Andoni Arabaolaza

Cum laude Patagonian Sean Villanuevarentzat

Hilaren 5etik 10era, eskalatzaile belgikarrak Fitz Roy mendilerroko zeharkaldia bakarka egin zuen. Sei egun horietan 4.000 metrokogoranzko desnibelari eta 6c eta 50º zailtasunei egin behar izan zien aurre. Jarduera horri Moonwalk Traverse deitu dio.

Hilaren 5ean hasi eta 10ean bukatu zuen jarduera Sean Villanuevak, den-denak ahoa bete hortz utzita. Eskalatzaile belgikarrak sei egun behar izan zituen Fitz Roy mendilerroko bederatzi erpin lotzeko. Hots, zeharkaldi hori egin ahal izateko. Skyline entzutetsu hori, gainera, bakarka egin du. Eta horregatik diogu askorentzat zaila dela sinatu berri duen jarduera bikain hori ulertzea.

Patagoniako orratzak, paretak eta zeharkaldiak ondo baino hobeto ezagutzen dituzten bi espezialista handik beren iritzia plazaratu nahi izan dute. Colin Haley estatubatuarrak, adibidez, adierazi du Villanuevak egin duena Patagonian inoiz egin den jarduera azpimarragarriena dela. Rolando Garibotti argentinarrak, berriz, honakoa hau gehitu du: «Imajinaezina zirudien, baina errealitateak, antza denez, muga horiek gainditzeko tresna omen du».

Baina lerrootako protagonistak, zehatz-mehatz, zer egin du? Bada, bederatzi orratz horien zeharkaldian 4.000 metroko goranzko desnibela pilatu eta 6c eta 50° zailtasunak gainditu. Eta berriro diogu, jarduera oso-osoa bakarka egin du.

Patagonian sona handia duen skyline horri Moonwalk Traverse deitu dio. Bide batez, aipatu behar dugu zeharkaldi hori egiten lehenak Tommy Caldwell eta Alex Honnold izan zirela. 2014. urtean izan zen, eta bost egun behar izan zituzten: otsailaren 12tik 16ra. Villanueva, beraz, bigarrena izan da; eta, gainera, zeharkaldiaren norabideari dagokionez, alderantziz egin du.

Fitz Royko zeharkaldi hori hasteko, Villanueva hego-ekialdetik hurbildu zen. Glaziarraren hasieran dagoen kobazulo batean gaua igaro eta hilaren 5ean ekin zion jarduera handi horri. Zeharkaldi luzea denez, petate txiki bat eta motxila bat eraman zituen. Poltsa horien barruan, berriz, hamar egunerako janaria, denda txiki bat eta lo-zaku arin bat. Soilik 60 metroko soka bat erabili zuen, eta zaku horiek igotzeko kordino bat. Eguraldi iragarpenek zioten sei egun eta erdiko leiho zabal bat izango zuela. Eskaladaren estiloari dagokionez, luze zailetan autoaseguratu zen. Eta den-dena librean eskalatu zuen.

Irudietako batean, belgikarrak egunez egun igotako erpinak ikusten dira. Bederatzi, denera, sei eguneko lan eskergan. Arroka txarrari egin behar izan zion aurre, soka ia puskatzeko zorian egon zen, camalot batzuk galdu zituen, erpin batzuk bustita aurkitu zituen, elurrean tresneria oso arinarekin ibili zen, errazagoak ziruditen luzeetan gogor borrokatu behar izan zuen... Hau da, izaera horretako alpinismoan behin baino gehiagotan izaten diren egoerak bizi izan zituen.

Bitxia bada ere, urte eta erdi zeraman Patagonian. Horren “errua” pandemiaren hasiera izan zen. Ohiko sokakide Nicolas Favresserekin El Chaltenera heldu zen. Iazko martxora arte hango orratzak eskalatzeko asmoa zuen, baina egoera erabat irauli zen: «Justu-justu bada ere, Nicok etxera itzultzeko aukera izan zuen. Ni, berriz, han blokeatuta geratu nintzen. Ondoren, aukera izan nuen aberriratzeko, baina nahiko korapilatsua iruditu zitzaidan Belgikako enbaxadarekin hartu-emanetan jartzea; izan ere, Europa oso egoera larria bizitzen ari zen. Erabakia nahiko erraza izan zen, eta munduko alderdi ederrenetariko batean geratzeko hautua egin nuen. Haur bat nintzen jolastoki erraldoi batean itxita».

