Andoni Urbistondo

Gorobel: mistiko, berezi eta bakarra

Euskal Herritik hainbat pasabide daude Gaztelako goi ordokira. Samurrak batzuk, zailagoak besteak. Gorobel mendilerroko hesia da, denetan, ikusgarrienetarikoa. 700 metroko belar eta haitz horma tenteak, Aiara bailara, Amurrio eta Urduñaren zaindari.

700 metroko belar eta haitz horma tentea da Gorobel.
700 metroko belar eta haitz horma tentea da Gorobel.

Mila metrotik gorako hamar mendi ditu Gorobelek, eta bertigoa eragiten duten erpin zorrotzak, iparrerantz. Salto batean, hegorantz, pagadi eta larre aberatsak, ardi eta artzain gune aberatsa izan baitzen Gorobel. Gaur zazpi artzain baino ez dira geratzen, 4.000 bat ardi, denera. Otsoak ere izutu zituen gizakiak. Egun, noizbehinka bueltatzen dira, Burgos aldetik. Gorobel mistiko, berezi, bakar egiten duen beste osagaia.

Egunero bistaratzen duenarentzat Gorobel mendilerroak badauka magikoa den zerbait. Bestelako erantzuna emango dizute zergatiaz galdetuta, Aiara bailara, Amurrio (Araba) eta Urduñako biztanleek (Bizkaia): orografia, batek; ipar eta hego isuriko biztanleen izaera desberdina, besteak. Mendeetan Kantauri itsasoaren eta Gaztelaren arteko pasabide garrantzitsuenetakoa izateak eman zion berezitasuna... Gorobel espeziala da, bakarra. Eskualdekoa ez denarentzat, zer esanik ez. Bailaratik gora, 700-900 metro arteko desnibela duen haitz multzo ikusgarriak hesitzen du Araia harana hegotik.

Gorobelek 1.000 metroko langa gainditzen duten hamar mendi ditu. Eskutxi da, garaiena, 1.185 metrorekin, eta Fraile erpinetik (ekialderen dagoen gailurretik) Murietara (mendebalderen dagoenera) 25 kilometroan luzatzen da mendizerra. Bailaratik aizto batekin ebakitako mendikatea dirudi Gorobelek, baina zibilizaziotik ikusi ezin diren altxor asko gordetzen ditu haitzetatik hegora. Ez alferrik, ehun kilometro koadroko hedadura du, Gipuzkoako lurraldearen %5, gutxi gorabehera.

Mendien izen ia guztiek euskarazko jatorria dute: Txarlazo, Txolope, Solaiera, Atezabal, Bedarbide, Iturrigorri (Tologorri, eskualdeko mendizaleen ahotan), Ungino, Eskutxi, Urieta... Kilian Jornet izan ezean, dendenak bisitatzeko egun bi behar dira, eta aukeran, mendikatearen mendebaldea ezagutaraztea erabaki du Gorobel oso ondo ezagutzen duen Amurrioko semeak, Iñaki Aldamak. Artzainen iloba, Arabako Aldundiko errepidezain baten semea eta Gorobelen herrian baino denbora gehiago pasatu duen gaztea da amurrioar hau. Berarentzat Ungino da Gorobel mendilerroko toki politena, daukan formagatik (ping-pong paleta baten itxura du hegotik, iparretik hormatzar beldurgarria), eta gailur azpian Aiara bailara osoa erakusten duen begi edo pasabide bitxia daukalako. Unginoko ipar horman, gainera, halako via ferrata bat dago, hormara itsatsitako altzairuzko kable batekin. 10-15 metroko rappel bat ere egin behar da, eta komeni da bidea ezagutzen duen norbaitekin egitea.

Gorobelek 19 ataka edo pasabide ditu (portillo, gaztelaniaz). Bailaratik ordokira igotzeko ireki ziren bideak dira. Ez dira zailak, baina goi ordokira iristen diren heinean, pendiza handitu egiten da, eta neguan, ipar isuriko belardi eta harriak izotzak bereganatuta dituenean, kontuz eman behar dira pausoak.

Erret bidetik Aroko atakara

Salmanton, Agiñaga eta Madaria dira Gorobel mendilerrotik gertuen dauden herriak. Hirurak Maroñoko urtegia pasatuta daude, Gorobeleko handitasuna ondoen dastatzen den begiraleku ezin hobea. Autoa hiru herri horietakoren batean uzten da, eta handik gora, atakaren bat zeharkatu, goi ordokira iristeko. Salmantondik Añes herrira doan erret bidea baliatuz, Aroko atakara igo eta Ungino, Eskutxi eta Aro haitzeko itzulia ditu ardatz erreportaje honek. Pistaz, tarte polita, belar gozoan gehientsuena.

