NAIZ

Alvaro Romero snowboarder donostiarrak lehen podiuma lortu du Europako Kopan

Gipuzkoarrak zilarra eskuratu du Austrian jokatutako Europako Kopako lasterketan. Michael Perlek eraman du metal preziatuena eta Matteo Menconi italiarra hirugarren izan da. Imanol Rojo eskiatzailea 19. izan da Oberstdorfen jokatzen ari diren Munduko txapelketako 15/15km C/F eskiatloia proban.

Alvaro Romero bigarren izan da Reiteralmen jokatutako Europako Kopan. (BASQUE TEAM)
Alvaro Romero bigarren izan da Reiteralmen jokatutako Europako Kopan. (BASQUE TEAM)

Alvaro Romero Basque Team Fundazioko kideak Europako Kopan bere lehen podiuma sinatu du, gaur, Reiteralmen (Austria) korritutako lasterketan bigarren bukatu ostean. Michael Perlek eraman du metal preziatuena.

Rider donostiarra denboraldi bikaina egiten ari da. Urte honetako urtarrilean bere lehen garaipena lortu zuen FIS lasterketa batean, hura ere Reiteralmen, eta hilabete honetan, Idre Fäjllen –Lucas Eguibar munduko txapeldun izan zeneko proban– maila absolutuko Munduko Txapelketan debutatzeko aukeratuetako bat izan da.

Larunbat honetako sailkatze proban laugarren denborarik onena egin du, ondoren proban lehiatu diren 32 kirolarien artean sartzeko. Final-zortzirenetan onena izan da, Bell kanadarrari, Powondra austriarrari eta Zerava txekiarrari gailenduta. Gauza bera gertatu da final-laurdenetan, Mason eta Bell Kanadako snowboarderrak eta Kroh austriarra azpiratuta. Bere finalerdian soilik Perle estatubatuarrak gainditu du Alvaro. Biek atzean utzi dituzte Bitschnau suitzarra eta Mason kanadarra.

Finalean aipatutako Michael Perlek eraman du metal preziatuena, Alvaro Romerok bigarren postuan bukatu du, Matteo Menconi italiarra hirugarren izan da eta Guillaume Herpin frantziarra laugarren.

Gaurko podiuma beste lorpen bat da Alvaro Romeroren ibilbide oparo. Lucas Eguibarren ondorengoa izateko dohainak dituen donostiarrak Isolako (Frantzia) junior mailako lasterketa irabazi zuen 2019an eta hirugarren izan zen 2020ko edizioan. Gainera, 2020an Suitzan jokatu ziren Gazteriaren Olinpiar Jokoetan brontzezko domina irabazi zuen.

Bestalde, Lucas Eguibarrek Georgiako Munduko Kopetan ez parte hartzea erabaki du bizkarrean duen minagatik. Ikusi beharko da, beraz, Veysonnazeko Munduko Koparako bueltatzen den edo oraindik osatu beharko den.

Imanol Rojo, eskian bikain

Imanol Rojok Mundial batean bere emaitzarik onena erdietsi du larunbat honetan lehen 20 eskiatzaileen artean amaituta. Tolosarrak 19. postuan bukatu du 15/15km C/F eskiatloia Oberstdorfen jokatzen ari diren Munduko txapelketan.

5, 9.7, 15, 20 eta 26.3 kilometroetako partzialek erakusten duten bezala, Imanol Rojok hobera egin du lasterketan zehar. Proba amaitzean berak baieztatu dio Basque Team Fundazioari emaitzarekin oso pozik dagoela. Estilo klasikoko tartean oso ondo sentitu da eta eskiek hegan egin dute. Probaren bigarren zatian top 10era iristetik gertu egon da gainera. Azkenean, ordu bat, 14 minutu eta 23 segundoko lan gogorraren ostean, Alexander Bolshunov garailearengandik 2:49.6ra helmugaratu da tolosarra.