Haritz Larrañaga

Integrazio Batzordeak ‘Inklusioa funtsezkoa da’ kanpaina abiarazi du 103.000 euro biltzeko

Seaskako ikastoletan diren urritasun desberdinetako 118 haur laguntzeko 103.000 euro behar ditu Integrazio Batzordeak. Martxoaren 27an hasiko da 22. kanpaina eta hainbat ekitaldi izango dira diru bilketa egiteko.

Christelle Minaberry eta Maiena Etcheverry, Integrazio Batzordeko kideak. © Guillaume FAUVEAU
Christelle Minaberry eta Maiena Etcheverry, Integrazio Batzordeko kideak. © Guillaume FAUVEAU

Martxoaren 27an hasiko da Integrazio Batzordeak antolatu duen 22. kanpaina. ‘Inklusioa funtsezkoa da’ goiburua du hainbat ekitaldi eta ekimen biltzen dituen programak. Egun Seaskako ikastoletan diren 118 haur laguntzeko 103.000 euro behar dituzte, izan ere, elkarteak salatzen duenez, «Frantziako Hezkuntza nazionalak ez ditu beharrezko postu guziak finantzatzen».

Christelle Minaberry eta Maiena Etcheverryk Senpereko Larraldea egoitzan eskaini duten prentsaurrekoan oroitarazi dutenez, «hezkuntza eskubidea, haur guztientzat, beren ahalmen urritasuna edozein izanik ere, oinarrizko eskubide bat da». Ondorioz, Gobernu frantsesak bermatzen ez dituen laguntzei aurre egiteko duela 22 urtetik urtero egiten duten diru bilketa kanpaina abiaraziko dute martxoaren 27an.

Iaz diru bilketa kanpaina abiarazi eta osasun krisiak bete-betean harrapatu zituen, ondorioz ezin izan zuten lortu 124.000 euro biltzeko helburua, baina Minaberryk aditzera eman duenez, «hala ere oso kontent gira zeren 90.000 euro baino gehiago batu genituen».

Aurten 103.000 euro eskuratzeko antolatu duten programa bururaino eramaten saiatuko dira, nahiz eta osasun arauengatik aldaketak izan daitezkeen. «Azken unean ekitaldiren bat bertan behera utzi behar izatea gerta daiteke, baina gu gogotsu gaude, soilik jarrera horrekin lortu ahal izango dugu gure helburua».

Beharrak ugarituz

Integrazio Batzordeak (ama eskolatik hasi eta Lizeoetara) Seaskako 118 haur laguntzen ditu gaur egun. Haien artean elbarritasun maila desberdinak dira eta baita beharrak ere. Batzuek baliabide teknikoekin aski dute, adibidez ordenagailu egokitu bat edo gailu berezi bat, baina beste askok laguntza handiagoa behar dute, begirale baten laguntza kasu, eta horretarako 30 profesional ari dira lanean gaur egun Seaskan.

Zentzu horretan, Inklusiorako Egitura Pedagogikoen (IEP) garrantzia nabarmendu dute. Gaur egun lau IEP ditu Seaskak, hiru Kanbo, Ziburu eta Larzabaleko kolegioetan, eta beste bat Donibane Lohizuneko ikastolan. Maiena Etcheverryk, Integrazio Batzordeko aholkulariak jakinarazi duenez, badira ikasleak IEPetan egon beharko luketenak, baina «bertaratzeko laguntzak izan arren, batzuentzat haien bizilekutik urrun geratzen dira».

Ekimen nagusiak

Martxoko azken asteburuan Ipar Euskal Herriko hainbat herritan informazio guneak eta postuak jarriko dituzte, besteen artean aurtengo ediziorako atera dituzten poltsak saldu eta herritarren diru laguntzak jasotzeko. Hainbat eragilek eskaintzen dieten laguntza ere azpimarratu dute Integrazio Batzordeko kideek, hainbat enpresek ere bat egiten baitute diru bilketa kanpainan.

Martxoaren 31 eta apirilaren 11 bitartean Neska Korrika izango da Azkainen. Aurten, osasun arauengatik ekimen «birtuala» izango da, baina parte-hartzaileek hamar eguneko epea izango dute izena eman eta itzulia egiteko. Eskuratutako dirua Integrazio Batzordearentzat izango da.

Ekainean, ostera, ohiko moduan merkatua antolatuko dute Uztaritzen eta Senperen, Larreko gelan ‘Amua’ izenburua duen antzerkia eskainiko dute ekainaren 18an.