baina argi dugu ez dugula gure lanaren erakusleiho izan dadin egin liburu hau. Baina gure metodoa edo objektuak aztertzeko modua jarri dugu. Demagun kaiku bat aztertu nahi dugula, kaikua ez da objektu zahar bat baizik eta diseinuzko modelo bat da. Diseinu eskolan klase oso bat hartuko luke gure artzainek asmatutako kaikuak. Funtzioaren aldetik, materialaren aldetik. Baldintzak. Gauza horiek interesatzen zaizkigu.

Liburu honek hiru edizio ditu; euskaraz eta ingelesez, euskaraz eta frantsesez, euskaraz eta gaztelaniaz. Hiru liburuetan bada objektu bat zinez garrantzitsua dena, tresna sofistikatu bat: euskara.

Hizkuntza hautu bat da. Nahi genuen liburu hau denentzat izatea. Euskal Herriko biztanle guztiak ez dira euskaradunak, Euskal Herritik kanpo sortu dezake interesa. Katalunian, adibidez, asko saltzen ari da liburua. Berdin Torontotik edo beste leku batzuetatik. Euskara emana dugu objektu zentral bezala, eta zaindu egin dugu. Idatzi dugu ahal bezain ongi, txukun, arinki. Sakontasuna badu baina irakurtzeko erraztasuna bilatu dugu. Istorioak dira eta ez historia.

Beste hizkuntzetan ere ongi idatzi dugu. Ingelesez idatzi dugularik, bere ukitu berezia du. Elebitasuna ongi egitea zaila da. Ez genuen horrelako liburu baten beste erreferentziarik hizkuntzari dagokionez, baina gu industrian ari gara, eta askotan eleaniztasuna landu behar izaten dugu. Hiztun bakoitzari nola ongi aurkeztu bilatu behar izaten dugu maiz.

Liburu eta proiektu honek badu tipografia berri bat ere, Hemendik.

Hori ere detailea baino zerbait gehiago da. Prozesua luzea izan da. Tipografo kataluniar batekin harremanetan jarri eta proiektua aurkeztu genion. Asko interesatu zen, eta buru-belarri murgildu zen. Ideia batzuk bagenituen, lotura batzuk. Letren artekoak. Testu guztia tipografia horrekin egin dugu, testua, izenburuak, liburuko portada. Badu euskal tipografiaren oinarri bat, baina asko landu du gero. Tipografia aurki sarean egongo da salgai: Hemendik deituko da.

Hau liburu bat baino gehiago da. Bide bat irekitzen du, jarraitu nahiko genukeena.

 

EUSKAL HERRIKO 50 OBJEKTU IKONIKO

«Txapela buruan, ibili munduan», esaten dugu euskaldunok. Eta Elosegui txapelaren historiak irekitzen du liburua. Karlistaldietako txapel gorriak, edo munduan zehar hedatu diren euskal txapelak ikono bilakatu dira. «Pirinioetako mendizaleen buru gainean sortu zen, eta mundu zabaleko buruetara zabaldu», dio testuak. Eta Eibarren asmatu eta garatutako grabagailuak jarraitzen du haria. Edo Xiberoan landutako Pataugas oinetakoak, edo espartinak. Irungo Sancheski marka, Biarritzen garatutako Notox surf taula bereziak, Bizkaiko Nerbioi errekaren ertzean landutako kateak, Alki jarlekua, Bilboko baldosa edo euskal makilak. Denetarik du gure historia hurbilak. Gure industriak. Gure ekonomiak. Gure herriak. Kortxoak ateratzeko Boj tresna bitxia Gipuzkoan nola sortu zuten Barrenechea, Olañeta eta Juaristik deskubrituko duzu liburuan murgilduta. Edo Nafarroako Azkoien herrian asmatutako kafe makinak –gaur egun beste hainbat gauza saldu eta eskaintzeko egokiak– nola sortu zituen Luis Troyak. Matxinbentako Otarreak edo Eibarreko armak lehenbizi, Orbea bizikletak gero. Etxeondo txirrindularitza arropa edo gure mahai gainetan diren marradun oihalak. Fagor etxetresnak edo jaietako zapi gorria.

Mundu bat biltzen da “Hemendik” liburuan. Hemendik mundura makina bat tresna eta objektu sortu dituelako euskaldunak. Horiek bildu eta aztertzea izan da liburu honen egileen xedea. Argazki zaharrak eta berriak, diseinu erakargarri batean paratu dituzte. Tipografia bereziz landutako testuetan, istorio bereziak kontatu dizkigute, modu ulergarri eta erakargarrian. Gure memoria industriala, gure ekonomia kultur mundura hurbildu dute. Gure izatea ulertzeko gakoak eman dizkigute, oso modu erakargarrian. Euskal Herriko aberastasuna eta aniztasuna erakutsi digute. Sormen prozesua. Krisiak eta berrikuntzak. «Iragana ezagutu behar da etorkizuna asmatzeko».