NAIZ

Osoko zuzenketa aurkeztuko diete EH Bilduk eta Elkarrekin Gipuzkoak Aldundiaren aurrekontuei

Osoko zuzenketa aurkeztuko die EH Bilduk EAJk eta PSEk zuzentzen duten Gipuzkoako Aldundiaren aurrekontuei, Juan Karlos Izagirre eta Estitxu Elduaien batzarkideek jakitera eman dutenez. Elkarrekin Gipuzkoak ere beste osoko zuzenketa bat aurkeztu du.

Estitxu Elduaien eta Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako EH Bilduren batzarkideak. (EH BILDU)
Estitxu Elduaien eta Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako EH Bilduren batzarkideak. (EH BILDU)

EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu dio Gipuzkoako foru gobernuak aurkeztutako aurrekontu proposamenari. Juan Karlos Izagirrek eta Estitxu Elduaienek eman dute gaur horren berri. «Osoko zuzenketa aurkeztu dugu, ezin dugulako ulertu gauden egoeran egonda, pandemia batean, eta aurreikusten dugun krisi sozial eta ekonomikoaren aurrean, Foru Aldundiak aurkeztutako aurrekontuak aurreko urtekoen jarraipena izatea. Denok dakigu beharrak asko aldatu direla, asko hazi dira, behar handiak ditugu aurtengoan gipuzkoarrok eta, horregatik, egoera ezohiko horri erantzungo dioten baliabideak jarri behar ditugu euren esku. Ezohiko aurrekontu batzuk behar ditugu eta, zoritxarrez, aldundiak ez du hori egin», adierazi du Izagirrek.

EH Bilduk pasa den abenduan egin zion bere proposamena Aldundiari baina foru Gobernuak ez duela aintzat hartu esan du Elduaienek. «Bi ardatz nagusi zituen gure proposamenak: batetik, politika sozialetan 100 milioi euroko igoera proposatu genuen eta Aldundia 19 milioitan gelditu da (28 milioi, Adinberrirako aurreikusitako bederatzi milioiak kontuan hartzen baditugu). Beharren laurdena baino ez. Horregatik proposatzen dugu 72 milioi gehiago bideratzea zaintza-sistema duintzeko. Bestetik, sektore ekonomiko kaltetuenei laguntzeko 50 milioi euroko funts bat proposatu genuen eta foru Gobernuak zortzi milioi besterik ez ditu aurreikusi. 42 milioi gehiago beharko lirateke sortuko diren beharrei erantzuteko».

Beharrak igo diren une honetan, Izagirrek adierazi du horiei erantzuteko behar-beharrezkoa dela halaber aurrekontuetarako diru-sarrerak berrikustea. Diru-iturriak zeintzuk izango liratekeen ere jaso zuen EH Bilduk abenduan egindako proposamenean: zorpetzeko gaitasuna, soberakinak, politika fiskaletan aldaketak (2021erako covid-19 tasa eta epe ertain-luzerako aldaketa sakonak politika fiskaletan) eta departamentu ezberdineko diru-lerro batzuen aldaketak. «Soberakina eta zorpetzeko gaitasuna erabili dira aldundiak aurkeztutako aurrekontuetan, baina ez beste bi diru-iturriak», zehaztu du.

EH Bilduren esanetan, covid-19 tasa berezi hori aplikatuz, eta foru Gobernuak aurkeztutako aurrekontuetan une honetan beharrezkoak ez diren hainbat diru-lerro murriztuz edo kenduz, 120,7 milioi euro lortuko lirateke, horietako 114 lehen aipatutako behar sozial eta ekonomikoetara zuzenduta egongo liratekelarik. «Eta, aurrera begira, zerga-sistema bera aldatzea ere planteatzen dugu, sistema justuagoa eta aberastasuna hobeto banatzeko balioko duena», gaineratu du Izagirrek.

Aurrekontuen inguruko lehenengo Osoko Bilkura datorren martxoaren 5ean izango da.

Elkarrekin Gipuzkoak ere bai

Elkarrekin Gipuzkoa taldeak ere osoko zuzenketa aurkeztu du EAJ-PSEren aurrekontuen kontra, «pandemia ahaztu eta krisi aurreko planei eutsi» egiten dielako.

Elkarrekin Gipuzkoaren arabera, Aldundiaren aurrekontu egitasmoak «ez ditu herrialdearen benetako beharrei erantzuten eta beste behin gutxi batzuen mesedetan egin dira, gehiengo sozialaren kalterako».

«Gipuzkoako Aldundiak ez du publikoaren aldeko aposturik egiten, nahiz eta birusaren aurkako tresnari eraginkorrena dela frogatu bada ere», gaineratu du Elkarrekin Gipuzkoak.