NAIZ

111 Akademiak aukeratu ditu literatur sariketako bost finalistak

Luis Garde, Pello Lizarralde, Uxue Alberdi, Idoia Garzes eta Joxean Agirreren sorlanak hautatu dituzte 111 Akademiako kideek euren sariketarako. Apirila amaieran ezagutaraziko da 111 Akademia saria nork eskuratuko duen.

111 Akademiaren sariduna nor den apirila amaiera aldera jakinaraziko da. (Aritz LOIOLA | FOKU)
111 Akademiaren sariduna nor den apirila amaiera aldera jakinaraziko da. (Aritz LOIOLA | FOKU)

2020. urteko 111 Akademiaren Saria erabaki ahal izateko 111 Akademiak amaitu du bere lehenengo bozketa txanda, urtarrilaren erdian martxan jarri eta otsailaren 26ra arte zabalik eduki duena. Akademiatik jakinarazi dutenez, lehenengo bozketa txanda horretan botorik gehien jaso duten obrak Luis Garderen ‘Aireportuko musika’, Pello Lizarralderen ‘Argiantza’, Uxue Alberdiren ‘Dendaostekoak’, Idoia Garzesen ‘Mendiko gaitza’ eta Joxean Agirreren ‘Nobela errealista bat’ izan dira.

Euskal literaturak iaz utzitako uzta zabaletik bost horiek igaroko dira, beraz, bigarren bozketa txandara. Akademiako kideek martxoaren 26a baino lehen bidali beharko dute horietako baten aldeko botoa, urteko libururik gogokoena hautatzeko prozesuan. Bigarren buelta honetan argitalpen batek bozen %40 bereganatuko balu zuzenean izendatuko lukete 111 Akademiako saridun. Aldiz, kopuru horretara iristen den obrarik ez balego, bozka gehien jaso dituzten biak pasako lirateke finalera.

Akademiatik jakinarazi dutenez, lehen bozketa txandan 92 kidek eman dute botoa. «Urtero bezala, bigarren eta, halakorik balego, hirugarren txandetan kopuru horrek gora egitea» espero dute Akademiako arduradunek, azaldu dutenez, bozketek aurrera egin ahala handitzen joaten baita irakurketaren eta, ondorioz, bozketan parte hartzen duten akademiakideen kopurua.

111 Akademiaren 2020k saridunaren izena apirila amaiera aldera emango dute ezagutzera.