NAIZ

1.010 positibo gehiago; Gipuzkoa eta Bilbo eremu gorrian sartu dira eta Araba, atera

Gipuzkoa (412) eta Bilbo (403) eremu gorrian sartu dira eta Arabak, aldiz, kontrako norabidea hartu du (398), Hego Euskal Herrian ia 1.010 kasu berri zenbatu diren egun honetan eta, azken astean, 26 zendu EAEn.

Positiboek goranzko joeran jarraitzen dute Nafarroan. (Iñigo URIZ I FOKU)
Positiboek goranzko joeran jarraitzen dute Nafarroan. (Iñigo URIZ I FOKU)

Osakidetzak argitaratutako txostenaren arabera, Gipuzkoa eta Bilbo eremu gorrian sartu dira, hurrene hurren 412 eta 403 intzidentzia tasak pilatua. Araba, aldiz, bertatik atera da, baina oraindik 398koa dauka. Astigarragak ere utzi du zonalde gorria.

Eremu gorrian jarraitzen dute, baina, Gasteizek, Ermuak, Markina-Xemeinek, Ondarroak, Aretxabaletak, Arrasatek, Azkoitiak, Beasainek, Lazkaok, Legazpik, Lezok, Oiartzunek, Oñatik, Ordiziak, Tolosak, Urretxuk eta Zumarragak. Eta zerrenda horretara, Bilborekin batera, Errenteria eta Zarautz batu dira.

Hala ere, gogora ekarri behar da nahiz eta gaur, datu hauekin, eremu gorritik sartu edo irten egin diren, hurrengo astelehenera arte ez dela zerrenda berrituko, eta ordura arte egungo egoera eta neurriekin jarraitu beharko dutela.

Datuak

Gaur ere 1.010 kasu inguru jakinarazi dituzte Hego Euskal Herrian. Atzo egin ziren 13.449 frogetatik, 1.010 izan ziren positibo. Hau da, tasa %7,4koa da.

Asteartean baino froga gutxiago egin eta positibo gehiago azaleratu ziren asteazkenean Nafarroan. Guztira 222 covid-19 kasu berri antzeman dira azken orduetan, aurreko egunean baino gehiago beraz.

Aldiz, ia 300 froga gutxiago egin dira, 2.411 batzeraino eta horrek positibitate tasa puntu bat eta erdi haztea eragin du, %9,2raino. Goranzko joeran jarraitzen du intzidentziak azken bi asteetan.

EAEn, berriz, 788 positibo detektatu dituzte, aurreko egunean baino 57 gehiago. Ia 2.000 froga gehiago egin dira eta, ondorioz, tasak behera egin du 0,8 punto.

Bizkaiak zenbatu du kasu gehien, 373 rekin, bezperan baino 25 gehiago. Gipuzkoak, era berean, 296 aurkitu ditu, 14 gehiago, eta Arabak 113, 20 gehiago.

Ospitaleetako datuak ere ez dira baikorrak. EAEko ZIUetan 103 lagun daude, asteartean baino hiru gehiago, eta Osakidetzan ospitaleratuta, guztira, 366, hiru gutxiago. Nafarroan, ZIUn 29 pertsona dira eta ospitaleratuta, aldiz, 182.

26 hildako azken astean EAEn eta bat atzo Nafarroan

Bestetik, azken astean, 26 pertsona hil dira EAEn koronabirusa arrazoi zuzen gisa izanda, aurreko 7 egunetan baino 7 gutxiago.

Nafarroan asteazkenean pertsona bat hil da koronabirusaren ondorioz: 85 urte zituen gizonezkoa.

Lakuako Osasun sailak ostegun honetan zabaldutako datuen arabera, martxoaren 29tik apirilaren 4ra bitartean 26 pertsona hil ziren, martxoaren 22tik 28ra 33 izan ziren bitartean, eta aurreko astean, hilaren 15etik 21era bitartean, 18.