NAIZ

Lan orduko, gizonek emakumeek baino 2,5 euro gehiago kobratzen dute Euskal Herrian

Gaindegiaren datuen arabera, soldatapeko emakumeek gizonek baino %11,7 gutxiago jasotzen dute lanorduko, batez beste, Euskal Herrian. Arrakala handiena Nafarroa Garaian dago, 2,8 eurokoa.

Soldata arrakalaren aurkako elkarretaratzea. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Soldata arrakalaren aurkako elkarretaratzea. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Soldatapeko emakumeen lanorduak, batez beste, 16,7 euroko kostua du Euskal Herrian, Gaindegiak argitaratu duen txostenaren arabera. Gizonen kasuan, lan kostu hori 19,2 eurokoa da, hau da, bi euro eta erdi edo %11,7 garestiagoa.

Ipar Euskal Herrian emakume eta gizonen arteko soldata-arrakala handiagoa da goi-mailako lanbideen artean. 6,7 eurokoa da tarte hori, hain zuzen ere, eta 50 urtetik gorakoen artean ere soldata-arrakalak nabarmena izaten jarraitzen du eta lanorduko 5 eurora iristen da. Hego Euskal Herrian ere adinean aurrera egin ahala soldata-arrakala handitu egiten da, lanaldi partzialetan edo kontratu mugagabean jarduten direnen arteko arrakalaren paretsua izateraino.

Orduko lan sariari dagokionez, 2009 urteaz geroztiko krisialdi ekonomikoak genero arrakala hainbat urtez handitzea eragin zuen. Hala, 2012 urtean gizon eta emakumeen arteko lanordu kostuaren tartea 3,9 eurokoa izatera iritsi zen Hego Euskal Herrian. Ordutik, gizon eta emakumeen arteko soldata tartea apaldu egin da, nahiz-eta oraindik aipatutako 2,5 horretan mantentzen den.

Orain, osasun larrialdiaren testuinguruan, 2020ko udaberritik aurrera kotizazio apala zuten landunen kopurua murrizteak kotizazio arrakala murriztu egin da. Hala ere, «Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienteak (ABEEE) indargabetzen doazen heinean joera berriz aztertu beharko dela» zehaztu du Gaindegiak.

Hala ere, kotizazio oinarrian gizon eta emakumeen arteko arrakalak «nabarmena izaten jarraitzen duela», azpimarratu dute. 2020ko iraileko datuen arabera, Hego Euskal Herrian gizonen hileko batez besteko kotizazio-oinarria 2.457 eurokoa da (kotizazio gordina), emakumeena, ordea, 2.065 eurokoa (-%16,1). «Gizon eta emakumeen arteko desoreka handiagoa da kotizazio-oinarriaren gainean lanorduko soldatan baino. Besteak beste, lanaldi partzialen feminizazioa, ezkutuko ekonomia eta lan merkatuan erroturiko beste aldagai batzuk medio».

Arrakala handiena, Nafarroa Garaian

Euskal Herriko hiru administrazio ezberdinak aztertuz, lanorduko ordainaren gaineko genero arrakala handiena Nafarroa Garaikoa da: emakumeek, batez beste, 2,8 euro gutxiago jasotzen dute lanorduko. Ipar Euskal Herrian, ordea, arrakala hori 2,6 eurokoa da, eta, EAEn, 2,4 eurokoa. «Nolanahi ere, lan kostuak nabarmen handiagoak dira Ipar Euskal Herrian Hegoaldean baino», zehaztu du Gaindegiak. «Besteak beste, oinarrizko soldata handiagoa delako, baina batez ere soldataz haragoko kotizazioengatik. Presio fiskala gizarte babeseko sistema elikatzeko oinarrietako bat da eta, Ipar Euskal Herrian, gizarte babeseko biztanleko gastua Hego Euskal Herrian baino aise handiagoa da. Ondorioz lan sarian sortzen diren desorekak transferentzia sozialek leuntzen dituzte», azaldu dute.

Kanpora begira, Euskal Herriko lanorduko soldata-arrakala Suedia, espainiar Estatua, Kroazia edo Irlandaren parekoa da. Herrialde horietan, emakumeek gizonek baino %11-12 soldata txikiagoa jasotzen dute. Guztietan, hori bai, Europar Batasuneko soldata arrakalaren azpitik. Izan ere, %15,2koa da. Estonia, Austria, Alemania, Erresuma Batua eta Eslovakian dituzte arrakala handienak. Txikienak, berriz, Luxenburgon, Errumanian, Italian, Belgikan, Albanian eta Polonian.