Astean gutxienez lau irteera eta bi bisita baimenduko dituzte EAEko erresidentzietan

Azken asteetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako adinekoen egoitzetan egoera «nabarmen» hobetu dela aintzat hartuta, erabiltzaileek astean gutxienez lau irteera eta bi bisita egiteko aukera izango dute.

Ermuako Abeletxe erresidentzia. (Raul BOGAJO/FOKU)
Ermuako Abeletxe erresidentzia. (Raul BOGAJO/FOKU)

Hiru aldundiak eta Lakuako Osasun Saila biltzen dituen EAEko covid-19aren Koordinazio Soziosanitarioko Organoak zaharren egoitzetako neurriak malgutzeko neurriak adostu ditu astelehen honetan, behin erabiltzaileen eta langileen txertaketa prozesua amaituta eta azken asteotan zentroetan izan den hobekuntza «nabarmena» aintzat hartuta.

Orain arte, Bizkaiak bakarrik emana zuen urrats hori. Atzo bertan jakinarazi baitzuen Bizkaiko Aldundiak hiru bisita eta zentroetako kanpoaldean bi irteera terapeutiko baimenduko dituela. Gipuzkoa eta Araba, berriz, LABIren aholku-batzordeak ostiralean egitekoa duen bileraren zain zeuden.

Nolanahi ere, aipatu erakundeak gaur bildu dira eta protokolo berri bat landu eta adostu dute, ostiralean LABIri aurkeztuko diotena, bertan berretsi dezaten, Gipuzkoako Aldundiak ohar bidez zehaztu duenez.

Bizkaiko kasuan, gaur bertan sartzen zen indarrean foru dekretua eta Gipuzkoan, Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak adierazi duenez, gaur sinatu du dekretua, neurriok bihar bertan indarrean sar daitezen. 

Peñak azaldu duenez, erakundeak azken asteetan lantzen aritu diren protokoloak adinekoen eta zentroen «beharrei eta gaitasunei» erantzuten die. Hori dela eta, «gutxieneko kontaktuak» ezartzeko erabakia hartu da; izan ere, egoerak ahalbidetzen badu, bisitak eta irteerak egunero egin ahal izango baitira.

Gainera, diputatuak gogoratu du orain arte pertsona bakarra sar zitekeela, eta protokolo berriak bi pertsona aldi berean izatea aurreikusten duela. Gainera, pertsona horiek ez dute beti berberak izan beharko.

Protokoloan planteatzen diren baldintza berriak etenda geratuko lirateke egoitza dagoen udalerriak 100.000 biztanleko 500 kasutik gorako 14 eguneko intzidentzia metatua gainditzen duenean.

«Gipuzkoaren kasuan, irteerak lurraldeko egoitza guztien ondoan sortutako gune seguruetan egiten jarraituko lirateke, paseo horiek modu seguruan eta kontrolatutako gune batean egitea ahalbidetzen dutelako», azpimarratu du Maite Peñak.