Pistan barrena, mendizalea Utah-ko Monument Valleyn balego bezala sentitzen da. 500 bat metroko garaieran, zuhaiztia atzean utzi eta haitz ikaragarriak harro-harro agertzen dira aurre-aurrean. 200-300 metroko haitz bertikal erraldoiak dira, eta edozein unetan gainera eroriko zaizkigula dirudi. Haitzak bezain ikusgarria da haitzetarainoko belar malda. Oso tentea, eta zuri kolorez jantzia. Aroko atakara hurbilduta, putre taldeak agertu dira haitzetan, eta urrunean, Peña del Ahorcado eta Angulo mendatea bistara daitezke, Burgosko lurretan dagoeneko.

1.000 metrotik gora dago Aroko ataka. Gure atzean Aro eta Eskutxi, eta ekialdera, Somo mendia (1.170 metro), Gorobeleko bigarren gailur garaiena. Gailur diogu, baina izan zitekeen lautada, Somoko puntu gorena atzematea zaila baita. Unginora joan aurretik Gorobelek gordetzen duen altxor preziatuena erakutsi digu gidariak. Pagadi elurtu bat gurutzatu, eta artzainen gune eder bat. Hiru daude Gorobelen: Kobata, Menardiga (Tologorri eta Ungino artean) eta Ponata (Tologorri ondoan).

Izan ere, Gorobel artzain gunea izan da mende askoan. Araba eta Bizkai aldera amildegi handiak dauden bezala, Burgos aldera, Losa bailarara, oso modu leunean galtzen du garaiera. Larre zabalak eta aberatsak daude han, paradisua ardientzat. Aiarar askoren bizimodu izan zen artzaintza, mende berriarekin gainbehera hasi zen arte. Joan den gizaldikoak dira artzain guneak sortzeko asmoak. Hainbat borda edo etxola elkarrekin eraiki zituzten, egunak eta asteak mendian pasatzen zituztenek halako babesa senti zezaten arazoren bat zeukatenean.

Otso eremua

Arazo horrek izen bat zeukan: otsoa! Gorobel otso lurra izan baita. Egun, sartze bakan batzuk egiten dituzte Burgos aldetik, baina ardi kopuruaren murrizteak, eta gizakiak hamarkadetan otsoa jazarri izanak, lau hankako piztia dotore horiek desagerrarazi ditu ia-ia Gorobeldik. Oso bakanak dira otsoren bat ikusi duten mendizaleen testigantzak, gizakia usaindu edo sumatze hutsarekin ihes egiten baitu ahalik eta urrunen. Kobata gunean atentzioa ematen du halako eskorta gune handiak. Berezia da, bi metrotik gorako hesiakbabesten duelako. Honatx, zergatia: «Ardiak bertan sartzen zituzten artzainek, otsoa inguruan zebilela sumatzen bazuten».

Azken hamarkadetan artzainek mastinak erabiltzen dituzte artaldeak zaintzeko. Zakur handiak dira, 6070 kilo ingurukoak, otsoa baino askoz handiagoak, eta ez diote beldurrik. Otsoa, baina, mastina baino bizkorragoa izan da betidanik, erresistentzia sen handiagoa du, eta bien arteko deman otsoa izaten zen irabazle normalean. Mastinek, baina, artaldea mehatxatzen duen ororen kontra egiten dute, eta mendizalea horietako bat da. Gertatu izan dira mastinek sustoren bat edo beste eman izana, ez baitira kikiltzen! «Makila edo bastoiak eramatea komeni, badaezpada», dio Aldamak.

Kobata atzean utzi, eta ordu erdian iristen da Atatzako atakara, Ungino eta Somo arteko pasabidera. Garbi ikusten da Aiara bailaratik gora datorren xenda. Unginora amildegitik pauso eskas batera igotzea bertigorik ba ote duzun jakiteko botika ona da... oin azpian 200 metroko amildegi bukaezina baitago! Unginok bere begi bereziarekin erakartzen zaitu. Baita Eskilaren ataka ondoan dagoen leizearekin.

Brontze Aroan bertan gizakiak bizi izanaren arrastoak topatu dituzte. Handik Eskutxira ordu laurden eskas dago. «Esku» eta «hutsik» hitzetatik omen dator, mendiaren biluzia edo bakardadea islatzen duen izena. Han goitik dotore ikusten da Maroño urtegia. Baita Gorbeia, Ungino, Tologorri, Somo, Aro haitza eta Aiara bailara berdea... Otsorik ez da ikusten, zorionez...