Andoni Arabaolaza

Rebeca Mariñok eta Julen Larruzeak Elur Gaineko Espainiako Kopa irabazi dute

Nahiz eta zirkuituaren azken proban ez duten irabazi, korrikalari nafarra eta bizkaitarra Fedme-ren zirkuituak banatu dituen tituluekin egin dira. La Covatillako atzoko proban, nesketan, Oihana Kortazar azkarrena izan zen.

Julen Larruzea atzoko proban; bizkaitarra Espainiako Koparen tituluarekin egin da. (FEDME)
Julen Larruzea atzoko proban; bizkaitarra Espainiako Koparen tituluarekin egin da. (FEDME)

La Covatillako (Bejar) probarekin, Fedme-k antolatutako Snowrunning edo Elur Gaineko Espainiako Kopa atzo amaitu zen. Erregulartasunaren zirkuituak, denera, lau hitzordu izan ditu, eta, puntu guztiak batu ondoren, bi euskal korrikalari aurtengo ekitaldiaren tituluekin egin dira. Rebeca Mariño nafarra eta Julen Larruzea bizkaitarra protagonistak izan dira; hots, lasterkari erregularrenak.

La Covatillako lasterketak, beraz, bi euskal korrikalariok podiumaren lehen kutxara eraman ditu. Nafarroako Larra-Belaguako lehiaren ondoren, behin-behineko sailkapena oso estu zegoen. Mutiletan, Larruzea buru zen; nesketan, ordea, Nuria Dominguez.

Atzoko lasterketa arratsaldeko 5:30ean hasi zen, eta irteera puntuan 200 korrikalari bildu ziren. Hauek guztiek 12 kilometro eta 1.200 metroko goranzko desnibela zituen ibilbide eder bati ekin behar izan zioten. Azpimarratu behar da lasterkariek haizete indartsuen aurka borroka handia egin behar izan zutela.

Emakumezkoen proban, trail running edo mendi lasterketetan oso entzutetsua den Oihana Kortazarrek parte hartu zuen. Nahiz eta zirkuitu honetan lehen lehia zuen, korrikalari gipuzkoarrak erakutsi zuen oso sasoiko dagoela. Kortazar aise gailendu zen 1:39:46 denborarekin. Bigarren sailkatuari, Mariñori, ia hiru minutuko aldea atera zion. Faboritoetako batek, Dominguezek, hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen.

Bigarren postu horrek, eta batez ere Larra-Belaguan lortutako garaipenari esker, Mariño nafarra Espainiako Koparen tituluarekin egin da. Nesken mailan, lasterkari nafarrak ezusteko handia eman du. Bigarrena Dominguez izan da, eta hirugarrena Patricia Muñoz.

Kranpoi batekin arazoak

Mutilen kategorian, bestalde, Larruzeak ez zuen batere zorterik izan. La Covatillako ibilbidearen lehen itzulian lider zegoen 37:10 denbora markatuz. Baina kranpoi batekin izaniko arazo batek erritmoa galtzera eraman zuen. Beraz, bigarren itzulian korrikalari bizkaitarrak ezin izan zuen bere lidergoa kudeatu, eta, azkenean, hirugarren postuan helmugaratu zen 1:22:17 denborarekin. David Lopez izan zen irabazlea, eta Larruzeari bi minutuko aldea atera zion.

Nahiz eta azken hitzordu horretan hirugarrena izan zen, Larruzeari ez zion ihes egin Espainiako Koparen aurtengo ekitaldia. Lehen hitzorduan (Leon) hirugarrena izan zen, Granadako bigarrenean zortzigarren, Larra-Belaguan irabazi zuen eta, atzo, hirugarren postua sinatu zuen. Fedme-ren elur gaineko lasterketen zirkuitu horretan erregularrena izan da, bigarren postua Guillermo Ramosentzat izan da, eta hirugarrena Lopezentzat.