Maite Ubiria
Elkarrizketa
Eneritz Zabaleta
Zuzenbide Publikoko doktorea

«Alsaziak bere gain hartuko du mugaz gaindiko harremana, Euskal Herriak zergatik ez?»

Eneritz Zabaleta Zuzenbide Publikoko doktorea da. Paueko eta Aturri Herrialdeetako Unibertsitatea (UPPA) du oinarrizko kanpamendu, nahiz eta Bordeleko eta Hego Euskal Herriko kanpusak zapaltzen dituen sarri. Alsaziako Elkargo Europarraren sorreraren ondorioak aztertu ditu elkarrizketa honetan.

Eneritz Zabaleta Zuzenbide Publikoko doktorea. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)
Eneritz Zabaleta Zuzenbide Publikoko doktorea. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Bideokonferentziaren laguntzaz Bordele eta Iruñea arteko joan-jinek utzi dioten momentua baliatu dugu Alsaziako eta oro har frantses Estatuaren mailan erakunde alorrean eman diren aldaketak Eneritz Zabaleta Zuzenbide Publikoko doktorearekin aipatzeko.

Zeintzuk dira sortu berri den Alsaziako Elkargo Europarraren ezaugarririk nagusienak?

Lehenik eta behin, bere balore sinbolikoarengatik, Alsaziak galdua zuen izena berreskuratu duela nabarmenduko nuke. Bigarren elementua da zer nolako erakundea sortu den. Estatuak hautu bat egin du: ez du onartu korsikarrek duten estatus bereziko kolektibitatea sortzea Alsazian. Horren ordez dagoeneko existitzen ziren bi departamenduen fusionatzea onartu du. Hala ere, elkargo horri aitortu zaizkion hainbat eskuduntza erakunde berriaren berezitasuna nabarmentzera datoz.

Euskal Elkargoa udal eta lurralde poloen gainean eraiki zen. Alsaziako Elkargo Europarraren zutabe nagusiak udalerri (kantonamendu) eta departamendua izanik, horrek zer ondorioak ditu konpetentzia eta ibilmoldeari dagokionez?

Euskal Elkargoak herri mailako konpetentziak antolatu ditu, hala nola garraio, ura, hondakin, umeendako haurtzaindegiak eta bertze hainbat zerbitzuen kudeaketa bereganatuz. Alsazian departamenduaren eskumenak metatuko ditu kolektibitate berriak eta, ondorioz, gaitasun sozialak garatuko ditu gehienbat. Hemengo eta hango elkargoen abiapuntua, beraz, diferentea da. Ibilmoldeari dagokionez Alsaziako erakunde berrian herria baino kantonamendua da oinarrizko zutabea. Departamenduko bozetan erabiltzen den hautes barrutian oinarritu dira.

80 hautetsi izanen ditu «gizon-emazte binomioa» errespetaturik osatu den Alsaziako Elkargoko kontseiluak.

Azkeneko hauteskunde kantonaletan bozka araua aldatu zuten frantziar Estatuan eta geroztik pertsona bat hautatu beharrean bi hautagai zehaztu behar dira: gizon bat ea emazte bat. Beraz Alsazian 80 kantonamendu horietan -aitzineko Rhin Garaiko departamenduaren 40 eta Rhin Behereko departamenduaren bertze 40- aldi oro emazte-gizon binomioa behar dute hautatu.

Berdintasunaren ikuspuntutik alsaziarrek aukera hobeak eskuratu dituzte. Alta, Euskal Elkargoan emazte hautetsi kopuru apal bada oraindik.

Hala da, baina jakin behar da Frantziak aldarrikatu zuen legeak zehazki kantonamenduen eremuan eta baita eskualdetan ere ezarri zuela paritatearen araua, beraz, formalki, lurralde eremu horietan aplikatzen da. Euskal Elkargoan, berriz, herri hautetsiek eta gehienbat auzapezek dute ordezkaritza. Auzapeza bakarra da, eta Ipar Euskal Herrian gehienbat auzapez gizon ditugu. Horren ondorioz paritatearen legearen eraginak ez dira gurean sentitzen. Hor hutsunea bada.

Alsaziako Elkargo Europarra Euskal Herritik begiratuta bereziki interesgarri diren eskuduntza bi jorratuko ditu. Hala, mugaz gaindiko harremanak sakontzeko ahalmena izanen du, baita, hizkuntza alorrean, elebitasun eredua aitzineratzeko ahalmena ere.

