Xabier Bañuelos

Gomera, barkartasun lanbroak

Bihurgunetsu eta basatia, txiki eta konplexua, eder eta malkartsua. Baina, batez ere, berdea eta lanbrotsua da Gomera. Laurisilva oihan subtropikalaren eta uhartearen ikur den «viñatigo» espeziearen berdeak eta bakartasun lanbro isilak ematen diote nortasuna Kanarietako uharteari

San Sebastián, Gomeran. (GETTY IMAGES)
San Sebastián, Gomeran. (GETTY IMAGES)

Lainoen artean Teide kolosala agertzen zaigu aurrez aurre. Tajaqué begiratokitik bertako gailurrera lainoen gainetik oinez irits daitekeela dirudi. Lainoon ustezko sendotasunak mendiaren eta gure artean ozeano bat dagoela ahaztea dakarkigu. Ozeano barneraezin bat, Afrikako leku honetan bere urak iluntasunerantz hondoratzen dituena, argia oturuntza ilun batean irentsiz. Eguna argitzen doan heinean, zeruaren urdinak itsasoarenarekin bat egiten du; urdin ezberdinak dira, baina amets bera, baita errealitate bera ere, partekatzen dituzte. Ametsak, sentimentala eta naifa, ustez osotasunaren parte egiten gaituzten egunsenti beti berrietan murgiltzen gaitu; errealitate maltzur eta krudelak, baina, argi uzten digu itsasoaren erdian galdutako uharte txiki batean gaudela..

Burua jiratu dugu, eta, edertasun kolpe bat bailitzan, Roque de Agando sumendi lepo ikusgarria aurkitu dugu parez pare: ikusgarria da, forma faliko bikainekoa, eta transmititzen duen lilura gozoarekin eta harrizko eskultura baten gogortasunarekin kolpatu gaitu. Uhartearen bihotza bera da Roque de Agando, arroila, aldapa, sakan eta labarrez inguratutako gune magikoa. Pedro Garcia Cabreraren hitzok etorri zaizkigu burura: «Agian, uharte baten arima osoa, arroka irmoen obsesio baino, itsasoaren kimu kateatua besterik ez da».

Hemendik oso gertu jaio zen Carcia Cabrera, Vallehermoson, lurraren erraietatik bertatik sortutako arroka basatien artean; horrenbestez, poetak oso ondo ezagutzen zuen milaka harramazkekin urratutako lur zati txiki honen esentzia dikotomikoa, sustrai mestizo ukaezinetan irmoki errotatutako uhartea izanik, nola irekitzen dion Gomerak atea Amerikari, mendebalderantz, ozeanoaren bestaldean, kokatutako Amerika mitikoari.

Lurra eta itsasoa

Lurra eta itsasoa dira Gomeraren laburpena. Erraza da hori esatea, horrela baita bisitatu ditudan uharte guztietan. Uhartea zenbat eta txikiagoa izan, are nabarmenagoa da oraindik lotura hori. Eta, bai, guantxeen harribitxi honetan ere bien uztarketak moldatu du lur hauen izaera. Gomera orain dela 12 milioi urte jaio zen sumendi baten indarraren eraginez, itsasoko uretan likido amniotikoan egon izan balitz bezala. Orain dela 2 milioi urte sumendiaren garra isildu eta magmak irteteari utzi zionetik, denboraren joan-etorria nahikoa izan da orografia konplexu eta bortitza sortzeko haizearen eta uraren etengabeko erosioa lagun.

Haran estuek, pitoi mehatxagarriek, errekasto mehartuek, aldapa antzemanezinek, harresien pareko labarrek, profil uhinduek, kostalde bertikalari lapurtutako hondartzek paisaia berezia osatzen dute, bertigoa miresmenaren, harriduraren, gozamenaren lagun banaezin bilakatuz. Pedro Garcia Cabrera bera izan zen Gomera «txirrista-uhartea» bezala definitu zuena; deskripzio egokia zinez, uhartea errusiar mendi bat bezala ikusten dutenentzat agian labur geratuko bada ere.

Bideek mendi magalak miazkatzen dituzte inguruotan ezin susmatuzko txokoetaraino iristeko. Lasaitasuna lagun, aurrera egitera bultzatzen gaituzte beti bideok, urratsez urrats altuera aldaketa etengabeetan murgilduz. Ezinbestean, geologiak gure arreta guztia bereganatzen du, eta paisaiaren keinu bakoitza ulertzen saiatzen gara. Klimaxa Los Organos monumentu natural ikusgarrian heldu da; zutoinez eraikitako abaniko txundigarriek beren oin basaltikoetan apurtzen diren olatuei alegiazko soinu-banda jartzen lagundu digute.

Itsasoak ipar-mendebaldetik heltzen diren alisio haizeak hezetasunez betetzen ditu Gomeran; setatsuak dira haizeok neguan zehar, eta ez hain tematiak udako hilabeteetan. Uharteko gune altuetan hezetasuna geratu eta kondentsatu egiten da, lanbro trinkoa sortu eta basoz betetako paisaia ezkutua laino itsaso bakarti bihurtuz. Egonkortasun termikoa lagun –inguruotan epeltasuna da beti nagusi– azkenerako mirakulua obratzen da, Laurisilva izeneko mirakulua.

