Andoni Arabaolaza

Lehen euskal podiumak Elur Gaineko Lasterketen Espainiako Kopan

Nahiz eta eguraldia ez zuten lagun izan, 163 korrikalarik aurreikusitako bi itzulietatik batean jardun zuten. Senior mailan, emakumezkoetan, Rebeca Mariño nafarrak zilarra lortu zuen, eta, mutiletan, Julen Larruzea bizkaitarra podiumaren hirugarren koskara igo zen.

Fedme-k jakin bazekien Snowrunning edo Elur Gaineko Lasterketen Espainiako Koparen lehen hitzordurako elurrak ez zuela hutsik egingo. Eta hala izan da. Baina Leitairegosen (Leon) izan den lehen probak bestelako eragozpenak izan ditu: hotza, euria eta haize zakarra. Eta, jakina, baldintza horiek erabat baldintzatu zuten joan den asteburuan jokatutako lasterketa.

Irteera puntuan 163 korrikalari elkartu ziren, eta horiek guztiek 10 kilometroko eta 1.000 metroko goranzko desnibela zituen ibilbideari egin behar zioten aurre. Baina, aurreratu dugun bezala, oso baldintza kaskarrak izan zituzten. Adibidez, ibilbidearen goi aldean haizearen ufadak 100 kilometro ordukoak izan ziren; eta behe aldean, berriz, 50 kilometro ordukoak. Egoera hori ikusirik, antolatzaileek zein epaileek aurreikusitako bi itzulietatik bat eten behar izan zuten.

Lasterkariek itzuli bakarra egin behar zutenez, oro har, esan daiteke erritmo handiko norgehiagokak ikusi zirela. Emakumezko seniorren kategorian, adibidez, Gaztela-Leongo Patricia Muñoz nagusitu zen 28:21 denborarekin. Bigarren postua Rebeca Mariñorentzat izan zen; nafarra irabazlearengandik minutu eta hamaika segundora helmugaratu zen. Celia Lorenzo izan zen hirugarrena. Muskilda Oloriz nafarra top-10ean sartu zen; hain zuzen ere, bederatzigarren postua sinatu zuen.

Mutiletan ere, lehia estua izan zen; aurrera dezakegu lehen bi sailkatuen artean ia esprinta bizi izan zela. Azkarrena Borja Fernandez izan zen 25:58 denborarekin. Soilik bederatzi segundora bigarren sailkatua iritsi zen: Diego Diaz. Eta hirugarren postua euskal lasterkari batek erdietsi zuen: Julen Larruzeak. Irabazlearengandik 20 segundora geratu zen. Bizkaitarraren atzetik, bosgarren postuan, Nafarroako Txurregi taldeko Thibaut Bertrand sailkatu zen. Eta bederatzigarren postuan beste nafar bat sailkatu zen: Ruben Astiz.

Azkenik, beteranoen A kategorian, bi euskal korrikalarik jardun ederrak egin zituzten. Aritz Sardina, adibidez, hirugarren postuarekin egin zen, eta Laura Martin bederatzigarrenarekin.

Elur gaineko lasterketetan parte hartzen dutenek hurrengo hitzordu nagusia otsailaren 6an, Sierra Nevadan (Granada), izango dute. Fedmek antolatutako Espainiako Txapelketa jokoan izango da. Eta otsailaren 13an, Larra-Belagua lasterketak Snowrruning-eko Espainiako Koparen bigarren hitzordua jasoko du.