NAIZ

‘Quebrantos’-ek Film Labur Onenaren saria jaso du Bartzelonako La Mida No Importa jaialdian

Hiru hilabete igaro dira Maria Elorza eta Koldo Almandozek ‘Quebrantos’ film laburra estreinatu zutenetik, eta dagoeneko zazpi sari jaso dituzte. Azkena, Bartzelonako La Mida No Importa jaialdian.

‘Quebrantos’ film laburraren fotograma. (NAIZ)
‘Quebrantos’ film laburraren fotograma. (NAIZ)

La Mida No Importa film laburren nazioarteko jaialdiko sari nagusia, Film Labur Onenarena, jaso berri du Koldo Almandoz eta Maria Elorzaren ‘Quebrantos’ lanak, «proposamen zinematografiko bikainagatik, modu magistralean fusionatuz askotariko jatorria duten materialekin egindako lana, baita hitzaren balioa ere, indarkeria matxista eta etxeko indarkeria modu irmoan ikusarazteko», epaimahaiaren hitzetan.

Kimuak-en 2020ko katalogoaren parte da ‘Quebrantos’ eta nazioarteko estreinaldia Mexikoko Black Canvas jaialdian izan zuen urrian. Ondoren Bilboko Zinebi jaialdian aurkeztu zen eta Montpelierreko Cinemed, Florentziako Festival dei Popoli, Madrilgo Cortogenia eta Palentziako Aguilar de Campoo bezalako nazioarteko jaialdi ospetsuetan izan da. Guztira, 20 jaialditan aukeratua izan da eta 7 sari lortu ditu. Datozen hilabeteetan, Kolonbiako Sanfici jaialdian jarraituko du bere ibilbidea, otsailean, eta martxoan Txileko Resistencia Film-Fest-en izango da.

Elorzak eta Almandozek zuzendutako film laburra «irrati-grafia» bat da, bi emakumeren arteko elkarrizketaren bidez interferentziak, isiltasunak eta pitzadurak erakusten dizkigun ikus-entzunezko pieza. Autoreek beraiek luze eta zabal azaldu zioten NAIZ-i lanaren muina, elkarrizketa honetan.

Orain artean Errenteriako Film Laburren jaialdiko Euskarazko Film Onenaren saria, Argentinako Bendita Tú jaialdiko CIMA saria, Madrilgo Cortogenia-ko Soinu Onenaren saria eta Zuzendaritza Onenaren Aipamen Berezia, Gasteizko Cortadako Dokumental Onenaren saria, Zaragozako La Mirada Tabú-ko Bigarren Saria eta Bartzelonen eskuratu berri duten La Mida No Importako Film Labur Onenaren saria eskuratu dituzte.