NAIZ

Zerbitzu sozialetan zaintza lanak aitortzea eskatuz, greba deitu dute EAEn

Zerbitzu sozialetan zaintza lanen «aitortza» defendatzeko eta ereduaren goitik beherako aldaketa bat bultzatzeko, LAB eta ELA sindikatuek greba deitu dute martxoaren 4rako.

EAEko zerbitzu sozialetan zaintza lanak aitortzea eskatuz, greba deitu dute martxoaren 4rako. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
EAEko zerbitzu sozialetan zaintza lanak aitortzea eskatuz, greba deitu dute martxoaren 4rako. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

LAB eta ELA sindikatuek greba deitu dute martxoaren 4rako, zerbitzu sozialetan zaintza lanen «aitortza» aldarrikatuz. ELAk, ohar baten bidez, gogora ekarri du azaroaren 17an eta urtarrilaren 26an ere egin zituztela protestak.

«Pandemiak argi utzi du gizarte zerbitzuak zein garrantzitsuk diren bizitza mantentzeko», adierazi du LAB sindikatuak. Baina, orain arte, «negozioa egiteko aukeratzat» hartu izan direla salatu du. Hori dela-eta. ereduaren «aldaketa oso bat» defendatu eta gizarte zerbitzuak «publifikatu eta zerbitzu hauen kalitatea bermatuko dituzten arauak» onartzea eskatu diete erakundeei. «Langile eta erabiltzaileen iritzia kontutan hartzea beharrezkoa da».

Era berean, «aitortza falta» horrek «prekarietatea areagotzea» dakarrela azpimarratu du LABek. Beraz, greba egunean zerbitzuak publikatzea, arreta sistemak arautzea, erabiltzaile eta langileen parte hartzea sustatzea, lan hitzarmenak desblokeatzea eta ratioen dekretuak behar bezala eguneratzea defendatuko dute.

ELA sindikatuak, era berean, Lakuako Gobernuari «beste alde batera begiratzea» leporatu diote. «Martxoaren 8an ahoa betetzen zaie hitz politez baina egunerokotasunean eta covid-19 pandemiaren aurrean langileak bakarrik uzten dituzte». Zentzu horretan, «daukaten interes bakarra enpresei dirua bideratzea» dela salatu du sindikatuak. 

«Plantilla guztiz eskasak eta ratio gizagabeak, izugarrizko lan-kargak dakartzatenak eta behar besteko arreta bermatzen ez dutenak, eta, era berean, pertsonek zainduak izateko duten eskubidea urratzen dutenak», gehitu dute.

Honela, «propaganda gutxiago eta irtenbide gehiago» eskatu dituzte. «Aldarrikatuko dugu ezinbestekoa dela sistema aldaketa bat, zaintza publikoa izan behar dela: lanera beldurrik gabe joatea bermatzen duen sistema, interes kapitalista eta alderdikoien aurrean blindatuta egongo dena», adierazi dute.

«Lan-baldintza duinekiko sistema, genero-arrakala ezabatzeko benetako neurriak, laneko osasuna bermatzeko neurri eraginkorrak eta erreparazio emozionalerako plan bat» defendatuko dute.