NAIZ

Beste 300 neskato bahitu dituzte gizon armatuek Nigeriako eskola batean

Gutxienez 317 neskatxa desagertuta daude Nigeriako ipar mendebaldeko eskola batean, ostegun gauean gizon armatuak sartu eta eraso ondotik. Inguru horretan ugaritzen ari dira ikasleen bahiketa masiboak.

Kagarako eskolako gela huts bat. Gizon armatuak sartu eta ikasleak bahitu zituzten bertan ere. (AFP)
Kagarako eskolako gela huts bat. Gizon armatuak sartu eta ikasleak bahitu zituzten bertan ere. (AFP)

317 neskato desagertuta daude ostegun gauaz geroztik Nigeriako Jangebeko eskolan, Zamfara estatuan. Gizon armatuak sartu eta eraso egin zieten, tokiko agintariek AFP agentziari baieztatu diotenez.

«Ibilgailuetan iritsi ziren eskolara eta nesketako batzuk eurekin joatera behartu zituzten», adierazi du Sulaiman Tunau Anka tokiko Gobernuko bozeramaileak. Ordu batzuk geroago, Poliziaren ordezkari batek, Mohammed Shehuk, orotara 317 neskato bahitu zituztela ziurtatu zuen. Biktimak eraman zituzten tokira «armaz oso ondo hornitutako» ekipo bat bidali zutela erantsi zuen. Irakasle batek aurretik abisatua zuen 300 gazte desagertuak zeudela.

Beste irakasle baten arabera, erasoa gertatu zenean 600 nerabe logela kolektiboetan zeuden eta «50 soilik topatu zituzten». Zehaztu zuenez, agertu ez ziren ikasleak bahituak egon daitezke, edo baliteke ihes egitea lortu izana ere.

Bahiketa gehiago

Bahiketa hau antzeko gehiagoren ondotik etorri da. Nigeriaren erdialdean eta ipar mendebaldean gertatu dira denak eta biztanleria izututa daukaten talde kriminalak daude atzean. Aziendak lapurtzen dituzte, eta herriak hustu.

Joan den astean 40 lagun (tartean 27 ikasle) bahitu zituzten Kagaran, Niger estatuan, eta 344 neraberi gauza bera gertatu zitzaien abendu hasieran Kankaran, Katsina estatuan.

Kasurik berrienean, Nigeriako presidenteak, Muhammadu Buharik, erreskate operazio bat abiatu zuen eta gaur egun bahitzaileekin negoziatzen ari dira. Bahituak ez dituzte askatu, ordea.

Kankarako nerabeei dagokienez, aste batez preso eduki ondotik askatu zituzten, talde kriminalen eta tokiko gobernuen negoziazioen ostean. Mundua hunkitu zuen bahiketak eta 2014an Boko Haramek Chiboken bahitutako 200 neskatoak ekarri zituen gogora.

Talde hauetako batzuek ipar ekitaldeko talde jihadistekin harremana dutela eta sarri Rugu basoan ezkutatzen direla azaldu du AFP agentziak. Baso hori lau estaturen artean dago: Katsina, Zamfara, Kaduna eta Niger.

Eskolen kontrako erasoak areagotu dituzte

Urteak dira bahiketak egiten dituztela gero trukean dirua eskatzeko, errepideen bidegurutzeetan autobusak erasoz, edo herrietan sartuz. Baina azken hilabeteetan eskolen kontrako ekintzak areagotu dituzte.

«Talde hauentzat, Gobernuaren dirua lortzeko bitartekorik errazena ikasleak bahitzea da orain», baieztatu zuen Idayat Hassan Demokraziarako eta Garapenerako Zentroko zuzendariak, Kagarako bahiketa eta gero.

«Gobernuak premiaz bermatu behar du eskoletako segurtasuna (...) bestela Chibokeko eta Kankarako bahiketek auspoa emango diete beste batzuei are okerrago jokatzeko», erantsi zuen.

Talde hauen indarkeriak 8.000 hildako utzi ditu 2011tik eta 200.000 lagun behartu ditu etxetik eskapo egitera, International Crisis Group (ICG) taldeak 2020ko maiatzean plazaratutako txosten baten arabera.