NAIZ

Covid-19a aitzakia hartuta espetxeak itxi dituztela salatzeko mobilizazioak

Pandemiaren aitzakiaz, duela urtebete gertatu bezala, «Estatuek espetxe barruan beste espetxe bat eraikitzea erabaki dute». Otsaileko azken ostiral honetan egoera salatu dute, Iruñeko Gobernu espainolaren Ordezkaritzaren aurrean eguerdian eginiko elkarretaratzea seinale.

Iruñean, Gobernu espainoleko Ordezkaritzaren aurrean. (Etxerat)
Iruñean, Gobernu espainoleko Ordezkaritzaren aurrean. (Etxerat)

Pandemiaren urteurrena betetzear delarik, berriz ere bisitak egiteko debekua ezarri da Estatu espainoleko kartzela gehienetan, ia guztietan. Horrek dakarren eskubide bortxaketaren aurka atera dira kalera gaur ehunka lagun Euskal Herriko toki ezberdinetan, Etxeratek eta Sarek deituta, eta otsailaren azken ostiralarekin ere bat eginez.

Esaterako, eguerdian Gobernu espainolak Iruñean duen Ordezkaritzaren aurrean elkarretaratzea burutu da. Azken hau Nafarroan lanean diharduen SOS Presoak Covid dinamikaren barruan gauzatu da, zeinean Salhaketak ere parte hartzen duen.

Egoerari buruz zertzelada ugari eman ondoren, galdera hauek luzatu dituzte: «Kutsatzeko benetako arriskurik al dago kristal bat tarteko egiten diren komunikazioetan, kontuan hartuta ez dagoela inolako kontaktu zuzenik bisitarien eta presoen artean? Kutsatzeko benetako arriskurik al dago bisean biseko komunikazioetan, bisitarien eta presoen arteko zuzeneko kontakturako aukera ematen denetan, kalean ezarri diren prebentzio neurri berberak betetzen badira?».

«Komunikazioak bertan behera uztea, baita mintza-lekuetan ere, oso neurri murriztailea da, eta presoen eskubideen kontrako eraso zuzena eta bortitza, pertsona hauen osasun mentalari eragiten diona eta gizarteratzea oztopatzen duena, Konstituzioaren beraren 25.2 artikuluanagintzen denaren kontra», laburbildu du SOS Presoak Covid ekimenak.

Egun honetan Etxeratek gogora ekarri duenez, «Espainiako Barne Ministerioak espetxeak blindatzeko hartutako erabakiak motatako guztitako komunikazioak bertan behera uztea ekarri du, baita lekualdatzeak ere. Baina euskal presoen urrunketarekin eta dispertsioarekin behingoz bukatzeko emandako pausoak ezin dira orain eten. Hau guztia presoen eta haien gertukoen eskubideen aurkako erasoa da».

«Eskubide-urraketak, ordea, ez dira berriak, orain dela urtebete alarma-egoera ezarri zenetik urratzen dira presoen eskubideak; harrezkero, itxiera perimetralak egon dira, bertan behera utzi dira familiako komunikazioak eta bisitak mintzalekuan. Badira hilabete asko Frantzian eta Espainian preso dauden zuzeneko senideak ikusten ez dituzten adingabeak; etsi egin duten adineko senideak», erantsi du.

Senideen aburuz, «Estatuek espetxe barruan beste espetxe bat eraikitzea erabaki dute, espetxeak itxiz, egoera ahal den neurrian arintzeko neurriak hartu beharrean. Presoek arrisku-taldean daude eta oraindik ere ez dituzte ezarri haien osasuna ahalik eta gehien babesteko neurriak, hala nola, kalitatezko musukoak emanez; kopuru egokian, bai eta txertoa jartzeko orduan presoei ere lehentasuna emanez, funtzionarioei ematen zaien bezala. Bestalde, Frantziako espetxeetara iristean, senideentzat test azkar eta doakoak egitea eskatu dugu; eta bai Espainian zein Frantzian, bisitak eta komunikazioak lehenbailehen berreskuratu behar direla aldarrikatzen dugu».

Honi guztiari aurre egiteko, hurbilketak azkartzearekin batera, gaixotasun larriak dituztenak eta 65 urtetik gorakoetatik hasita askatzeko beharra nabarmentzen du Etxeratek. «Nazio Batuen Erakundeak, OMEk eta Europako Kontseiluak gomendatu bezala, aske egon beharko liratekeela, haien osasunerako eta bizitzarako eskubidea bermatzeko», ekarri du gogora.