NAIZ

Estatuak 1978tik 1999ra eragindako biktimei buruzko lehen erabakiak, laster

900dik gora eskaera jaso ditu Lakuako Gobernuak, Estatuaren indarkeria jasan duten pertsonen partetik, 1978tik 1999ra bitartean. Datua berretsi du Beatriz Artolazabal sailburuak eta lehen erabakiak kaleratzear direla erantsi du. Prozesuan lagungarri izan daitekeela uste du.

Maribi Arregi, Joxe Arregiren arreba, Koldobika Jauregik egindako eskultura erakusten. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)
Joxe Arregiren familia, eskaera aurkeztu dutenen artean. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)

Estatuak eragindako indarkeria mota ezberdinak (tortura esaterako) jaso duten pertsonek abendua arte dute biktima gisa aitortuak eta erreparatuak izatea eskatzeko epea. Orain 1978tik 1999ra gertatutakoa jorratzen ari da Lakuako Gobernuak. Eta Beatriz Artolazabal Gizarte Politikako sailburuak argitu berri duenez, lehenengo erabakiak laster emango dira jakitera. Orain arte balorazio batzuk egin dira horretarako lanean den Batzordean baina ez da inongo erabakirik jakinarazi.

Honela argitu dio Artozabalek Elkarrekin Ahal Dugu Miren Gorrotxategi bozeramaileari. Izan ere, honek kezka agertu du, beste zenbait eragilek bezala (Egiari Zor, esaterako), eskaera gutxi jasaten ari zirelakoan.

Prozesuak azken garaiotan bultzada izan duela berretsi du sailburuak, jada 917 eskaera batu direla baieztatuz (aurreko astean datu bera eman zion PPko Carmelo Barriori). Eta «datozen asteetan aurkeztuko ditugu onartuak izango diren biktima-izaera aitortzeko lehen ebazpenak –erantsi du–. Aurkezpen hori, gardentasun-ariketa bat izateaz gain, biktimak zabaltzeko eta eskaera berriak aurkeztera animatzeko balio dezakeela uste da», aipatu du Artolazabalek.

Gorrotxategik azaldutako kezkaren aurrean, Lakuaren ahalegina defendatu du Artolazabalek, hartu dituzten ekimenak zerrendatuz: «Sei informazio-bilera egin dira 2016an, 2017an, 2018an, 2019an eta 2020an biktimen elkarteekin, 12/2016 Legearen izapidetzeari eta epeei buruzko zalantzak argitzeko; 1.000 telefono-dei inguru jaso eta biktimei egin zaizkie, 12/2016 Legeari buruzko alderdiei buruzko informazioa emateko; telefono-deien ondoren, askotan harremanetan jarri gara posta elektronikoz, eskaera egiteko estekak bidaltzeko; teknologia berrietan zailtasunak dituzten pertsonei laguntza eman diegu, eskaerak bulegoan egitea edo eskabide inprimatua bidaltzea haiek beteta eta sinatuta itzul dezaten (60 pertsona); agerraldi publikoak Legebiltzarrean eta komunikabideetan, 12/2016 Legea onartu zenean eta 12/2016 Legea aldatzen duen apirilaren 4ko 5/2019 Legea onartu zenean; mintegia antolatu genuen Fabian Salviolirekin. 2017ko apirilean; 2017ko ekainean eta 2018ko urtarrilean, informazio-gutun bana bidali zitzaien biktima guztiei, 12/2016 Legeari jarritako errekurtsoaren eta egiten ari ziren urratsen berri emateko...»