Joseba Salbador Goikoetxea
Elkarrizketa
Ainhoa Alvarez Diaz de Arcaya
Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen elkarteko lehendakaria

«Txikiak gara, baina modernoak»

Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen Elkartea da TopTopa proiektua bultzatu duen elkarteetako bat. Bertako lehendakaria dugu Ainhoa Alvarez Diaz de Arcaya, Altsasuko Sakana Optikako nagusia.

Ainhoa Alvarez, Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen elkarteko lehendakaria, Altsasun duen optikan lanean.
Ainhoa Alvarez, Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen elkarteko lehendakaria, Altsasun duen optikan lanean.

Noiz eta nola erabaki zenuten proiektua martxan jartzea?
Azken urteotan asko ari ziren indartzen Nafarroako iparraldeko dendarien elkarteen arteko harremanak, administrazioen aurrean denok elkarturik indar handiagoa egin dezakegulako. Horrela sortu genuen Denok Bat federazioa. Eta federazio honen baitan izaten genituen bileretan atera zen «market place» bat sortzeko ideia. Berez, ideia aspalditik dator, baina pandemia egoerarekin ikusi dugu askoz ere beharrezkoagoa dela eta horregatik jarri dugu orain martxan.

Zein dira «online» plataforma honen ezaugarri nagusiak?
Argi daukagu txikiak garela, baina modernoak. Gizartea aldatzen ari da eta gizartearekin batera nahi dugu joan; horregatik sortu dugu denda txikien erakusleiho handi bat izan nahi duen plataforma hau. Bestalde, guztiok profil bereko dendariak gara; hau da, herri txikietan gaude eta gure bezero gehienak euskaldunak dira. Horregatik, gure eduki guztiak bi hizkuntzatan daude eta nahi duenak euskaraz egin ditzake erosketak. Hori oso garrantzitsua da guretzat.

Zer motatako eskaintza aurki daiteke?
Denetarik: botikak, lurrindegiak, arropa-dendak, oinetako-dendak, loradendak, txokolategiak… Betiere kalitatezko eskaintzarekin eta prezio lehiakorrekin. Datozen hilabeteetan, gainera, fidelizazio txartela eskualde guztietara zabaltzeko asmoa daukagu. Momentu honetan martxan dago Baztanen, Bortzirietan eta Donezteben, eta ahal dugunean Sakanan ere jarri nahi dugu.

Laguntzarik jaso duzue plataforma martxan jartzeko?
Bai, Cedernak laguntza handia eman digu eta oso eskertuta gaude guk aurkeztutako proiektuan erakutsi duen konfiantzagatik.

Zer nolako harrera jaso du proiektuak?
Gustura gaude. Hasi besterik ez gara egin eta espero dugu pixkanaka kopurua handitzen joatea. Badakigu ez dela erraza, batez ere kaleko denda txikientzat: “online” plataformak beti egon behar du eguneratua, argazkiak atera behar dira… Baina itxaropentsu gaude. Nire nahia datozen urteetan dendari txikien elkarte hau Nafarroa osora zabaltzea da.