NAIZ

Inditex eta beste marka handi batzuk salatu dituzte, uigurren bortxazko lanaz probesteagatik

Gobernuz kanpoko hainbat erakundek ehungintza sektoreko lau multinazionalen aurkako salaketa aurkeztu dute Estatu frantsesean, tartean Inditex enpresa espainiarraren kontra, ustez uigurren bortxazko lanaz baliatu eta Txinak gutxiengo horren aurka egindakoen konplize izateagatik.

Uigurren eskubideen aldeko protesta bat, Istanbulen. (Bulen KILIC/AFP)
Uigurren eskubideen aldeko protesta bat, Istanbulen. (Bulen KILIC/AFP)

Etika Etiketan kolektiboak, Europako Uigur Institutuak, Sherpa ustelkeriaren aurkako elkarteak eta uigur biktima batek aurkeztutako salaketaren arabera, Inditex, Uniqlo, Sketchers eta SMCP konpainiek beren ekoizpenaren zati bat azpikontratatu edo Ekialdeko Turkestaneko (Txinarentzat Xinjiang eskualdea) kotoia erabiltzen duten produktuak merkaturatzen dituzte. Bertan, munduko kotoiaren %20 inguru ekoizten dute, baldintza eztabaidagarrietan.

Aipatu erakundeek kereila aurkeztu dute Parisko Auzitegi Judizialaren Fiskaltzaren aurrean, eta enpresei «bortxazko lana ezkutatzea eta gizateriaren aurkako krimenak egitea» leporatu diete, eta beraien helburua da konpainiek eskualde horretan lan egiteari uztea.

ASPI Australiako erakundeak (Australian Strategic Policy Institute, bertako Gobernuak eta AEBetako Defentsa Departamentuak finantziatutakoa) 2020ko martxoan argitaratutako txosten batean oinarritzen da salaketa. Txosten horrek ohartarazten zuen uigur gutxiengo musulmaneko milaka kidek lan behartuak egiten dituztela, batez ere kotoi-soroetan.

Erakunde horren ikerketaren arabera, «derrigorrezko lana iradokitzen duten baldintzetan, uigurrak gutxienez mundu osoan ezagunak diren 82 markaren horniketa kateetan parte hartzen duten lantegietan ari dira lanean».

Fiskaltzak «datozen asteetan» ikerketa bat abiatzea espero dute, azpikontratatutako erakundeak identifikatu ahal izateko, Txinako Gobernuaren errepresio politikan duten inplikazioa argitzeko eta, ondoren, eskatutako multinazionalek prozedura horiei etekina ateratzen dietela eta saldutakoaren «delitu-jatorria» ezagutu ahal izateko.

Azken finean, «uigur herriaren esklabotzarekin duten inplikazio zuzenarekin edo zeharkakoarekin» amaitu nahi dute, Raphaël Glucksmann Place Publique alderdi ekologistako eurodiputatu frantsesak astelehen honetan azpimarratu duenez.

«Gaur egun, Zara bezalako enpresa batek, berez ezer ekoizten ez duenak, erantzukizun orotatik ihes egin dezake, giza eskubideak urratzen dituztenak azpikontratatzaileak direla argudiatuz», gaineratu du politikariak.

Txinaren aurkako ofentsiba betean

Joan den martxoan, Mendebaldeak Txinaren aurka abiatu duen ofentsiba betean, uigurren kontrako «giza eskubideen urraketa larriek» Europar Batasunaren eta Pekinen arteko zigorrak eragin zituzten. Txinako agintariek zigortutako eurodiputatuetako bat da Glucksmann.

Gobernuz kanpoko erakunde ezberdinek ohartarazi dutenez, lehen salaketa honen ondotik, datozen hilabeteetan gehiago aurkeztuko dituzte Europako beste herrialde batzuetan, Alemanian edo Herbehereetan, esaterako. 

Txinak irmoki gezurtatzen ditu aipatu adierazpenak, eta txosten partzialak direla ziurtatzen du. Dioenez, «lan-eremu» horiek, berez, «lanbide heziketako zentroak» dira, herritarrei lana emateko, estremismotik aldentzeko.

Munduan ekoizten den kotoiaren ia bostena Ekialdeko Turkestanetik dator eta lehengai horrek munduko arropa ekoizle nagusietako asko hornitzen ditu.