Andoni Urbistondo

Aldamin: Gorbeia handiaren magalean

Aldamin mendi puska ikaragarria da. Pagomakurretik gora bere ipar aurpegia haitz multzo tente eta dotorea da. Barazar mendatetik abiatuta ere txango polita. Baina Gorbeia handiaren magalean dago, eta horrek bere distira apaltzen du.

Aldamin handia da, bere txikitasunean.
Aldamin handia da, bere txikitasunean.

Gorbeiara 1.000 lagun joaten badira, Aldaminera 10 joango dira, joaten badira. Ondoan Bizkaiko, Euskal Herriko gailur mitikoetako bat izatearen zoritxarra da. Baina Aldamin handia da, bere txikitasunean. Guztiz Bizkaiko lurretan dagoen gailur garaiena da, 1.373 metrorekin, Anboto piramide ezagunena baina gorago. Gailurretik, eta bidean, Gorbeiak adina pizgarri ditu, eta ahalegin fisiko apalagoa eskatzen du.

Putzua da mendia. Neguak bazterrak zuritu ditu, larreak izoztu, baina gurean ohikoa den hego haizeak elurra eta izotza lurmendu ditu, bideak lokaztu, harri bideak arriskutsu bilakatu. Eguraldi pronostikoari zorrotz erreparatu behar zaio neguan, eguraldi aldaketak saihestu eta mendi buelta lasai bat arriskutsu bilaka ez dadin. Ordu batzuetako leiho bat bilatu, eta gailurreraino iristeko biderik errazena aukeratu. Etorriko dira udaberria eta udako egun eguzkitsu eta gozoak, bide berriak ezagutzeko aproposagoak.

Gorbeia ezagutzeko sarrerarik ezagunena da Pagomakurre, Areatzan gora egiten duen bidetik. Aldamin ere bai, noski. Aldamingo gailurretik, lerro zuzenean, 738 metro bakarrik daude Gorbeiako gailur belartsuaino. Aldaminera igotzeko txangoa interesgarriagoa da Barazar eta Saldropo hezegunetik, Dulao gailurra inguratuz, bidea ezezagunagoa den neurrian. Pagomakurre, Arraba, Egiriñao... toki ezagunak dira euskal mendizale ororentzat, Gorbeia euskal mendizaletasunaren ikurretako bat baita. Bertako gurutze erraldoia ukitu ez duen mendizale gutxi egongo da Euskal Herrian.

Pagomakurreko aparkalekuak Aldamineko joan-etorria samurtzen du asko (883 metro). Ordu eta erdi pasatxoan Aldamin gailurrera iristea baimentzen du, eta azken ordu erdia bakarrik egiten da gogorra. Pista zatar batean barrena egiten da gora Lekandako ipar horma zaindari dugula (1.302 metro). Etxe itsusi batzuk daude bide bazterrean, abeltzaintzarekin zerikusi gutxi dutenak... Pista ertzetan ehunka zuhaitz sustrai landatu dituzte, kaiola antzeko batzuekin babestutakoak, mendizaleon zabarkeriak haien hazkuntza galeraz ez dezan.

Ordu erdian Arrabako zabalera iristen da (1.070 metro). Paraje ederra da, belardi ikaragarria. Han dago Bizkaiko Mendizale Federazioak kudeatzen duen Arrabako aterpea, Angel de Sopeña izenekoa. San Inazio egunean eta urteko azken egunean ehunka lagun batzen dituen txoko aparta da Arraba. Azaroa eta maiatza bitarte asteburuetan bakarrik dago irekita, maiatza eta azaroa bitarte, egunero. 24 lagunentzako tokia du, eta asteburu batean Gorbeiako mendiguneko paraje gehientsuenak bisita daitezke. Mendia eta aterpeko gutiziak bateraezinak direla pentsatzen duenik ere egongo da, baina Arraba tabernatik pasa gabe ere ezagutu daiteke.

Gorbeiako igitaia

Arrabatik Egiriñao aterpera bidean (Bilboko Alpinoren aterpea) bidea itsusitu egiten da apur bat, Gatzarrietako magalean. Harria, putzua, lokatza... Hainbesteraino, jatorrizkoa baino beheraxeago doan bide berria egin dutela. ‘Bide Barria’ kartela ere ikusi daiteke. Egiriñaoko zabalean, pagadian bukatzen dira bromak. Han
Aldamineko harritzarra inguratu behar da, eta malda serioa bilakatzen da. Belarra erabat bustita dago bertan, eta handik pasatzen diren milaka mendizaleek zorua are gehiago erosionatu ez dezaten halako sareak atondu dituzte. Sare gainean irristatzea saihesten da, eta bide batez, lur zorua altxatzea.

20 minutu eskasean Aldaminoste lepora iritsiko gara. Aldamin osteko lepoa, noski. 1.321 metro. Gorbeia dugu parez pare, baina erabat estalia Gaztela aldetik datozen laino multzo handiek harrapatuta. Elur arrasto asko dago oraindik Gorbeian, eta bat, bereziki ezaguna. Igitaia esaten diote, igitai itxura duelako urrunetik ikusita. Pirinioetatik kanpo Euskal Herrian gehien irauten duen elur arrastoa da, 1.300 metro pasatxoan egonda ere. Bere kokapenagatik, leku ospela da.

Gorbeiako ipar isuria, eta igitaiak maiatza eta ekaina bitarte irauten du urte askotan. Aldaminosten haizea haserre dabil, eta ur putzu bat izoztuta mantentzen da. Neguan Gaztelako haizea gailurretan ipar isurian bezala epela ez den seinale. Dozena bat lagun pasa dira Aldaminoste lepotik. Denak Gorbeiara bidean. Aldamin existitzen denik ere ez dira jabetuko asko, gurutzeraino igotzearekin itsututa. Lepotik bospasei minutuko bidea baino ez zaigu geratzen gailurrera. Harri anabasa handia da azken tarte horretan, baina bidea markatuta dago. Lainoa bada, tentuz ibili, ipar isurira amildegi handia baitago.

Minutu erdia, gailurrean, ez gehiago. Ezin. Lainoa, haizea noranahi... Postontziari argazki bat atera eta aire beherantz, ziztu bizian. Neguak ez du barkatzen. Edo bai. Arrabara bueltan Lekandako gailurreria osoa erakusten duenean, edota iparrerantz begiratu eta, Anboto gainean, amillana hegoak ekarritako laino multzo ezaguna nola itsasten den jabetzean. Gorbeiak ezkutuan geratzea erabaki du. Gailurrera igo ez garelako, agian, haserre.