Andoni Arabaolaza

Ezustekoak iragarri dituzte Everesteko denboraldi berrian

Nepalgo Gobernuak, besteak beste, baimenik gabe ateratako argazkiak zigortzeko neurria indarrean jarriko du. Txinak bere aldetik, ez du munduko mendi garaiena igotzeko baimenik eman. Bestalde, Indiako, Txinako eta Ekialde Ertaineko mendizaleen kopurua erabat hazi da.

Everesten udaberriko denboraldiak edo montzoi aurrekoak aurten ez du hutsik egingo. Iaz, berriz, pandemiak bertan behera utzi zuen mendizaleen agerraldia. Den-dena prest dago. Duela pare bat aste, agentzia nagusiek kanpaleku nagusia eta Khumbuko glaziarra atontzeko langileak bidali zituzten, lehen mendizaleek Nepalgo hiriburuan lur hartu dute…

Beraz, ohi den legez, datozen asteotan munduko mendi garaienak protagonismoa hartuko du. Beti izan da informazio iturri. Garai batean, alpinismoaren inguruko berriek bazter guztiak ukitzen zituzten. Egun, ordea, hedabide espezializatuek oso gutxitan lehen lerroko alpinisten berriak jasotzen dituzte. Erabat eraldatu da informazioa. Alpinismoarekin baino sentsazionalismoarekin askoz ere parekatuago dago. Komunikabide orokorrak hasi dira Everesten gertatzen dena jasotzen; harrigarria bada, albistegien lehen notizien artean kokatzen dute.

Baina alpinismoaren inguruko berriak izaten ohi dira? Ezta gutxiagorik ere. Duela pare bat urte, Nirmal Purja alpinista entzutetsuak goiko irudi hori atera eta sare sozialetan zintzilikatu zuenetik, mundu zabaleko txoko guztiak aztoratu zituen. Mendizalea izan ala ez; berdin zioen. Den-denak txundituta geratu ziren zortzi mila metrotik gora ilara horiek ikusterakoan. Bitxia bada ere, antzeko irudiak behin baino gehiagotan ikusi ditugu. Batez ere, Everest erabat komertzializatu zenetik. Eta irakurleak jakin behar du mendizale tropel horiek ere Himalaiako beste zortzimilako batzuetan ikusten direla: Makalu, Manaslu, Dhaulagiri…

Bada, argazki horien inguruan Nepalgo Gobernuak denboraldi berrirako erabaki “bitxia” hartu du. Turismo sailaren barne dagoen mendizaletasunaren ataleko zuzendari Mira Acharyak zera aurreratu du: «Geure legediak Everest mendiaren argazkiak eta bideoak egitea debekatzen ditu. Mendizale batek irudi horiek hartu nahi baditu gure baimena jaso behar du. Horretarako, neurri hori eraginkorra izan dadin, araudi berriak indarrean jarri ditugu».

Antza denez, sail horrek ez ditu gustuko izaera horretako argazkiak mundu zabalean barraiatuta ikustea. Eta, antza denez, araudi hori indarrean badago ere, ez da gai izan kontrolatu ahal izateko. Horregatik guztiagatik arduradun horrek honakoa gehitu du: «Alpinista bakoitzak soilik irudiak hartzeko eta zabaltzeko baimena izango du, baldin eta argazki horiek parte hartzen ari den taldearena edo berarena badira. Beste talde bati edo beste alpinista batzuei egiten badizkie, jakin behar du gure baimena izan behar duela. Berdin zaigu argazkilari profesionala izan ala ez. Argazki horiek ateratzea debekatuta dago. Hori egin ezean, neurriak hartuko ditugu».

Hitz batean esanda, Purja nepaldarrak duela bi urte egin eta zabaldu zuen argazkiak herrialde horrek duen araudia hautsi egin zuen. Hots, legez kontrakoa izan zen. Ez dakiguna da neurri horrekin zorrotz jokatuko duten. Edo soilik mendizaleak ikaratu nahi dituzten. Bederen, espedizio komertzialek ematen duten itxura "kaskar" hori saihestu nahi dute. Hala eta guztiz ere, badira gai horren inguruan bideragarritasunik ikusten ez dutenak. Nepalgo Alpinismoaren Elkarteko presidente Ang Tsering Xerpak adierazi du zaila ikuste duela: «Mundu digitalean bizi gara, eta klik batekin eginiko irudia instant batean mundu zabalean hedatuta dago».

Beste mila aurpegi

Azken urteotan udaberrian gertatzen den legez, aurten ere lehen lerroko alpinismoak ez du Everesten tokirik izango. Bai, ordea, agentzia nagusiek antolatutako espedizio komertzialek. Aipatu dugun komertzializazio horretan parte hartzen duten agenteek (mendizaleek) Katmanduko agintariei beste buruhauste batzuk eragin dizkiete. Ohartu dira trekkingetan eta espedizioetan iruzurrak handitu direla. Zerbitzu horiek kontratatzen dituzten bezero askok istripuak edo gaixotasunak asmatu dituzte Katmandura itzultzeko helikopteroetan eraman zitzaten. Era horretan, itzuleko bidea (eta dirua) "aurrezten" dute. Horren aurrean, Turismo Sailak iragarri du helikopteroak edo hegazkinak dituzten agentzia guztiek atzerritarrak ondo hornitutako erietxeetara ebakuatu beharko dituztela: «Orain arte, aireportura eramaten zituzten, baina, orain, lehenik eta behin ziurtatuko dugu gaixotasun hori egiazkoa den ala ez».