Egoera berezia bada. Juridikoki departamendua bada baina egiazki departamenduek ez dituzten hainbat gaitasun izanen ditu Alsaziako Elkargoak. Are, aipaturiko eskuduntza horiek aitzinera eramateko bere izaera europarra aldarrikatzen du Alsaziak.

Oreka batzuk izan dira, finean.

Ekialde Handia izeneko eskualdea sortu aitzin dagoeneko Alsaziak bere historiaren aldetik zentzu handia duen konpetentzia hori garatu zuen. Baina eskualde berriarekin hori nolabait galdu zen eta hori kolpe handia izan zen alsaziarrentzat.

Bere sorreratik oso bestelako lan eremutan, dela energia edo garraioari buruz, mugaz gaindiko lankidetza bultzatzeko nahikeria agertu du erakunde berriak.

Ipar Euskal Herrian baino sakonagoa izan da lehenagotik ere mugaz gaindiko lankidetza Alsazian, bereziki herrialde germanikoekin. Bestalde, sinbologiaren aldetik, Europako Batasunaren egoitza bat Estrasburgon izateak nortasun hori indartzen du. Orain galera hori berreskuratzen da, neurri batean. Horrekin batera Alsaziak berak bakarrik garatuko du lan esparru hori. Hizkuntzaren aldetik ere, eskumen berezi batzuk eskuratu ditu erakunde berriak. Kolektibitate hau sortzeko legea Parisen negoziatu zenean murgiltze eredua elkargoaren esku uztea eskatu zuten alsaziarrek. Estatuak ez zuen onartu. Berarentzat atxiki zuen, esaterako, hezkuntza sistemaren lanpostuen kudeaketa.

Izan ere, Alsaziako Elkargoak ahal ditu Hezkunde Nazionalak ezartzen duen irakasle kopuruaren gehigarriz lanpostuak sortu.

Hori bezain garrantzitsua bada, ene ustez, lanpostu horiek sortzeko eginen dituen deialdietan Alsaziako kolektibitateak ahal izanen duela elebitasuna irizpide gisara finkatzea.

Ipar Euskal Herrian haurtzaindegietako lanpostuak betetzeko elebitasunaren printzipioa lan deialdietan bermatu nahi izan zuten hainbat herriko etxeri debekua heldu zitzaien. Alor horretan urrutirago joanen da Alsazia?

Ulertzearren, gurean Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) egiten duen lana ahalko du egin elkargo berri horrek. Esaterako hizkuntzaren ezagupena bultzatzeko promozio ekimenak garatu, Hezkunde Nazionalarekin lanpostuak negoziatu… Alsaziarrek nahi zuten ezagupen aldetik aitortza azkarrago bat lortzea. Hori ez dute oraindik lortu baina inportantea da elebitasun irizpide hori atxikitzea.

Alsaziako Elkargoa sortu bada ere Ekialde Handia izana duen makro eskualde hori ez da desagertuko. Nola aurreikusten duzu bi erakunde horien arteko elkarbizitza?

Atzera begiratuz, Alsaziako estatusari buruzko debatea berpiztu zenean, Alsaziak bazuen bere izena zeraman eskualde bat, eta horretaz gain departamendu bi horiek baziren. Garaian eskakizuna izan zen eremu horiek fusionatzea eta Alsazian erakunde bakarra sortzea. Proiektu horrek ez zuen aurrera egin. 2014ko legearen ondorioz Alsaziak bere eskualdea galdu zuen, Ekialde Handia izeneko makro eskualde batean urtuz. Ondorioz, ez dute eskatzen zuten guztia lortu, eta bidea egiten segitu beharko dute.

Makro eskualdeak nonbait auzian emanez Jean Castex lehen ministroak eginiko adierazpen batzuk baliatu dituzte berriki politikari alsaziarrek aldarrikapen hori mahaigainean jartzeko.

Euskal Herrian bezala, ez dut uste alsaziarrek bere aldarrikapenak alboratuko dituztenik.  Orain badute erakunde bat, Alsaziako izena daramana, beraz tresna berria eskakizun horri oihartzun berria emateko.

Frantziar estatuaren mapa begiratuta, Korsikan, Euskal Herrian, orain Alsazian, aldaketak eman dira. François Hollandek hauspotu zuen eskualdeen araberako deszentralizazio eskema ahultzen ari da Emmanuel Macronen agintaldian?