Garajonay parkea

Laurisilva oihana Zenozoikoan planetako gune zabalak estaltzen zituen baso motaren erlikia bizia da. Lanbro ohian subtropikal mota honek Makaronesian du egun aterpe, eta, zehazki, Gomera bera da ipar hemisferioan laurisilva oihana ondoen mantendu duen uhartea. Ikuspegi prosaiko batetik deskribatuta, biodibertsitate aberatseko ekosistema da, endemismo ugarikoa eta izugarri hauskorra. Aldiz, ikuspegi poetikoa badugu ardatz, baso misteriotsua, fantasmagorikoa dela esango dugu, edertasun bitxi eta biziki emozionalekoa. Bertako bidexketatik ezezagunerantz aurrera egitean, iluntasunak igarpen joko etengabe batean murgilduko gaitu; berde dirdiratsuak berde ñabartu eta motelekin uztartzen dira, adarrez, zuhaitzen enbor torturatuz, betetako inguruetan.

Laurisilva oihana ezagutzeko lekurik onena Garajonay Parke Naturala da. Uhartearen erdigunea hartzen du, azkenerako amildegi ikusgarrietan amaitzeko zeharka-meharka altuera galtzen doazen mendien artean. Gorabeheraz betetako erliebeotan, begetazio orbanak dibertsifikatu egiten dira: hezetasun handiko mehargune eta haranetan, uhartearen ikur den Persea indica edo viñatigo espeziea da nagusi; hezetasuna gutxitu ahala, aldiz, tokikoek fayal-brezal deitutako basoak dira nagusi, txilarra, faya, mocán, barbusano eta palo blanco landare espezien aterpe; mendi magalak, berriz, loro eta aceviño landare espezieekin betetzen dira; azkenik, gailurretan, lanbroa etengabea eta trinkoa izanik, txilarra da nagusi, gure irudimena dantzan jarriko duen irudi bitxiak marraztuz gainera.

Garajonay izenak «roque altua» esan nahi du guantxeen hizkuntzan eta belaunaldiz belaunaldi gorde du bere izaera sakratua. Guantxeak bertara joaten ziren Orahan euren jainko gorena gurtzera, eta, Gaztelatik etorritako konkistatzaileei aurre egin zieten azken indigenek bertan hartu zuten babes. Kondairaren arabera –XIX. mendeko gorespen erromantikoaren ondorioz sortutako mito apokrifoa da–, harrion gainean egin zuten euren buruez beste Gara eta Jonay guantxe printzesak eta printzeak, amodio, desamodio eta gizarte konbentzioen biktima.

Talaiak eta zeruertza

Laurisilva basoaren euri horizontalak gure pertzepzio ahalmen primitiboak piztu dituela dirudi, eta, hala, Gomerako txistuaren oihartzun zaharrak entzun ditugula iruditu zaigu iraganeko itzalen eta ur malkoen artean. Izpiritu horrek haizatuta, mendian behera egin dugu urratsez urrats. San Sebastian de la Gomera uharteko hiriburura itzuli gara. Bertako Kondearen Dorrea, kondairak dioenez, Beatriz de Bobadillaren eta Kristobal Kolonen arteko harreman lizunen lekuko izan ziren karabelek Ameriketarako bidea hartu aurretik.

Iparralderako bidean, Mojana Parke Naturalean geldialdia egin dugu bertako esne-belar, bejeque eta cardoncillo komunitateak ezagutzeko. Bidean zeruertzera begira jarri gaituzten talaia ikusgarriak aurkitu ditugu: Igualero, Morro Agando, Sobrero eta Manaderos begiratokiak. Guztiek ere presentzia irmo eta indar ukaezineko paisaia sinestezinetan murgildu gaituzte.

Inguruotan herrixkak bat-batean agertzen dira ezerezetik, bihurgune baten ostean, labar baten hondoan, arroka goragune baten atzean edo ibar eder batean. Ayamosna, Vallehermoso, Alojera, Tagulche... bata bestearen atzetik agertuko zaizkigu, patxadatsu, abegitsu, urruntasunak, bakartasunak eman ohi duen aire axolagabeaz. Herrixkotatik San Isidroren ermitaraino joan ohi ziren nekazariak euren zaindaria gurtzera, eta, bide batez, Epinako iturriak bisitatzera; izan ere, bertako zazpi iturrietako urak dohain sendagarriak omen dituzte, eta amodio igarpenak egiteko ere baliagarriak omen dira...

Fortaleza de Chipude domo ikusgarriko horma arrokatsu eta bertikaletan, nekazaritzarako balio duten terraza ezin ederragoak sortzen dira. Hori bai, edertasuna nonahi ageri da inguruotan, eta horren erakusle dira Roque Cano, Chijere gailurra, Roque de Las Lajas, Hermigua, eta, batez ere, Valle Gran Rey. Hondoan itsasoa dugu deika Palmarejo begiratokitik, eta, ezin bestela esan, bere bila goaz okrez eta beltzez zipriztindutako arrats ikusgarriaz gozatzeko...