NAIZ

Irisgarritasunak eta inklusioak ardaztuko ditu Ondarearen Europako Jardunaldiak

‘Guztion ondarea, denok parte! Patrimonio inclusivo y accesible’ lelopean egingo da Ondarearen Europako Jardunaldien VI. edizioa, datorren urrian Gipuzkoan. Parte hartzeko proposamenak maiatzaren 21era arte aurkez daitezke.

Ondarearen Europako Jardunaldien aurkezpena. (NAIZ)
Ondarearen Europako Jardunaldien aurkezpena. (NAIZ)

Urrian ospatuko dira Ondarearen Europako Jardunaldien seigarren edizioa, ‘Guztion Ondarea, Guztion parte! Patrimonio inclusivo y accesible’ lelopean. Jardunaldiok Europako Kontseiluak eta Gipuzkoako Aldundiak antolatzen dituzte elkarlanean eta, Arkaitz Millan Kultura diputatuak ostegun honetan Donostian egin den aurkezpenean azaldu duenez, helburua herritarrak ondarea zabaltzera gonbidatzea da, irisgarritasun unibertsala bermatze aldera.

Aurkezpenean Luisma Moreno Atzegiko kide eta  Ezezagunok Antzerki Elkarteko antzerki zuzendariak eta Lina Ugarte Irakurketa Erraza elkarteko arduradunak ere hartu dute parte. Ugartek azaldu duenez, berak ordezkatzen duen elkarteak «irisgarritasun kognitiboa sustatzen du, Irakurketa Errazeko formatuko materialak sortuz eta egokituz». Nabarmendu duenez, formatu hori irakurtzeko eta ulertzeko zailtasun mota guztiak dituzten pertsona guztientzat da eta irakurketa partekatuko programa bat ere garatzen dute hainbat gunetan, kolektibo horiek sartzea errazteko. «Irakurketa erraza edozein herritako kultur eta ahozko ondarea ezagutarazi eta balioa emateko tresna da», jarri du azpimarra.

Moreno zein Ugartek kultura arloan eta ondarearen hedapenean irisgarritasunak eta inklusioak duten garrantzia nabarmendu dute. «Bai Atzegik bai Ezezagunok beste egiteko modu batzuk ikusarazi nahi dituzte, adimen desgaitasuna duten pertsonek bizi dituzten beste errealitate batzuk, esaterako. Ez da kasualitatea gure antzerki taldeari Ezezagunok deitzea. Asko interesatzen zaigu Ondarearen Europako Jardunaldiek eskaintzen diguten aukera, alde batetik, adimen desgaitasuna duten pertsonak ikusarazteko eta, bestetik,  bizitza kulturalean parte hartzeko aukera izan dezaten», nabarmendu du Morenok.

Programa osatuko duten jarduerak Gipuzkoa Kulturako webgunearen bidez aurkeztu ahal izango dira maiatzaren 21era arte, eta edozein entitatek, kolektibok, enpresak edo pertsonak aurkeztu ahal izango ditu, baldin eta ondarea ezagutarazteko jarduera bat antolatu nahi badute, «betiere kontuan hartuta baliagarri izango dela guri dagokigun herentzia hori deskubritzeko eta gozatzeko».

Parte hartzeko gida eta bilera telematikoa

Proposamenak aurkezterakoan antolatzaileen lana errazteko, parte hartzeko gida bat argitaratu zen 2020an, Gipuzkoa Kulturako webgunean eskuragarri dagoena. Gainera, datorren apirilaren 15ean, osteguna, bilera telematiko bat egingo da, ekimena zehatz-mehatz azaltzeko eta ondarearen jai horrekin bat egiteko jarraibideak eta ideiak emateko. Interesdunek bilera horretarako izena eman dezakete Gipuzkoa Kulturako webgunean.

Aurreikuspenen arabera, 2021eko programan parte hartuko duten proposamenek aukera emango dute datorren udazkenetik aurrera ehun jarduera inguru eskaintzeko Gipuzkoako hainbat udalerritan, eta «horrek aukera emango dio publikoari ondarearekin lotutako baliabide asko eta asko ohiko bidetik kanpo ezagutzeko».

Programa 2016az geroztik gauzatzen da Gipuzkoan, eta aldi baterako erakusketak, ibilaldiak, bisitaldiak, ibilbide gidatuak eta antzeztuak, erakusketa fisikoak nahiz birtualak, eta tailerrak hartu izan ditu, besteak beste.  Aurreko edizioan, osasun egoerak mugak jarri bazituen ere, programatutako jardueren %84 egin ziren, guztira 119 ekitaldi. Horietan 2.700 pertsonak  hartu zuten parte, Aldundiaren arabera.