Oihane Irazu
Elkarrizketa
Julen Elgeta eta Leire Velar
Lanbide Heziketako ikastetxeen elkartea (HETEL)

«Erreferente femeninoen beharra dago, ikastetxeko liburuetatik hasita»

HETEL Euskadiko Gizarte Ekimeneko Lanbide Heziketako 26 ikastetxe biltzen dituen elkartea da eta gazteen lan aukerak hobetzeko eta enpresen premiei erantzuteko lanean ari da. Julen Elgeta, HETELeko zuzendariak, eta Leire Velar, komunikazio-arduradunak, LHn emakumeen egoera zein den azaldu digute.

Julen Elgeta eta Leire Velar
Julen Elgeta eta Leire Velar

Lanbide Heziketako ikastetxeak batzen dituen erakundea 1987an sortu zen eta lanbide heziketa eremuan kudeaketa aurreratuaren Zilarrezko A Saria jaso duen (2015) lehen erakundea da.

Zer-nolakoa da emakumeen egoera gaur egun Lanbide Heziketako zikloetan?

Julen Elgeta: Euskadi mailan, goi-mailako ikasleen artean %65 mutilak dira. Oro har, oso maskulinizatuta daude lanbide heziketako zikloak. Portzentajea begiratzean, ez dela hainbesterako pentsa dezakegu, desorekatuta dagoela baina ez hainbeste. Baina beste sailkapen bat egiten baduzu, industriako goi mailako zikloetako ikasketetan, STEM arloan (elektrizitatea eta elektronika, fabrikazio mekanikoa, energia eta ura…), egoera oso larria da; betidanik izan da larria eta horrela izaten jarraitzen du. Duela  hamar urtetik hona egoera hobetu dela esan dezaket, baina %6, %7, %8... gehienez. Gela batean sartzen bazara, 25 ikasletik orokorrean bat edo bi neska daude asko jota. Hori da egoera, eta hori aldatu behar dugu.

Zer egin beharko litzateke hori  aldatzeko?

Leire Velar: DBHko geletan eta Batxilergoan mutilen eta nesken presentzia berdinduta dago, %50ean gutxi gorabehera. Baina gero, esan dugunez, Lanbide Heziketan, industria arloan ia ez dago neskarik. Non daude neskak Lanbide Heziketan? Zaintzan, irudi pertsonalean, administrazioan… Adibidez, irudi pertsonalean, %87 neskak dira, administrazioan, %69…  Hori aldatu beharra dago. Hasieratik hasi behar da; neskek ez dituzte erreferente femeninoak liburuetan, ez dute presentziarik, eta larria da. Aldatzeko, lehenengo, industria arloan dauden ikasketak irakatsi behar dira; hau da, ikasleek industria barnean dauden zikloak eta lanbideak ezagutu behar dituzte. Ez badute lanbidea ezagutzen, nola nahiko dute hori izan nagusi direnean? Hor dago gakoa.

HETELen zer nolako proiektuak dituzue martxan desoreka hau berdintzeko?


J.E: Proiektu bat azalduko dizut; ‘“Aitzindariak” proiektua, eta nola hasi zen. Orain dela hiru urte gutxi gorabehera, ikastetxe bateko zuzendaritza-batzar batera joan ginen. Batzar horretara Batxilergoko bi neska etorri ziren, eta hurrengo urtean zer ikasi nahi zuten galdetu nien. Biek, kasualitatez, medikuntza esan zuten, eta orduan erronka bat ikusi genuen, eta azaldu genuen: bi ordu zituzten gu konbentzitzeko medikuntza egin ordez goi mailako mekanizatuko zikloa egiteko.
Tira, haiek beren argudioak azaldu zituzten, eta bat-batean galdera bat egin genien: Badakizue zer den trokelista bat? Eta ezetz erantzun zuten. Hortik hasi beharra zegoela pentsatu genuen. Orain dela urte asko, trokelista izateak etorkizun ona zuen, eta kontua hau da,  trokelista bat zer den ez badakizu, nola nahi izango duzu hori izan etorkizunean? Atera genuen ondorio nagusia hori izan zen: lanbideak ezagutarazi edo irakatsi behar direla. Lehen urratsa lanbidea edo profesioa ezagutzea da. Eta pentsatu genuen lehen pausoa industria munduan horrelako lanbideak daudela azaltzea zela, eta, gainera, neskek ere lan egiten dutela horietan.


L.V: Eta hor sortu zen gure proiektua. Oso proiektu polita, bi urte daramatzagu. Urtero Lanbide Heziketako Industria zikloan ikasten duten hamar neskaren bideoak jaso eta ikastetxeetako ikasleei erakusten dizkiegu, ikus dezaten goi-mailako ikasketetan, industria munduan, neskak ere badaudela. Gure webgunean igota geratzen dira, eta hor daude ikusgai nahi dutenentzat. Bideoak erabakia hartzeko bultzada eman ahal dio oraindik erabaki ez duen neska bati. Roboten mantentze teknikaria, molde eta azpimultzoen muntatzailea eta ikerlari teknikoak dira adibideetako batzuk, non ikasleak neskak diren eta beren etorkizuna sektore maskulinizatu batean ikusten duten.