NAIZ

Bruselak lau milioi eman dizkio Ikerbasque fundazioari, EAEn 36 ikertzaile kontrata ditzan

Kontratatutako ikertzaileek 24 unibertsitate eta ikerketa zentrotan lan egingo dute, hainbat jakintza arlori lotuta: medikuntza, biozientziak, zientzia kimikoak, matematika, fisika, teknologia, ingurumen zientziak, ekonomia, hizkuntzalaritza edo psikologia.

Ikerbasquen jardunaldi batzuen artxiboko irudia. (Jon URBE/FOKU)
Ikerbasquen jardunaldi batzuen artxiboko irudia. (Jon URBE/FOKU)

Ikerbasquek hurrengo lau urteetan 100 ikertzaile kontratatzeko asmoa iragarri du eta horietako 36 Europako Batzordeak finantziatuko dituela, lau milioi eman ostean. «Mundu osoko eta jakintza arlo guztietako ikertzaileak izango dira hauek eta datozen lau urteetan Euskadin ikertzeko aukera izango dute», jakinarazi du Ikerbasquek.

Europako Batzordeak Ikerbasquek «nazioarteko ezagutza eta ikerketaren arloko gunetzat duen posizionamendua indartzeko» egin duen lana aitortu du. Eta, hori dela-eta, ikertzaileak erakartzeko programa hautatu du garapen zientifikoa bultzatzeko Europako ekimenik onenetakoen artean. Zehazki, nazioarteko adituek emandako puntuazio gorena lortu du, 100 puntutik 99,4. Orotara 148 proposamen ebaluatu dira.

Ohar baten bidez azaldu dutenez, «Europak kualifikazio handiko ikertzaileak behar ditu Europako Ikerketa Eremua (EIE) garatzeko» eta covid-19ak sortutako pandemiak, ikertzaile gazteengan ere, «ondorio larriak» izan ditu. «Kolektibo honen lan aukerak nabarmen murriztu dira», adierazi dute.

Zentzu horretan, emakumeak kontratatzeari ere «arreta berezia» emango zaiola azpimarratu dute, hala nola Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian prestatu eta une honetan atzerrian ikertzen diharduten ikertzaile gazteak erakartzeari.

Kontratatutako ikertzaileek 24 unibertsitate eta ikerketa zentrotan lan egingo dute, hainbat jakintza arlori lotuta: medikuntza, biozientziak, zientzia kimikoak, matematika, fisika, teknologia, ingurumen zientziak, ekonomia, hizkuntzalaritza edo psikologia.

36 ikertzaile berri horiek, dagoeneko lanean ari diren 290 ikertzaileren sarean txertatuko dira .

Era berean, Ikerbasquek bere gain hartu du ikertzaileei lan ibilbide «egonkorra» eskaintzeko konpromisoa. Lanpostu horiek bost urterako izanen dira eta horren ondoren, norberaren jardunaren arabera, ikertzaile-lanpostu iraunkorra lortzeko aukera izango lukete.

Fernando Cossiok, Ikerbasqueko zuzendari zientifikoak, «europar laguntza honen garrantzi handia» nabarmendu du, «talentua erakartzeko euskal estrategiari emandako babesagatik zein laguntzaren ekarpen ekonomiko handiagatik». Bere hitzetan, «Euskadi zientziaren arloko europar erreferentetzat finkatu da; nazioartean, ikerketa aurreratuko eskualdetzat aitortu gaituzte dagoeneko, nazioarte mailako euskal ikerketa taldeak tarteko direla, izan ere, baldintza egokiak betetzen ditugu nazioarte mailako ikerketa garatu ahal izateko».

Laguntza honi atxikitako lehenengo deialdia martxoaren 10era arte egongo da zabalik: 3 eta 10 urte bitarteko ikerketa-esperientzia duten mundu osoko eta jakintza-arlo guztietako ikertzaileek Ikerbasquen webgunean aurkez ditzakete eskabideak. Nazioarteko zientzialari talde batek aukeratuko ditu hautagairik onenak.