NAIZ

Pello Irazu eta Lucia Agirreren arteko solasaldia, #GuggenheimBilbaoInsights proiektuan

Guggenheim Museoak #GuggenheimBilbaoInsights ekimen digitaleko seigarren bideoa aurkeztu du. Oraingo honetan, Pello Irazuk eta Lucia Agirre arte arduradunak artista gipuzkoarraren ibilbide profesionalaz egin dute solas.

Lucia Agirre eta Pello Irazu, solasean. (NAIZ)
Lucia Agirre eta Pello Irazu, solasean. (NAIZ)

Guggenheim Museoaren #GuggenheimBilbaoInsights ekimen digitalak artearen gaineko gogoeta sustatzea du helburu eta, horretarako, museoko arte arduradunak artista ezberdinekin solasean jartzen ditu. Seigarren bideoa sareratu dute ostiral honetan eta, bertan, Lucia Agirre arte arduradunak Pello Irazu artista gipuzkoarra elkarrizketatzen du.

Irazu eta Agirreren arteko topaketa 304. aretoan izan da, izan ere, bertan izan baitzen Irazuren eta Guggenheim Museoaren arteko lehen hartu-emana, espazio horretarako berariaz sorturiko ‘Bizitza formak 304’ instalazioaren bitartez. Hartu-eman hori 2017. urtean sendotuko zen, museoak atzera begirako bat dedikatu baitzion artistari bere ibilbide profesionaleko ehundik gora pieza entzutetsu bilduz.

Bideoan, artista gipuzkoarraren ibilbide profesionalaz egin dute solas. Irazuren ibilbidea Bilbo, Londres eta New York-en egindako egonaldiek markatu dute, hiri horiek izan baitira, hain zuzen ere, bere lan askoren inspirazio-iturri.

Solasaldian zehar, giza gorputzen, objektuen, irudien eta espazioaren artean dauden hartu-emanen ondoriozko arazoetan duen interesa nabarmentzen du artistak. Bideoa, Guggenheim Museoaren web orrialdean eta sare sozialetan dago ikusgai.

Museotik aurreratu dutenez, hurrengo solasaldia maiatzean sareratuko dute eta Doris Salcedo artista eta Manuel Cirauqui arte arduraduna izango ditu protagonista.