NAIZ

Nafarroako aztarnariek kaleratzeak salatu dituzte, ondorioak «tragikoak» izan daitezkeelako

Foremeko aztarnariek salatu dutenez, maiatzean euren kontratuen %90 desegingo dituzte, haien ordez zerrendetako pertsonei epe luzeko kotratuak egiteko. Osasunbideak dio aztarnariek beren lanpostuetan segiko dutela, baina hamabost profesional gutxiago egongo direla.

Nafarroako Gobernuak berriki aldatu du aztarnarien lantokia Refenatik Foremera. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Nafarroako Gobernuak berriki aldatu du aztarnarien lantokia Refenatik Foremera. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Mutiloako Forem egoitzan lan egiten duten harreman estuen aztarnariek maiatzean euren kontratuen %90 deuseztatuko dituztela salatu dute. Asmoa da epe luzeko kontratazioetarako zerrendetako langileak jartzea haien ordez. Hori «beharrezkoa eta bidezkoa» ikusiko lukete «beste edozein testuingurutan», baina ez orain, Nafarroan egunean 200 kasu atzematen direnean eta ZIUetan berriz ere presioa sumatzen hasi direnean. Ondorioak «tragikoak» izan daitezkeela ohartarazi dute.

Alizia Percaz kolektibo honen bozeramaileak Foremen aitzinean egindako adierazpenetan oroitu duenez, joan den irailean ehun lagun baino gehiagoko talde bat hasi zen aztarnari gisa lanean. «Inork ez zekien deus lanbide honetaz eta egunez egun eta deiz dei joan gara ikasten».

Erantsi duenez, denbora honetan eta mundu mailan agerian gelditu da zein garrantzitsua den aztarnarien papera covidaren aurka egiteko. «Lan honi esker kasuak detektatu eta kutsatze-kateak moztu daitezke, eta birusa hedatzen segitzea eragotzi», azpimarratu du.

Baina, tamalez, talde hori sortzeko jarri ziren baliabide guztiak, pertsonenak zein ekonomikoak, hankaz gora jarriko dituztela azaldu du. Izan ere, maiatzaren 1ean aztarnari gehienak «esperientziarik gabeko talde txikiago batek» ordezkatuko ditu.

Salpuespena normaltasun

Izurritearen testuinguru aldakorrean aztarnarien kontratuak hilabetez hilabete joan dira berritzen. «Garai honetan salbuespena normaltasuna da. Ezin da epe luzera aurreikuspenik egin».

Percazek gaineratu du Nafarroako Gobernuak «kanpo presioak jaso dituela postu horiek epe luzeko kontratuek betetzeko (...). Beste edozein testuingurutan beharrezkoa eta bidezkoa litzateke, baina postu honen berezitasuna kontuan hartuta aldaketa horren ondorioak tragikoak izan daitezkeela uste dugu».

Gaur egun, Nafarroako positibo berrien %90a baino gehiago birusaren aldagai britainiarrarenak dira, «askoz arriskutsuagoa eta kontrolatzeko zailagoa». Egoera honetan, aztarnarien %90a kaleratzea «laugarren olatuan hondoratzeko» faktore bat izan daiteke Percazen iritziz, talde bat prestatzeak denbora eskatzen duelako eta denbora horrek «kasuak beranduago atzematea eta akatsak egiteko eta kontaktuak galtzeko aukera handiagoa» izatea.

Nafarroako Gobernuak martxoaren 30ean bukatu zuen covidaren kontrako baliabide honen leku aldaketa Refenatik Foremera.

Osasunbidearen erantzuna

Aztarnarien salaketaren ondotik, Osasunbideko zuzendari Gregorio Achutegik Efe agentziari adierazi dio arakatzaileek beren lanpostuetan segiko dutela, baina hamabost profesional gutxiago egongo direla.

Achutegiren esanetan, apirilaren 30ean amaitzen dira covid-19aren harira eginiko kontratuak, 102 aztarnarirenak ez ezik, pandemiaren eraginez Osasunbideak kontratatuako ezohiko langile guztienak ere (1.200 pertsona inguru).

Kasu gehienetan, langile berriak iraupen luzeko kontratuetarako zerrenda sistema batetik joango direla gaineratu du, eta horrek gainerakoengan «kezka» sortzen duela aitortu du. Hala ere, aztarnarien kasuan, «egungo kontratazioari eutsiko zaio, ez zaie aldatuko, denbora batez luzatuko den jarduera bat dela uste dugulako, baina etorkizunean mantentzeko asmorik ez dago», gaineratu du. Zerbitzua 85 profesionalekin geratuko da.

Bestalde, datozen hilabeteetan jarduera gehiago izango dituzten zerbitzuak indartuko dituztela esan du, besteak beste, txertaketa eta lehen mailako arreta.