Jon Ormazabal

Izaera parte-hartzailea berreskuratuko du Emakume Master Cupek Nafarroan

Lehiaketa erabat irekia izango du eskuz ezezik, maiatzetik ekainera paleta gomaz ere jokatuko den lehiaketak. Izen emateak apirilaren 25a arte egongo da zabalik.

Nafarroa Arenako pilotalekuan aurkeztu dute txapelketa. (EMC)
Nafarroa Arenako pilotalekuan aurkeztu dute txapelketa. (EMC)

Ostegun honetan Iruñean aurkeztu duten Nafarroako Foru Komunitateko Txapelketaren lehen edizioa, erraietara itzultzea moduko bat izango da Emakume Master Cupentzat, izan ere, osasun-pandemiak eragindako geldialdiaren ondoren, bere nortasun-ezaugarri nagusietako bat berreskuratuko baitu lehiaketak; bere izaera irekia eta parte-hartzailea. Nafarroako Pilota Federazioaren laguntzarekin Nafarroako Gobernuak bultzatutako txapelketa honetan, nahi duten pilotari guztiek parte hartu ahal izango dute parte, hau da, inskripzio libreko txapelketa bat izango da.

Baina, era berean, etorkizunera begirako urrats bat ere izango du Nafarroan jokatuko den lehiaketa honek, izan ere, eskuzko lehiaketez gain (binaka pilota goxoarekin eta mistoarekin), lehen aldiz paleta gomazko lehiaketa bat ere jokatuko da. Honek are gehiago zabalduko du parte hartzaile potentzialen kopurua, asko baitira modalitate honetan jokatzen duten emakumeak.

Aurkezpenean Rebeca Esnaola, Nafarroako Kultura eta Kirol kontseilariak, adierazi duenez, «txapelketak ilusioa sortu nahi du pilotan aritu nahi duten emakumeen artean, haien ezaugarrietara eta beharretara egokitutako maila goreneko lehiaketa bat antolatuz» eta, era berean, «pilotari guztientzat erreferente» izatea.

Izen ematea zabalik

Parte hartu nahi duten pilotari guztiek www.emakumemastercup.com webgunean eman behar dute izena, apirilaren 9tik 25era bitartean. Finalak ETB-1ek eta Navarra Televisionek zuzenean eskainiko dituzte.

Gaurko aurkezpenean, Rebeka Esnaola kontseilariaz gain, Iera Agirre eta Maite Ruiz de Larramendi pilotariak, Nafarroako Federazioko Jon Oyarzun eta Emakume Master Cupeko Jose Manuel Fuentes egon dira.