NAIZ

Arbasoei egin die kantu Idoia abeslariak ‘Aulki jokoa’ single berrian

‘Ilun eta abar’, Idoiaren lehen lan luzea izango denaren aurkezpen txartela da ‘Aulki jokoa’. Lehen single honetan, arbasoei eta haiek utzitako hutsuneari abestu die abeslari aramaioarrak.

Apirilean du aurkeztekoa Idoia abeslari gazteak bere lehen lan luzea, ‘Ilun eta abar’ diskoa. Aurkezpen txartel modura, ordea, ‘Aulki jokoa’ singlea plazaratu berri du.

Aurretik plataforma digitalean argitaratu gabea bada ere, Donostiako eszena musikala ondo baino hobeto ezagutzen du aramaioarrak. Besteren artean, Chillida-Leku museoko, Jazzaldiko, Donostia Festibaleko edota Tabakalerako oholtzetara igoa da Idoia, ahoz-ahokoak oraindik ere funtzionatzen duenaren adierazle. «Bere zuzenekoetan sortzen den energiak barruraino sartu eta sekula desagertzen ez den ametsezko mundu batera zaramatza», ziurtatu dute Gin Musica-tik.

‘Aulki jokoa’ abestiarekin eta haren bideokliparekin estreinatu ditu sareak aramaioarrak eta, bertan, abeslariaren alderdi sentikor eta ameslariena irudikatu nahi izan dute. Pop britainiarraren zantzuekin abiatzen da kantua, Idoia piano zaharkitu bezain eder baten aurrean dagoela, eta lehen nota garbietatik abiatuta folkerako bidea hartzen du gero kantuak. Letrak familiarekiko eta gertuan ditugunekiko maitasuna ekartzen digu gogora, eta desagertuak diren arbasoen hutsuneak hartzen du nagusitasuna.

Nestor Urbietaren sinadura darama abestiarentzat sortu duten bideoklipak. Bertan, familia bazkariak eta lagunarteko solasaldiak azaltzen dira, kantuaren nostalgia kutsua areagotzen duten une gogoangarriak.

‘Ilun eta abar’ diskoaren aurrerapen kantua da ‘Aulki jokoa’. Diskoa Donostiako Muir estudioetan grabatu dute eta, ondobidean, apirilaren 23an ikusiko du argia.