Badira beste neurri batzuk; hain zuzen ere, iaztik indarrean daudenak. Horietako bat honakoa da: munduko mendi garaiena igotzen saiatzeko sasoi fisiko egokia dutela baieztatzeko mendizale guztiek medikuen ziurtagiri ofiziala aurkeztuko behar dute. Era horretan, "atzera" botako lituzkete jardun gogor hori egiteko prestatuta ez dauden mendizaleak. Horiei guztiei, gutxienez, 6.500 metroko mendi bat eskalatu dutela eskatzen zaie.

Beraz, "sasoiko" ez daudenek zaila izango dute Everesteko kanpaleku nagusitik gora joatea. Baita gezurtiek ere. Horiei ateak itxiko dizkiete: «Aurrerantzean ezin izango dute Nepalen sartu. Bat baino gehiago gezurretan harrapatu ditugu, hau da, gailurreko argazkia faltsutu dute. Eta hori ez dugu onartuko. Horregatik guztiagatik mendizale bakoitzari txosten zehatz bat exijituko diogu. Bertan, tontor eguna eta ordua, kanpaleku nagusian egin dituen egunak, erabilitako igoerako zein jaitsierako ibilbideak… ondo baino hobeto zehaztu beharko dute.»

Moda aldatu egin da

Everestera hurbiltzen ari diren mendizaleen artean aipatu behar dugu udaberri honetan soilik Nepaletik igotzeko baimena izango dutela. Beste era batera esanda, Sagarmatha (nepalieraz) izango dute xede. Eta ez Chomolungma (tibeteraz). Hego isuritik bai; ez, ordea, ipar aurpegitik. Horrela iradoki dute Txinako arduradunek. Azken herrialde honek okupatuta duen Tibetik atzerritarrek ezin izango dute eskalatu.

Sagarmathara abiatuko direnen artean, esan behar dugu mendizaleen jatorriaren inguruan aldaketak izan direla. Ehunka batzuk kanpaleku nagusian bilduko dira, eta azken urteotako korearren eta japoniarren "nagusitasuna" kolokan geratuko da. Izan ere, beste herrialde batzuetan zortzimilako garaiena modan jarri da. Espedizio komertzialak antolatzen dituzten agentzia nagusiek iragarri dute Indiako, Txinako eta Ertaineko Ekialdeko bezero asko dituztela.

Adibide esanguratsu bat Bahraingo espedizio bat dugu; iaz, Himalaian protagonismo berezia izan zuena. Gogoratu behar dugu herrialde horretako Errege Guardia Manaslun egon zela; tontorra erdietsi ere. Mendizale horiek Nepalgo Himalaiako zortzimilakoetan jardun zuten bakarrak izan ziren. Petrodolarrak banatu eta gero, Nepalek soilik Sheikh Nasser bin Hamad Al Khalifa printzeari baimena eman zion mendi hori igo ahala izateko. Helburua lortu eta gero, 2011. urteko udaberri arabiarrean "torturaren printzea" bezala ezaguna egin zen emirrak iragarri zuen aurten Everest izango zutela xede. Iragarri eta bete egin du.

Bestalde, Asian Trekking agentziaren buru Dawa Stevenek aurreratu du Txinako zein Indiako bezero asko jasoko dituela: «Bi herrialde horietan zortzimilakoetara joateko grina biderkatu egin da. Eta, jakina, Everest lehenesten dute. Covid-19ak eragindako egoeragatik, Europako mendizale gutxiago izango ditugu. Eta etorriko direnek berrogeialdia igaro beharko dute. Indiako mendizaleek eragozpen hori ez dute izango. Pandemiatik at, joera berri bat ikusten ari gara. Geure kasuan, bederen, mendizaleen kopuruari dagokionez, indiarrak lehen postuan daude, txinatarrak bigarrenean eta estatubatuarrak hirugarrenean. Korearren eta japoniarren bisitak, aldiz, asko jaitsi dira. Iraganean mendizale korearren artean istripu larri asko egon ziren, eta ziur aski horrek asko eta asko izutu ditu. Japoniarrei dagokienez, antza denez, aldaketa sozialean eta demografikoan oinarri du».

Azken urteotako errealitatea bere horretan mantentzen da. Agerikoa da Everest eta bere oinarrizko kanpalekua aberatsen (edo milioidunen) kanpalekua bihurtu dela. Munduko ekonomiaren gorabeherek zein herrialde bakoitzaren ospeak alde batera edo bestera eraman ditzakete aipatutako norabide hori.