NAIZ

Eider Garcia errenteriarraren familiak elkartasuna eskatu du alabaren ebakuntza ordaintzeko

Eider Garcia Elosegi Errenteriako 11 urteko haur bat da. Biparesia espastiko bat dauka diagnostikatuta, eta horrek hanken oreka eta mugikortasuna zailtzen dio. Ebakuntzarekin bere psikomotrizitatea eta bizi kalitatea hobetu ahal izango ditu.

Eider Garcia errenteriarrak bizi kalitatea hobetzeko aukera dauka ebakuntza batekin.
Eider Garcia errenteriarrak bizi kalitatea hobetzeko aukera dauka ebakuntza batekin.

Eider Garcia Elosegi errenteriarra da eta 11 urte ditu. Jaio eta 13 egunera, kardiopatia ebakuntza egin zioten eta oxigeno horniduran izandako arazo batengatik garun-paralisia izan zuen. Horrek beheko gorputz adarrei eragin zien. Ebakuntza batekin bizi kalitatea hobetzeko aukera dauka orain, baina garestia da eta familiak eta Juneren Hegoak elkarteak laguntza eskatu dute ordaintzeko.

Biparesia espastikoa diagnostikatuta dauka Eiderrek, eta horrek oreka eta hanken mugikortasuna zailtzen dizkio. Sei hilabete eman zituen Gurutzetako Ospitalean, hainbatetan bizitzaren eta heriotzaren arteko mugan. Diafragma ebakuntza egin zioten eta ibiltzen laguntzen zioten aparatuak kendu ahal izan zituen. Gaur egun, terapiei esker, hazi egin daiteke eta bizimodu autonomoa izan dezake, bere zailtasunen barruan.

Bide berri bat ireki zaio orain Eiderri, bere bizi kalitatea hobetzeko lan egin ahal izango baita. «Bartzelonan klinika bat zegoela jakin genuen, eta bertan fasziako ebakuntza egin zezaketela, giharrak estaltzen dituen oihalarena, hain zuzen ere. Esku-hartze horrekin, zenbait ebaki egingo dizkiote faszian, eta muskulua askatu ahal izango da. Gure alabak ibiltzeko, korrika egiteko eta eskailerak igotzeko modua hobetu ahal izango ditu horrela», azaldu dute Mario eta Arantxa gurasoek.

Ebakuntzaren ondotik, errehabilitazio gogorra

Ebakuntzaren data maiatzaren 4a da, eta 9.000 euroko kostua du. «Eiderrek 11 urte ditu, eta orain egin behar dugu, ebakuntza horiek egiteko adina delako», adierazi dute gurasoek. Gainera, gero errehabilitazio gogorra egin beharko du, fisioterapia tratamendu oso garestiekin, berriz ibiltzen ikasteko, eta familiak horri ere aurre egin beharko dio. Eiderren gurasoek elkartasunerako deia egin dute, operazioaren kostua, ebakuntza ondokoa eta errehabilitazioa ordaindu ahal izateko.

Ekarpenak egiteko Laboral Kutxaren kontu korronte bat jarri dute (ES71 3035 0011 2601 1013 5094) eta Eiderren ama Arantxaren telefonoa utzi dute, Bizum egiteko eta edozein zalantza argitzeko.

Eiderren familiak Juneren Hegoak elkartean lan egiten du. Haurren gaixotasunen esperientzia bizitzen ari diren Gipuzkoako familientzat laguntza-sare bat sortzea da Juneren Hegoak elkartearen zeregina.