Zaila da irakurtzea zein den Macronen eskema. Bera boterera heldu zenean ez zuen konpromiso handirik hartu gai horri buruz. Izan ere, botere partekatzeari begira «diferentziazio juridikoa» bultzatuko zuela jakitera eman zuen. Egia da eskualde erreforma bertan behera utzi gabe, tokian tokiko aldaketa horiek aintzat eman dituela. Hala ere hitzetik harago, konkrezioa falta bada.

«Diferentziazio juridikoa» onartzeak bide egokia eskaini dezake frantziar administraziopean diren errealitate eta nortasun ezberdinen garapenari begira?

Frantziako tradizio jakobinoaren ikuspegitik biziki iraultzailea da printzipio hori. Berdintasunaren izenean eredu uniformizatzailea eraiki dutelako frantsesek.

Korsikak abiapuntu eman zuen, baina sarritan entzuten da uhartea izanik, bere egoera ezin dela parekatu beste egoera batzurekin.

Korsika da diferentziazio juridiko hori onartu egin zaion lehen lurraldea da. Orain dagoen eztabaida da zer punturaino eredu horrek eragin dezake beste lurraldetan: gurean, Alsazian, Bretainian... finean nortasun handiko eskualdeetan. Orain falta da diferentziazioaren eredua zabaltzea. Horrek tentsioak sortuko dituela aurreikusi daiteke. Jakinik aldarrikapen hori ez delako mugatzen aipaturiko lurraldetara. Batzutan, eta pandemia garaian hori areagotu da, hiriguneko auzapezek galdetzen dute gauzak hurbiletik kudeatzea, eta ez beti Parisetik agintzea.

Zer norabidea har dezake eztabaida horrek?

Estatuaren aldetik joera bat agertu daiteke diferentziazio hori egiteko orduan. Gauzak diferente egiteko aukera ematea, bai, baina ez eredu berdina segituz toki guztietan, ez araua amankomun bat sortuz: lurralde honek eskuduntza berezi hau jorratu dezake, beste hurak gaitasun mota hori. Uste dut hori dela buruan dutena, jakin badakite diferentziazioa eredu bezala onartu ez gero, horrek eramango duela anbizio bat piztera. Horrek beldur batzuk sortzen ditu oraindik.

Euskal Elkargoak bere gautasun eremua zabaltzeko xede beste erakundeen gaitasunen delegazioa eskuratzea aukera bat da, baina negoziazioa behar da aurrera atera.

Hori da aukera bat, baina gobernantzari dagokionez Euskal Elkargoak badu konpondu gabeko arazoa: 233 kidez osaturiko batzarraren bidez eguneroko kudeaketa zaila da. Estatus bereziko elkargo bat izateak beste jokoa emanen zuen: benetako asanblea erabakitzailea sustatu, paritatea bermatu.. Ondorioz, sorrerako arazoak hor daude, eta nire ustez, Alsazian bezala, bidea beharko da egin, eboluzio instituzionala ezinbestekoa izanen delako. Diferentziazioak atea zabalduko luke eskumen gehiago lortzeko, baina gobernantzaren erronkari erantzuteko estatus bereziko elkargoa behar da. Alsaziak lortu du bere kolektibitate hori frantziar lege batean sartzea. Frantziako Legebiltzarrak aldarrikatu du Alsazia legea. Zergatik ez lege bat Euskal Herriarentzat?

Laburpen gisara, euskal herritarrontzat mugaz gaindiko elkarlanak Alsazian har dezakeen bultzada litzateke adierazlerik esanguratsuena?

Akitaniako Eskualdeak garatzen du gurean mugaz gaindiko eskumena. Horretan gainera Alain Roussetek lidergo bat markatu duela errango nuke. Hala Akitania-Euskadi-Nafarroa izan da eremu nagusia. Alta, Alsazia legea izena duen araua berro horrek dio ez dela baitazpada Eskualdetik garatu behar mugaz gaindiko harremana. Alsazia ez da eskualde izanen, juridikoki departamendu bat da, baina bere elkargo berri horrekin garatuko du eskuduntza hori. Zergatik ez planteatzea Euskal Elkargoak mugaz gaindiko eremu horretan protagonismo handiago eskuratzea, hala Euskal Herriaren baitan harreman hori landuz?

Mugaz gaindiko harremanak Euskal Herriratzeko aukera zabalduko luke alsaziar ereduak?

Markoa Baiona-Iruñea-Gasteiz axean kokatzea litzateke xedea, edo bereden lidergoa eta anbizio nagusia hor ezartzea. Alsazia legeak aitortu du eskubide hori. Hemen zergatik ez?