Marcel Pena

Irati Goikoetxeak ‘Herriak ez du barkatuko’ lana aurkeztu du, Igartza Saria irabazi duena

Irati Goikoetxea idazleak 2019ko Igartza Saria jaso duen lana aurkeztu du. ‘Herriak ez du barkatuko’ eleberriarekin, ETAren biktima baten mina tratatu nahi izan du egileak, eta liburua «eztabaidatzeko» tresna izatea espero du.

Irati Goikoetxea, 'Herriak ez du barkatuko' eleberriaren egilea. (Jon URBE/FOKU)
Irati Goikoetxea, 'Herriak ez du barkatuko' eleberriaren egilea. (Jon URBE/FOKU)

Irati Goikoetxea idazle beasaindarrak ‘Herriak ez du barkatuko’ eleberria aurkeztu du ostegun honetan on line prentsaurrekoan. Goikoetxearen lanak 2019ko Igartza Saria irabazi zuen, Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeak antolatua.

‘Herriak ez du barkatuko’ eleberriak Oihanaren pertsonaia du ardatz, ETAk aita hil baitzion. Hala, protagonistak, hogeita bi urtez horretaz inorekin hitz egin gabe egon ondoren, bere sentimenduak adieraztea erabaki du. Hirugarren pertsonan idatzita egon arren, idazleak irakurlea Oihanaren tokian kokatzea nahi izan du, «ondoan» duela sentitzea. «Hori da mina ulertzeko modu bakarra», azaldu du Goikoetxeak. Halaber, nahiago izan du Oihanaren aitari izenik ez jartzea irakurle bakoitzak «bere aita dela» pentsa dezan, «erdigunean pertsonak» jarriz.

Goikoetxeak azaldu duenez, lan honekin Euskal Herrian bizi izandako minez hitz egin nahi izan du «alderdikeriarik gabe», nahiz eta, bere ustez, euskal literaturan badagoen «hutsune bat», eta, beraz, «esplizituki eta euskaraz ETAk egindako minez» hitz egitea proposatu zen. Gai «polemikoa» izan arren, idazleak espero du liburua tresna «baliagarria izatea eztabadaitzeko», minaren gaia kontzientziaz tratatzeko. «Eztabaidatu behar baldin bada, gustatuko litzaidake liburu hau abiapuntua izatea».

Gainera, Goikoetxeak nabarmendu du liburua argitaratu den unea, efemerideei dagokienez, hala nola 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako gertaerak edo otsailaren 22an ospatutako Fernando Buesa PSEko buruzagiaren hilketa, baita azken gertaerak ere, hala nola Enrique Rodriguez Galindoren heriotza edo ‘Non dago Mikel?’ dokumentalaren estreinaldia. Goikoetxeak esan du gertaera horiek ez direla «berriak», baina bere ustez «badirudi gizartera beste modu batean heltzen ari direla».

‘Herriak ez du barkatuko’ liburuaren egileaz gain, prentsaurrekoan parte hartu dute Xabier Mendiguren editoreak, Leire Artola Ugalde Beasaingo alkateak eta Joxe Begiristain CAF enpresako euskara-arduradunak. Igartza Sariari dagokionez, Beasaingo alkateak euskal idazleen «harrobia» dela esan du eta Udalaren parte-hartzeaz harro agertu da.

Azkenik, Mendigurenek gogoratu du 2021eko Igartza Sariaren proposamenak aurkezteko epea zabalik dagoela. 2020an, Maddi Ane Txoperenak izan zen irabazlea, haurtzaroko sexu-abusuak hizpide dituen lan batekin.