NAIZ

Defentsa ministroak Zabalza auziaz azalpenak ematea eragotzi du Kongresuko Mahaiak

EH Bilduren eskaerari betoa jarrita, Kongresuko Mahaiak galarazi egin du Margarita Robles Defentsa ministro espainarrak Luis Alberto Perote CESIDeko koronel ohiak Mikel Zabalzaren heriotzan izan zuen inplikazioari buruzko azalpenak ematea. Marlaska Barne ministroaren agerraldia ere eskatu zuten.

Mikel Zabalzaren omenezko lore eskaintza. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Mikel Zabalzaren omenezko lore eskaintza. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Ohar baten bitartez, Diputatuen Kongresuak Margarita Robles Defentsa ministroaren agerraldiari jarritako betoa salatu du EH Bilduren talde parlamentarioak. Koalizio subiranistak adierazi duenez, Kongresuko Mahaiak eragotzi egin du Roblesek azalpenak ematea Luis Alberto Perote zerbitzu sekretuetako koronel ohiak Mikel Zabalzaren hilketan izandako inplikazioaren inguruan, ezagutarazi berri den audioaren ostean.

EH Bilduri igorritako idazkian, hain zuzen, Kongresuak era honetan arrazoitu du bere erabakia: «Aurreko legegintzaldi bateko Gobernu baten jardueren balorazioa da eskatzen dena. Espainiako Gobernuaren eskumenetik kanpoko gaiei buruzkoa izango litzateke».

EH Bilduren iritziz, «larria» da egitasmoa baztertu izana, «milaka euskal herritarrek jasandako tortura sistematikoaren aurrean, 78ko erregimena blinatzea eta zigorgabe mantentzea baita helburua».

Agerraldi eskaerari betoa jarri izanak, koalizioaren esanetan, «areagotu egiten du Espainiako Estatuko botere-egituren isiltasuna eta inpunitatea, biktimen mina gutxiesteaz gain torturen errealitate gordina ukatzen jarraitzen duelako, gertatutakoa ikertzeko eta aitortzeko pauso irmoak eman beharrean». 

Zentzu horretan, gogoratu dute Lakuak eginiko txosten baten arabera, EAEn soilik 4.200 kasu baino gehiagori eragiten dien praktika sistemiko bat da izan dela tortura 1960 eta 2014 artean. Nafarroan ez da halako ikerketarik egin oraindik.

EH Bilduren Kongresuko bozeramaileorde Oskar Matuteren iritziz, Estatuaren «gabezia demokratikoen benetako erakusle» da agerraldi eskaera atzera bota izana: «Ulertezina da ‘Gobernuaren eskumenetik kanpoko gaitzat’ jotzea polizien parte-hartzea eta zigorgabetasuna ikertzea tortura kasu egiaztatuak daudenean».

Aipatu audioa argitara atera ondoren, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroaren agerraldia ere eskatu zuten EH Bilduko diputatu Bel Pozueta eta Geroa Baiko senatari Koldo Martinezek.