NAIZ

Jendetza Laudion Tubacexeko langileen alde, enpresa batzorde esanguratsuek deituta

Tubacexen iragarritako kaleratzeen aurka eta «eskualde oso baten etorkizunaren alde» hainbat enpresa batzordek antolatutako manifestazio jendetsua izan da astelehen honen goizean Laudion.

Aiaraldea kalera atera da berriz, Tubacexeko langileak babestuz. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
Aiaraldea kalera atera da berriz, Tubacexeko langileak babestuz. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Izugarria izan da astelehen honetan 40 greba egun bete dituzten Tubacexeko langileek jasotako babesa. Aiaraldeko eta urrunagoko hainbat enpresa batzordek deituta, manifestazioa egin dute goizean, Laudion. Herriko Plazatik abiatu eta hodiak egiten dituzten lantegira joan dira. `Aiaraldeko enpleguaren defentsan!´ leloarekin herriko kaleak zeharkatu eta plazara itzuli dira.

95 kaleratze daude iragarrita Tubacex enpresan. Horretaz gain, 22 lagunek lantegia utzi beharko dute diru laguntza baten truke eta 12k erretiro aurreratua hartu beharko dute. Horiek dira Amurrioko eta Laudioko fabriken artean 600 langile dituen Tubacexen asmoak. Baina langileek ez dituzte kanporatze horiek inondik inora onartzen, ezta eskualdeko enpresa batzordeek, eragileek eta herritarrek ere.

Horren erakusgarria da enpresa batzorde esanguratsuen ekimenez egin duten manifestazio jendetsua. Babesa sare sozialen bidez ere zabaldu da. Itziar Ituño aktorearen elkartasun bideoak, adibidez, ikustaldi dezente izan ditu.

Izan ere, EH Bildu Arabak adierazi bezala, «ez da soilik Tubacex: eskualde oso baten etorkizuna da jokoan dagoena». Horregatik, gaurko lanuzte eta mobilizazioekin bat egin eta bertan parte hartzeko deia egin du koalizioak ere. Sortu Aiaraldea, Podemos Gasteiz eta Ezker Anitza IU Araba alderdiek bezala.

Ernai Aiaraldeak ere argi du: «Zatituta, bakartuta eta burumakur nahi gaituzte baina ez dira sekula Aiaraldeko langile klasearen gainetik igaroko!».

Zapore mingotsarekin baina indartsu

40 greba egun bete dituzten honetan, kaleratzeen zapore mingotsarekin baina borrokan jarraitzeko energia berrituarekin eta indarrarekin hasi dute astea, Tubacex Borrokan langileen aldeko plataformak azaldu duenez.

Eskualdeko eta urrunagoko enpresa batzorde esanguratsuak lagun dituzte. Honakoak dira manifestaziora batu direnak: Autoglas Opco, Guardian Llodio, Amurrio Ferrocarriles y Equipos, Envases, Imegar, Supermercados Berriak/BM (Laudio, Amurrio), Maderas de Llodio, Montajes Mecánicos Jauregui, Inauxa, Deguisa, Jez, Vidrala, Aiala Vidrio, Tubos Reunidos, Laudioko Udaleko langile batzordea, Laudio Ikastola, Metro Bilbao langileak, Comité AP-68, Bilboko Aireportuko Langileak.

Hainbat enpresatako sindikatuak ere atxiki dira, Artiach, Aianox eta Megatech, besteak beste.

`Elkarrekin indartsuak gara´, `Ez dago inor soberan´eta `Elkarrekin irabaziko dugu´ izan dira erabili dituzten leloetako batzuk. Tubacexeko langileek «eskerrik asko, eskerrik asko, eskerrik asko» esanez erantzun dute.