Oriol Clavera

Baridà: zaldiz mendietan zehar

Bidaia txiki hau toki txiki batean egindakoa da, baina handia, aldi berean. Mendi goietan eta haranen sakonean egindako bidaia. Erritmo pausatuan, kasik antzinakoan, zaldien erritmoan. Baridà azpieskualdean, Segre haranaren gorenean, Pirinio katalanetan.

Baridà azpieskualdean, Segre haranaren gorenean, Pirinio katalanetan.
Baridà azpieskualdean, Segre haranaren gorenean, Pirinio katalanetan.

Horrelako zerbait esanez has ninteke: «Zaldien ferren doinua entzuten da baso trinkoan barneratzen den bide harritsuan». Girotzeko modu oso grafikoa izango litzateke, baina ez dut egingo, zeren bidaia berezi honetako bidaideek –Idac (Cadi atzekoz aurrera), Banjo, Itaca eta Pastoreta– ez daramate ez burdinarik, ez ferrarik, ez aho-burdinarik, alegia, animalia zuzentzeko erabiltzen den aho-uhaleko piezarik. Aurrera goaz, bada, zaldiekin begirunetsu jokatuz, beren arnasaren erritmoan.

Basoan barneratu gara, amilotx baten kantua entzunez eta arbola hil batean txiokatzen ari den okil beltz baten konpainian. Duela kilometro gutxi atera gara Arsègueletik, Ansowell eta Cava-rantz igotzen den errepidetik. Atzean utzi dugu errepide estu sigi-sagatsua, apenas trafikorik gabe; izan ere, Lleidako Pirinioetako bi herrixka hauen artean 40 lagun eskas bizi dira.

Kontrabandisten ibilbidea

Negu gorrien gogortasunagatik partxeatutako asfaltoa utzi ondoren, Cava-ra garamatzan bide zahar batean barneratu gara. Bidexka estu, bihurgunetsu eta tarteka pikoa da, kilometro gutxi batzuetan ia 400 metroko desnibela duena, bidelapur, kontrabandista eta gerlarien ibilbide honetan.

Cadí Moixeróko Parke Naturalean gaude, Pirinio katalanean, zehazki Baridàko azpieskualdean, Alt Urgell eta Cerdanya eskualdeen artean. Idatziek kontatzen dutenez, inguru horretan agintzen zuten bi klanen arteko borroken erdigune izan zen Arsèguel; batetik, Cadell deiturakoak zeuden, Arsèguel-eko baroiak, herriari «bidelapur habia» ospea eman ziotenak beren agindupeko lurretatik harago egindako «sartu-irtenengatik», eta bestetik, Nyerros izenekoak, ondoko Cerdanyako Nyer herriko familia.

Alta, Felipe II.a izan zen, azkenik, Arsèguelekoekin amaitu zuena 1588ko lehen setio baten eta 1592ko behin betiko bigarren baten ondoren; azken honetan Cadell-en babesleku zen gaztelua guztiz birrindu zuten. Gaur egun, inork ez luke esango herrixka lasai honek hain iragan gatazkatsua izan zuenik. Mendeetan zehar bidelapurren belaunaldiek amildegiei iskin eginez ibili ziren bideotan aurrera goaz.

Zaldi gainean halako parajeetan ibiltzea oparia da. Animaliak berak begiratzen du nondik pasatu behar duen, betiere zati bigunenak bilatuz. Norberak ardura alde batera uzten du horrela, eta gozatzea beste lanik ez du; esaterako, bat-batean bideak basotik atera eta zerumugan lerro perfektuak osatzen dituzten mendien ikusmira oparitzen dionean.

Noizean behin, Pastoreta atzean geratzen denean, bere pauso lasaiak abiada hartzen du, trostan hasiz. Lehen aldietan, zaldi gainekoak, eskarmentugabe eta apur bat beldurtiak, zaldia erotu eta hankaz gora joango dela pentsatzen du. Une horietan hankaz gora doana zera da, gidariak (Marc) utzi dion gaucho kapelak ematen dion duintasuna, zaldiaren inpultsua geldiarazteko oi! oi! oi! oihukatzen duen bitartean.

Izarren azpian lotan

Eguzkia jaisten joan da. Pinu gorri eta gorosti basoa atzean utzi eta haritz, arte eta ibaiertzeko basoak ongietorria eman digute. Eta larreek altueran gorantz goazela iragartzen digute. Cava herria atzean utzi dugunetik denbora tarte bat joan da eta gure helburua Cortal del Roig-era iristea da, gaua bertan emateko. Cadí-ren horma ikusgarri eta gorri-gorri zutitzen da gure aurrean. Torre de Cadí, Roca de Gonac, Roca Grossa eta Roca Dretak azal zahartuaren testura ematen diote paretari.

Behin Cortal del Roigera iritsita, azken tartean gidatu gaituen ilunabarraren gorria itzalduz doa, gu zaldien zela, aho-uhal eta gainerako ekipajeaz biluzten garen bitartean. Ilundu aurretik kanpamentua prestatu dugu: zaldiek bazkatuko duten eremuan itxitura egin eta gure oheak atondu ditugu. Zaldi gaineko eserlekua da gure burkoa, larrea eta bere konkorrak dira gure koltxoia, eta erosoago egoteko, manta batzuk ditugu.

Udan gauden arren, gaua hezea eta freskoa da 1.400 metroko altueran; beraz, ondo estalita lo egingo dugu eta, euria egingo balu ere, denda ondoan dugula. Eta afaria, sari gozoa, kinke baten argitan. Cerdanyako trinxat tipikoa (patata eta aza egosia eta ondoren zartaginetik pasatua, cansalada zati batekin), bertako gazta, etxean egindako ogia eta barrena berotzen digun ardoa.

Ibilbideak aurrera jarraitzen du Eguzkia lotsati jaiki da, Cadík desafio egingo balio bezala. Zain ditugu bide gehiago, basoak eta talaiak, zeintzuetatik toki honen handitasuna ikusiko dugun; esaterako, Boscalt-eko santutegia. Eta askatasun sentsazioa dugu. Asebeteta sentitzen gara. Zaldiarekin bat eginda; leialtasuna transmititzen digu animaliak, esker onez, bere gainean burdinarik gabe, indarrik gabe eta mugimenduak komeni bezala eginez ibiltzeagatik, gizakiaren eta animaliaren arteko dantza balitz bezala. Nahiz eta zorutik, lurretik, ia bi metrora gauden, beragandik inoiz baino hurbilago gaude. Beste bi, hiru, lau... auskalo zenbat egun ditugun zain planetako txoko hau ezagutzeko.