NAIZ

Paris-Roubaix klasikoa udazkenera atzeratu dute pandemiaren eraginez

Berez, datorren apirilaren 11ean zen jokatzekoa, Euskal Herriko Itzulia amaitu eta hurrengo egunean, baina azkenean urriko aurreneko asteburuan korritzea erabaki dute, 2an emakumezkoen proba eta 3an gizonezkoena.

2015eko edizioaren artxiboko irudia (François LO PRESTI / AFP PHOTO)
2015eko edizioaren artxiboko irudia (François LO PRESTI / AFP PHOTO)

Nazioarteko Txirrindularitza Federazioak (UCI) jakinarazi duenez, Paris-Roubaix klasiko handia udazkenera atzeratuko da. Berez, datorren apirilaren 11ean zen jokatzekoa, Euskal Herriko Itzulia amaitu eta hurrengo egunean, baina azkenean urriaren 3an korritzea erabaki dute.

Noski, arrazoia pandemiak eragindako egoera da, hain zuzen ere iaz 2020ko edizioa bertan behera uztea ekarri zuen arrazoi berdina. Orduan ere hasiera batean udazkenera atzeratu zen harbideetako klasiko gogorra, baina azkenean egoerak hobera egiten ez zuenez bertan behera gelditu zen.

Gogoratu behar da, aurrez, hemeratzigarren mendearen amaieran korritzen hasi zenetik, bi Mundu Gerrak bakarrik izan zirela lasterketa bertan behera uztera behartu zutenak, 1915-1918 urteen artean eta 1940-1942 urteen artean.

Aurtengo lasterketa atzeratzeko arriskua aurreko astean hasi zen indarra hartzen, Michel Lalande prefetak publikoki arrisku horretaz hitz egin ondoren. Eta asteazkenean Emmanuel Macron presidenteak ezarritako arau berrien ostean atzerapena baieztatu egin da.

Data berriak (urriaren 2an emakumezkoen proba eta urriaren 3an gizonezkoena) jada onartuak izan dira, Munduko Txapelketak jokatu eta aste bete beranduago. Ea orduan posible den 2019an Philippe Gilbertek lortutako garaikurra hurrengo irabazleek jaso dezaketen.