NAIZ

Mexiko, Bolivia, AEB eta Nigeriako argazki-proiektuak, Getxophoton

Egungo arazoak jorratzen dituzten lanak izan dira Getxophoto jaialdiko Open Call izeneko deialdiaren irabazleak. Irailean ikusiko ditugun argazki-proiektuetan, Mexikon desagertutakoen egoera, nortasun kulturalak, sare sozialak eta indarkeriaren ondorioak islatuko dira, besteak beste.

Andeetara egokitutako ‘Printze txikia’ proposatu du ‘Warawar wawa’ lanak. (River CLAURE / GETXOPHOTO)
Andeetara egokitutako ‘Printze txikia’ proposatu du ‘Warawar wawa’ lanak. (River CLAURE / GETXOPHOTO)

GetxoPhotoren laugarren nazioarteko deialdiak inoiz baino proposamen gehiago jaso ditu aurten: guztira, 45 herrialdetako 331 proiektu. Lan asko Europatik (Estatu espainiarra eta frantsesa, Alemania, Bretainia Handia, Italia, Grezia edo Portugal, besteak beste) eta Estatu Batuetatik iritsi badira ere, Nigeria, Iran, Irak, India, Bolivia, Japonia, Txile, Ukraina, Australia, Kuba, Brasil, Peru edo Mexikoko artistek ere parte hartu dute deialdian.

Cristina de Middelek (Magnum Photos-eko argazkilaria), Mariama Attahk (Open Eye Gallery Photography Museum-eko komisarioa), Jon Uriartek (The Photographers' Gallery-eko komisario digitala) eta Gwen Leek (SIPF Singapurreko Nazioarteko Argazki Jaialdiko zuzendaria) osatutako nazioarteko epaimahaiak honako lau lan irabazleak izendatu ditu eta proposamen irabazleen kalitatea, aniztasuna eta ikuspuntu desberdinak nabarmendu ditu; izan ere, egungo arazoak jorratzen dituzten lanak dira, besteak beste, Mexikon desagertutakoen egoera, nortasun kulturalak, sare sozialak eta indarkeriaren ondorioak.

Ondasunen metaketa indibidualak eta desberdinarekiko beldurrak zuzentzen duten mundu honetan eta pandemia global batek –distantziak areagotzen dituena– zeharkatzen duen testuinguruan, partekatzearen eskubideak, beharrak eta erantzukizunak berebiziko garrantzia hartu dute. Horregatik, irailaren 1etik 26ra Getxon burutuko den Getxophotoren 15. edizioan Jon Uriarte hondarribiarraren zuzendaritzapean, partekatzearen edo elkarbanatzearen ideiaren adiera berriak aztertuko dira. 

Hauek dira Open Call deialdian aukeratutako lanak:

‘Recetario para la memoria’ (Mexiko)

Zahara Gómez eta Las Rastreadoras del Fuerte proiektuak ‘Recetario para la memoria’ izena du. Proiektu kolaboratibo honek –gastronomikoa, fotografikoa eta soziala aldi berean– gaur egun Mexikon ematen diren desagertze behartuetara hurbiltzen gaitu. Desagertutako pertsonen senideek biktima hauen plater gogokoenak ezagutzera ematen dituzte errezeta-liburu hunkigarri honetan, izan ere, janaria identitatea eta historia ere bada.  

‘Warawar wawa’ (Bolivia)

Warawar wawa edo Izarren semea (aymara hizkuntzan) Andeetako kultura garaikide berrira egokitutako ‘Printze txikia’ liburuaren birkontestualizazio ariketa da. Denbora luzez, Bolivia atzerriko narrazio ‘folklorizatzaileetara’ murriztua izan da, eta begirada homogeneo honek eragin nabarmena izan du boliviar iruditerian bere burua pentsatzeko orduan. Proiektu honetan egileak, River Claurek, bere identitate hibridoa partekatu nahi du, mendebaldeko aztarnak besarkatuz eta ez ukatuz baina aldi berean, bere sustraietara ondo errotua.

‘Enjoy House’ (Estatu Batuak)

Shelli Weileren lan honek, New York eta Los Angelesen, Instagramentzat egindako selfie fabriken ugaritzea dokumentatzen du, inguru etsaitsu eta bizigabe gisa aurkeztuz. Fantasiaren eraikitzeak ezinbestean bere porrota nola dakarren aztertzen du. Artifizioaren puntu gorenean benetakotasun-uneei argazkiak ateratzean, pertsonek eurak inguratzen dituzten atrezzoetara egokitzeko beren burua fabrikatzeko duten eran arreta jartzen du artistak.

‘It’s all in my Head’ (Nigeria)

Etinosa Yvonneren oraingoz proiektu amaigabe honek gatazka bortitzen egoeretatik bizirik atera diren pertsonen biziraupen mekanismoak aztertzen ditu, irudien bidez pertsona horien aurrera egiteko egiteko ahaleginak erakutsiz. Gehienek bizitza berrietara egokitzea lortzen duten arren, asko eta asko ez dira inoiz beren esperientziei buruz hitz egiteko gauza izan. Egileak bizirik atera zirenen egoera mentala ezagutzera emateko eman zion hasiera saio honi.