Zalantzak uxatu

Egoera berezi hori kontuan hartuta, Villanuevak aukera aprobetxatu du aspalditik buruan zuen xede bat aurrera eramateko. Gainera, bakarka; hori zen helburuaren gako garrantzitsuena: «Denbora asko daramat Silvia Vidalen eskaladak jarraitzen, eta uste dut horrek guztiak asko inspiratu nauela. Katalanaren espedizioek, filosofiak zein mentalitateak asko erakartzen naute. Antzeko esperientzia bat bizi nahi nuen. Gertatzen dena da eskuarki sokakideekin eskalatzen dudala, eta horiek espedizio oso interesgarriak proposatzen dizkidate. Baina Patagonian bakarrik nengoen, eta, pixkaka-pixkaka bada ere, hango neguan erabat ‘giltzapetuta’ nengoela, ohartu nintzen izaera horretako helburu bati ekiteko une egokiena izango zela. Hala, neure buruari zera esan nion: ‘Fitz Royko zeharkaldia egiteko une aproposa da’. Hala eta guztiz ere, hausnarketa horiek egiten ari nintzela, xede hori etsigarria eta irreala iruditu zitzaidan».

Moonwalk Traverse forma hartzen hasi zen. Lehenik eta behin, gidaliburuak ematen zuen informazio guztia ondo aztertzen jardun zuen. Horren ondoren, estiloa eta estrategia antolatzen hasi zen. Eta, amaitzeko, zeharkaldia biribiltzeko zenbat egun beharko zituen zehazten aritu zen. Hamar bat egun aurreikusi zituen, baina, Villanuevak ondo dakien bezala, Patagonian eguraldi egonkorrak ez du hainbeste irauten. D eguna iritsi baino lehenago, sei eguneko leiho baten berri izan zuen. Buruari ez zion gehiegi eragin, eta aukera hori aprobetxatu nahi izan zuen. Bakarka, sokak eskatzen dituen maniobretan eraginkorra izan, bizkar-zorroen zama ondo kudeatu... Zalantza ugari, sei eguneko jarduera ‘ia’ ezinezko bati ekiteko. Baina, belgikarrak ondo sendotuta eta finkatuta zituen oinarri guztiak, eta, zalantza guztiak uxatzeko, ekinaldia hastea erabaki zuen.

Eskalatzaile honek adierazi du helburu guztien artean batek lehentasuna zuela: «Batez ere, skyline horretan esperientzia aberasgarri bat bizitzea. Eta, azkenean, magikoa izan zen. Bazirudien pieza guztiak ahokatzen zirela. Ekuazio horretan ere zorteak balio handia izan du. Baina Tommy Caldwel eta Alex Honnoldek ez bezala, gauza berri bat egin nahi nuen. Hots, zeharkaldi hori bakarka probatu, eta galdera hori erantzuten saiatu nintzen. Adibidez, ez neukan batere argi nire erritmoa mantsoa edo azkarra izango ote zen. Horregatik diot saiatzea zela irtenbide bakarra».

Villanuevak onartu du jarduera horretan “akats” bat egin zuela; hain zuzen ere, estrategian zein logistikan: «Tresneria eta janari asko eraman nuen. Ez nintzen batere eraginkorra izan. Bizkar-zorroaren pisuarekin ezinezkoa zen luze bat era askean igotzea».

Protagonista honek, bederen, bere alde gauza asko zituen; besteak beste, Patagoniako erpin asko ezagutzen ditu: Fitz Roy, Guillaumet, Mermoz, Poincenot eta Saint Exupery. Eskarmentu horrekin orratzak lotzen joan zen, eta, zorionez, eguraldia lagun izan zuen: «Oro har, ona izan zen. Egun batzuetan haizeak ondo astindu ninduen, eta batean hotz handia egin zuen. Baina ederra baino ederragoa izan zen; izan ere, lainoz inguratuta nengoen, eta haien artetik eskalatzen jardun nuen. Ikaragarria izan zen; ia mistikoa. Haize bortitza egin zuen egunean babesean zegoen pareta bat igotzen ari nintzen. Baina Fitz Roy rappelatu nuenean aterpea bilatu eta atseden hartzeko unea iritsi zen. Tenperaturarekin ere zorte handia izan nuen; muturreko hotzik ez zuen egin. Oro har, jarduera honetan izan ditudan baldintzak nahiko onak izan dira».