NAIZ

Gasteizko Udalaren babesa eskatu du Memoria Osoak diskriminaziorik gabeko bizikidetzarako

Memoria Osoa sareak Gasteizko Udalaren babesa eskatu du bizikidetzak planteatzen dituen erronkei diskriminaziorik gabe heltzeko. Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentro Nazionala delakoaren kontra abiaturiko dinamikaren baitan kokatzen da eskaera hau.

Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentro Nazionala delakoaren bazterkeria salatu du Memoria Osoak. (FOKU)
Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentro Nazionala delakoaren bazterkeria salatu du Memoria Osoak. (FOKU)

Martxoak 3 elkartea, Sanfermines78 Gogoan eta Egiari Zor Fundazioko ordezkariek, Memoria Osoa sarea osatzen duten hamalau erakunde memorialisten izenean, Gasteizko Udaleko gizarte-politiken batzordean parte hartu dute gaur goizean. Bertan, dinamika abian jartzeko printzipioen inguruan mintzatu dira udal ordezkarien aurrean: bizikidetzak planteatzen dituen erronkei diskriminaziorik gabe eta gertatu denaren ikuspegi integralarekin heltzeko beharra.

«Bizikidetzaren kontrako erasoa»

Modu honetara, pasa den abenduan, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, hain zuzen ere, abian jarritako dinamikari jarraipena eman diote, Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentro Nazionala delakoa abian jartzeak dakarren planteamendu «baztertzailea eta bizikidetzaren eraikuntzaren aurkako erasoa» salatzea asmo duena, nabarmendu du Memoria Osoa sareak.

Memoria Osoa Sarearen ordezkariek gaur azaldu dutenez, datozen asteetan ekimen gehiago ere aurreikusten dituzte. Zehazki, hezkuntza munduko eragileekin bilera erronda bat egingo dutela aditzera eman dute, komunitate hau bizikidetza modu inklusiboan eta ez-diskriminatzailean jorratzearen garrantziaz kontzientziatzeko eta haren babesa eskatzeko.