NAIZ
IRUÑEA

Aztarnarien kexaren ondotik, Nafarroako osasun plantilla indartzea eskatu du LABek

Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariari Osasunbideako plantilla indartzeko «sekulako aukera» duela adierazi dio LABek. Horretarako, pandemia dela eta postuak indartzeko kontratatutako langileak «berrantolatzea» proposatzen du sindikatuak, aztarnarien azken salaketen ondotik.

Santos Induraini osasun plantilla indartzeko eskatu dio LABek. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Santos Induraini osasun plantilla indartzeko eskatu dio LABek. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

«Ez ditugu ulertzen kontseilariaren eta bere taldearen kontraesanak covid-19aren beharrak direla-eta kontratatutako langileak kudeatzeko orduan. Hasiera batean iragarri bazuten kontratuak bertan behera utzi behar zituztela langile horiek guztiak iraupen luzeko zerrendetatik kontratatzeko, orain ezin da salbuespenik egin, gainerako langileentzat konparaziozko bidegabekeria bat delako», adierazi du LABek ohar baten bidez.

Mutiloako Forem egoitzan lan egiten duten harreman estuen aztarnariek maiatzean euren kontratuen %90 deuseztatuko dituztela salatu zuten astelehenean. Asmoa da epe luzeko kontratazioetarako zerrendetako langileak jartzea haien ordez. Aztarnarien salaketaren ondotik, Osasunbideko zuzendari Gregorio Achutegik E arakatzaileek beren lanpostuetan segiko dutela adierazi duen, baina hamabost profesional gutxiago egongo direla.

«Aztarnariak lehen lerroan egon dira, bai. Eta gainerakoak? Ospitaleetako Covid solairuetako langileak, larrialdietakoak, ospitale psiko-geriatrikokoak, osasun etxeetakoak… Nor ez da egon lehen lerroan? Nor ez da ezinbestekoa izan?», galdetu du LABek.

Santos Indurain kontseilariari Osasunbideako plantilla indartzeko «sekulako aukera» duela adierazi dio, «inor kaleratu gabe, langile horiek osasun sistemako puntu ahulenetara bideratuz, adibidez, oinarrizko osasun laguntzako osasun etxeetara».

Horretarako, pandemia dela eta postuak indartzeko kontratatutako langileak «berrantolatzea» proposatzen du sindikatuak. «Oinarrizko osasun laguntzan aspalditik ditugun gabeziak konpon litezke, eta, bide batez, pandemia bitartean nabarmen handitu diren itxaron zerrendak argaldu».

Zentzu horretan «konponbide partzialekin, kontratazioak prekarizatzea eta profesionalak kanporatzea» arbuiatu du LABek eta, bide beretik, «militarrak jartzea aztarnari-lanak egiteko eta aldi berean Osasunbideko langileak kanporatzea» gaitzetsi du. «Osasunbideko langileak ekitatez, gardentasunez eta araudia errespetatuz egonkortzeko eta kudeatzeko unea da», gehitu du sindikatuak.