NAIZ

Izadi gurasoekin izan behar dela aldarrikatu dute Nafarroan eta Bizkaian

Algortako Iñigo Gutierrez eta Burlatako Maria Lizarraga presoen alaba da Izadi. Hiru urte beteko dituenean gurasoengandik banatzera behartuko dute. Gurasoekin izateko eskubidea aldarrikatzeko mobilizazioak izan dira asteburuan Bizkaian eta Nafarroan.

Algortan igandean Izadiren alde egin duten elkarretaratzea. (IZADI GURASOEKIN ETXERA)
Algortan igandean Izadiren alde egin duten elkarretaratzea. (IZADI GURASOEKIN ETXERA)

Izadi gurasoekin izan behar dela ekitaldi zenbait egin izan dira asteburu honetan Nafarroan eta Bizkaian, Burlatan, Leitzan eta Algortan bereziki. Iñigo Gutierrez (Algorta) eta Maria Lizarraga (Burlata) presoen alaba da Izadi. 2019ko urtarrilaren 23an jaio zen Valentzian eta urte eta erdiz bere amarekin Picassenteko amen moduloan egon ondoren (Iñigok bere aita papera betetzea ukatua zuelarik), duela aste batzuk Iñigo eta Mariarekin bizi da Aranjuezeko familien moduloan.

«Dispertsioak ondorio are lazgarriagoak ditu ume txiki bat tartean denean, bere inguru naturalean hezteko eskubidea ukatzen bait zaio: Ezin da kalera edozein uneetan edo beharren arabera atera (gutxi ateratzen da Madrileraino joan behar dugulako senideok ateratzera), martxotik aukera hori ere ukatua duelarik. Senideek maizago jeitsi behar dute umea ateratzera, haientzako suposatzen duen esfortzuarekin. Han pisua alokatu beharra eta horrek dakarren gastu gehigarri izugarria. Umeak ezin izan ditu bere inguruko batzuk ezagutu (birramona, lehengusuak…) ezin dutelako bidaia honaino egin. Bi urterekin oraindik ezin izan ditu bere bizileku izango diren Algorta eta Burlata ezagutu. Umeari bere inguruan eta bere herrian egoteko aukera ukatzen zaio; hiru urtez Madrilen ‘bizitzera’ kondenatuz», azaldu dute.

«Onartezina da hiru urte beteko dituen egunean gurasoegandik (eta ordurarte 24 orduz egon den amarengandik) banatzera behartzea. Eta gainera, bere haurtzaroan bidaiak egitera kondenatzea. Zentzu horretan muxu eta besarkada erraldoia bidali nahi dizkiogu martxoaren 8an hiru urte beteko dituen Iratiri eta bere amatxo eta aitatxo Bea eta Zapiri. Animo, zuekin gaude! Jira eta bira, Irati ere Euskal Herrira! Espetxea ez da ume batentzako bizilekua eta espetxeak ez ditu inondik inora asetzen ume batek dituen beharrak. Umearen beharrak behar den bezala asetuak izateko kalean bizi behar du, etxean, gurasoen ondoan», aldarrikatu dute hil bakoitzeko 23an mobilizazioak egingo dituztela iragarriz. Horietako lehenak izan dira asteburuan.