Garazi Lasa

Kalean da Hooren single berria: ‘BI’

‘BI’ du izena HOOk abeslari bizkaitarraren lan berriak. Hip-hoparen soinua eta emo estiloa nahasten dituen abestia da. Enkore taldeko abeslari ohiak bakarkako bidea hartu du orain.

«Enkore are fucking dead», Enkore hilda dago, esaldia egon da jarrita Hooren sare sozialetako biografian denbora luzez. Izan ere, bakarkako bideari ekin dio Xabi Hook, Enkore taldean 10 urtez frontman gisa aritu eta gero. Garai bati amaiera emanda, baina iragana ukatu gabe, ‘BI’ singlea kaleratu du otsailaren 19an abeslari bilbotarrak, hip-hoparen soinua eta emo estiloaren sentsazioak ‘vibe’ berean batuz.

Moustak Enkore taldeko bateria-jotzaileak ekoiztua izan den abesti honek Bilboko abeslariaren aurpegirik sentikorrena erakusten du. Txikitatik aritu da rap eta R&B doinuak entzuten eta Enkore taldean ibilbidea garatu ondoren bi unibertsoak lotzen ditu bi minutu eta erdi hauetan.

Abestiaren sarrera entzutearekin nahikoa da abesti erakargarria dela jakiteko. Bertsoz-bertso doa beat-aren gainetik gitarra arpegio batek lagunduta. Abestiaren amaierak ere badu burutik kendu ezin izango dugun doinu itsaskorra. Bizkaieraz abestutako abesti honetan, artistak bihotza irekitzen du letretan. Auto-sabotajea, harreman toxikoak eta «bidea ez ikustea» dira besteak beste hitzetan nabarmendu dituena, baita askatasun pertsonala bilatzea eta sendatzeko nahia ere. Soinu bilduman ikusi daitezke Hooren potentzia eta nortasun guztia.

Atera berri duen singlea, ‘BI’, aurrerago kaleratuko duen '003' mixtapearen aurretik etorri den aldarrikapen boteretsua da. Mixtape horretan aurkituko ditugun ia abesti guztiak kalean daude jada, 'ZERO freestyle' izan zen ateratako lehen abestia, prologoa. Aurrerago 'BAT ft. CCCorazón' singlea atera zuen, aurreko ostiralean, otsailaren 19an, kaleratu zen 'BI' eta, 'HIRU' abestia ezagutzea baino ez zaigu falta.

Hemen entzun dezakezue 'BAT ft. CCCorazón' kantua atera zuenean Musikharia saioan Xabi Hoorekin Iker Gurrutxagak izan zuen solasaldia.