Maite Ubiria

Hendaia Biltzen taldeak udal gobernuak onarturiko etxebizitza plana etsigarritzat jo du

Etxebizitzarena lehentasunezko gaia izan zela Kotte Ezenarro buru duen udal gobernua babesteko orduan oroitarazi ondoren bigarren etxebizitzen eta orohar promozio pribatuen garapena ekarriko duelakoan herriko etxeak onartu berri duen PLU delako plana etsigarritzat jo du Hendaia Biltzen taldeak.

Hendaiako Orio auzoan eraikiko duten etxebizitzen eremuan agerraldia egin du Hendaia Biltzen taldeak. (Bob EDME)
Hendaiako Orio auzoan eraikiko duten etxebizitzen eremuan agerraldia egin du Hendaia Biltzen taldeak. (Bob EDME)

Udal taldeko hainbat kidez lagundurik Hendaia Biltzeneko hautetsiek prentsaurrekoa eman dute gaur asteazkenean Hendaiako Orio auzoan. Etxebizitza pribatuen merkatua elikatzera etorriko diren egitasmo bi garatu nahi dituztela Hendaiako auzo horretan salatu dute agerraldi horren bidez.

Alde batetik, dohantza baten ondorioz Parisko Erietxeen erakundeak (AP-HP) eskuratu zuen ondasunari dagokion egitasmoa dago. Herriko gazteek aspalditik hutsik eta aski abandonaturik dagoen erakina okupatu zuten garaian gaztetxe gisa baliatuz. Eraikinaren jabe den elkarteak egoitza erabiltzeko premia aldarrikatu zuen hain zuzen Baionako epaitegian eginiko auzian gazteak etxe horretatik at bidaltzeko.

Hendaia Biltzen udal taldea beldur da finean helburu soziala ez dela lehenetsia izanik lur eremu horretan garatzeko den proiektuan.

Orio auzoko biribilgunearen bestaldean Sagec enpresak etxeak saltzeko afixak, baita salmenta bulegoa ere, ezarri ditu. Orotara 85 etxebizitza (11 etxe eta 74 apartamendu) eraikiko ditu promotoreak alturetatik itsasoari begira dagoen 10.000 m2ko pentzean.

Aipaturiko egitasmo bi horiek etxebizitza politika egoki baten falta direla uste du Hendaia Biltzenek. Ildo beretik doan PLU delako egitasmoa etsigarritzat jo du.

Kezkagarria bada ere, Letizia Navarron bere zerrendaburuaren esanetan, joan zen ekaineko bozen ondotik Kotte Ezenarro alkatea sostengatzearen truke «lehentasunezko gai bezala» agertzen zen etxebizitzaren gaiari buruz zehazturiko hainbat konpromisoen aztarnarik ez agertzea Aurrekontuen agitasmoan.

Hori dela eta auzapez sozialistari «izenpeturiko akordioak betetzeko direla» oharra eginez Hendaia Biltzeneko hautetsiek udal kontuen hainbat kapituluen kontra botoa eman zuten azkeneko udal batzarrean.

%60 egoitza nagusi, %40 bigarren etxebizitza

Hendaiako Herriko Etxeak ondoko sei urtetarako aitzineraturiko PLU planaren arabera herrian eraikiko duten etxebizitzen %60 egoitza nagusi izanen dira eta bertze %40a, aldiz, bigarren etxebizitza.

Hendaia Biltzen taldeak, berriz, etxebizitza sozialen kopurua %40tik %60ra eramatea proposatu du.

Orio auzoan gertatuko den bezala «lur eremuak urbanizatzea bigarren etxebizitzak sortzeko» ez da onargarria udal talde horren ustez.

Hendaia Biltzeneko ordezkariek hainbat xifra eskaini dute agerraldian arazoaren tamaina agerian utzi nahian.

2012-2017 tartean etxebizitza nagusien kopurua jaitsi egin zen Hendaian. 8.057tik 7.737ra, hau da %60,3tik %55,1era pasatu zen urte osoan zehar baliatzen diren egoitzen kopurua.

Denbora tarte berean, bigarren etxebizitza kopurua 4.660tik 5.638ra igo zen, %34,9tik %40,1era emendatuz. Hau da sei urtetan egoitza nagusi bezala erabiltzen ziren 300 etxebizitza galdu ziren Hendaian eta, horren ordez, 1.000 bigarren etxebizitza gehiago sartu ziren merkatuan.

Paulo Arzelus zinegotziak zehaztu duenez 2020-2026 bitartean 1.600 etxebizitza berri eraikitzea aurreikusten du PLU delakoak. Horietarik 960 egoitza nagusi lirateke. Kopuru horren baitan 642 etxebizitza sozial sartzen dira. Ondorioz bertze 640 bat etxe merkatu librean salduko dira.

Izan ere, egoitza nagusien atalean babesturiko etxebizitza mota ezberdinak jasotzen dira. Horietarik batzuk «tarteko etxebizitza» gisara arauturik daudenez epe luzera etxebizitzaren parke pribatua elikatuko dutelako bere kezka ez du ezkutatu Hendaia Biltzenek.

Hala benetako etxebizitza sozialak, hau da «bail» edo elkartasunezko kontratupeko bizitokiak, eskaintzeko hautua defendatu du udal taldeak.