NAIZ

Haurreskolak Partzuergoan negoziatzeko «borondate eza» leporatu diote Lakuari

Greba deituta daukate gaurko Haurreskola Partzuergoan eta LAB, Steilas eta ELA sindikatuek jakinarazi dutenez %72ko jarraipena izaten ari da. «Lotsagarria iruditzen zaigu EAEko Hezkuntza Saileko arduradunen negoziatzeko borondate eza eta langileon aldarrikapenei horrela muzin egitea».

Haurreskolak Partzuergoan greba deitu dute gaurko LAB, Steilas eta ELA sindikatuek. (Monika DEL VALLE / FOKU)
Haurreskolak Partzuergoan greba deitu dute gaurko LAB, Steilas eta ELA sindikatuek. (Monika DEL VALLE / FOKU)

LAB, Steilas eta ELA sindikatuek, Haurreskolak Partzuergoan, bi hilabetetan Lakuako Hezkuntza Sailaren «berririk gabe» jarraitzen dutela salatu dute gaurko greba egunean. Ohar baten bidez adierazi dutenez, langileen artean %72ko jarraipena izan du astelehen honetan. Bihar eta etzira ere luzatuko da protesta. 

«Lotsagarria eta erantzukizun politiko eskasa izatea iruditzen zaigu EAEko Hezkuntza Saileko arduradunen negoziatzeko borondate eza eta langileon aldarrikapenei horrela muzin egitea», adierazi dute sindikatuek ohar baten bidez. Azpimarratu dutenez, abenduaren 22an egin zuten azken bilera Lakuarekin eta, bertan, «haurreskolen bideragarritasuna zalantzan jartzeaz gain, 2018ko irakaskuntza publikoko kolektibo guztien mobilizazioen baitan burutu genuen dinamika luzearen osteko akordioen artean, Haurreskolak Partzuergoan sinatutakoa soilik ez dagoela indarrean esatera ausartu ziren inongo lotsarik gabe», nabarmendu dute.

Berririk gabe jarraitzea «negoziazio kolektiboaren kontrako eraso zuzena» dela iritzi dute eta «alde sozialaren lana oztopatzeko eta ikusezin bihurtzeko ahalegina» dela. Horren erantzule egin dute Jokin Bildarratz sailburua. «Urteetan zehar Haurreskolak Partzuergoan lortutako hezkuntza kalitatearen defentsan egindako lanaren eta langileak mobilizazioen bitartez lortutako lan baldintzen hobekuntzen defentsan jarraituko dugula argi utzi nahi dugu», gehitu dute.

Bildarratzi, haurreskolen etorkizunaren inguruan «garbi hitz egin dezala» eskatu diote. Zentzu horretan, pandemiaren ondorioz baldintza ekonomikoak okertu zaizkien familiei kuoten hobariak gauzatzeko eta Lakuari egin zion eskaera nola gauzatuko den argitzea ere eskatu diote. «Legebiltzarrak eskatu zizkion erabateko doakotasunerako urratsak noiz emango dituen azaltzea dagokio».

«Haurreskolak Partzuergoaren etorkizuna hezkuntza zerbitzu honen doakotasunean eta Hezkuntza Sailean integratzearekin bermatuko dela uste dugu. Bada garaia 0 eta 3 urte bitarteko Haur Hezkuntzako lehenengo zikloari merezi duen aitortza emateko», nabarmendu dute.

Langileen aldetik, era berean, behin-behinekotasun tasa jaitsi eta lanpostuak egonkortzearen beharra adierazi dute. Honela, lan-hitzarmen berri baten negoziazioa abiatzea aldarrikatu dute.

Gaur hiriburuetan elkarretaratzeak egin dituzte eta «eskerrik beroenak» helarazi dizkieta  bat egin duten «langileei, familiei, udalei, alderdi politikoei (EH Bildu) eta hezkuntza eragileei (Hezkuntza plazara, Ikama, ...)». Bihar, berriz, Eibarren kotxe karabana egingo dute eta, arratsaldean, hainbat herritan mobilizazioak antolatu dituzte haurreskolako hezitzaile eta familiek. Asteazkenean, aldiz, Lakua inguratuko duen manifestazioa deitu dute.