Asier Robles

Hizkuntza-berdintasunaren bidean leihoak irekitzen jarraitzeko beharra nabarmendu dute

Espainiar Estatuko hizkuntza gutxituak defendatzen dituzten eragileek martxoan Kongresuak eztabaidatutako legez besteko proposamenek leiho bat ireki dutela adierazi dute baina, oraindik, hizkuntza-berdintasuna lortzeko bide luzea geratzen dela nabarmendu dute.

Paul Bilbao, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia, gaurko agerraldian. (Endika PORTILLO/FOKU)
Paul Bilbao, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia, gaurko agerraldian. (Endika PORTILLO/FOKU)

Euskalgintzaren Kontseiluak aragoiera, asturiera, galiziera eta katalana defendatzen duten beste eragile batzuekin batera prentsaurrekoa eman du gaur Bilbon martxoaren 9an espainiar Kongresuan eztabaidatu zen legez besteko proposamena baloratzeko.

Aurkeztutako zazpi proposamenetatik hiru onartu zituen Kongresuak: «Berezko hizkuntzen ofizialtasunerako estatutu erreformak» bultzatu eta babestea; «eremu linguistiko bereko lurraldeen arteko hizkuntzen administrazio-erabilera ahalbidetzea» eta «benetako errespetua, eskubideetan zein betebeharretan eta Estatuko botere guztien jardun konprometituan oinarritua».

«Parametro egokietara eta erdigunera»

«Urrats txikia» izan arren, eztabaida «parametro egokietara eta erdigunera» eraman izana azpimarratu du eragileen izenean Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok: «Behingoz, berezko hizkuntzen kudeaketa justizia, berdintasuna eta askatasunaren parametroen arabera eztabaidatzea lortu dugu. Izan ere, Madrilen esan genuen bezala, demokrazia dago jokoan baldin eta Estatuko milioika biztanle bigarren mailako herritar gisa hartzen badira».

Horrekin batera, Bilbaok eragileek izandako erantzukizuna eta malgutasuna azpimarratu nahi izan du. «Gure aldetik prestutasuna izan da adostasunetara iristeko, horrexegatik ulergaitz egin zitzaigun eragileoi hizkuntza-berdintasuna bezalako printzipioei uko egiteko eskatu izana. Halere, eta proposamen osoa baztertuko zela zirudien arren, azkenean, eragileon presioari esker leihoren bat irekitzea lortu genuen. Ez guk nahi beste, baina arrakala egin genuen», adierazi du.

«Egiturazko neurriak atzera bota ditu Kongresuak»

Gainera, Kongresuko alderdi batzuek izandako jarrera salatu dute: «Ulergaitza egiten zaigu zenbait alderdik benetako irmotasuna erakutsi ez izana, Madrilen esan bezala, justizian eta berdintasunean oinarritutako hizkuntza-kudeaketaren eredu berri bati hasiera emateko», esan du Plataforma per la Llenguako ordezkari Francesc Marcok.

Izan ere, Marcok adierazi bezala, «egungo bidegabekeriari» amaiera emateko aukera eskaintzen zuten puntuak errefusatu zituen Kongresuak: «Herritar guztiei ez zaizkie eskubide eta betebehar berdinak aitortu nahi izan, ez dute onartu administrazio publikoko langileei berezko hizkuntzen ezagutza eskatzea, ez dute nahi izan Estatuko araudian dagoen gaztelaniaren legezko inposizioa bertan behera utz dadila… Zalantzarik gabe egiturazko neurriak atzera bota dituzte eta beraz, esan behar dugu oraindik hainbat alderdi benetako berdintasunaren alde egotetik urrun daudela», adierazi du.

Bilbaok gogoratu du berriki Europak berak berretsi duela Estatuak nahitaezkoa duela hizkuntza-politikaren norantza aldatzea. Ildo beretik, Estatuak hainbat gomendio bete ez dituela adierazi du Bilbaok, bereziki Kongresuak onartu ez dituen 4 proposamenetan.

Aragoieraren, asturieraren, galizieraren eta katalanaren alde lanean diharduten Nogara, Iniciativa Pol Asturianu, A Mesa Pola Normalización Lingüística, Acció Cultural del País Valencià, Ciemen, Escola Valenciana, Obra Cultural Balear, Òmnium eta Plataforma per la Llengua erakundeetako ordezkariek Kongresuak martxoan onartutako hiru proposamenak haien hizkuntzetan nola eragingo duten azaldu dute.

«Leiho berriak irekitzeko beharra»

Eragileek leiho bat zabaldu dela aitortu dute baina, era berean, leiho berriak irekitzeko beharra dagoela nabarmendu dute.

Aurrera begira modu bateratuan jarduteko konpromisoa berretsi dute eta berehalako bi lan ildo abian jarriko dituztela azaldu NOGARAko Chuserra Barriosek: «Batetik, hizkuntza bakoitzak bere lurraldean abian jarriko ditu lanketak puntu horien eragin ditzaketen ondorioak aplika daitezen ahalik eta lasterren. Bestetik, gure lana Espainiako Gobernua interpelatzea izango da». Hala, espainiar Gobernuko Lurralde Politikako ministroari bilera eskatu diote.

«Gure asmoa, orain arte bezala, erantzukizunez jokatzea da, eta uste dugu badela garaia urrats sendoak emateko», gaineratu du Barriosek.